Igandeko zita garrantzitsuaren bezperan oraingoz lasai topatu dugu Ezkurdia, baina aurreko egunean urduritasun eta tentsio puntu hori etorriko zaizkiola esan digu arbizuarrak. “Baina orain ilusioarekin gaude, gogotsu entrenatzen eta igandea ailegatzeko gogoekin”.
Finalerdietarako sailkatzeko igandean Altsasun Bengoetxeari eta Untoriari irabaztea, ez dago besterik. “Gure aukera bakarra igandeko partida irabaztea da eta gure pentsamenduan irabaztea, ez dago besterik. Horrela, puntutara berdinduko genuke eta tanteo nahiko ona dugunez 22 eta 20 irabaziz ere uste dugu nahikoa izango genukeela finalerdietarako sailkatzeko” adierazi digu Ezkurdiak.
Barriola ongi dagoela berretsi du Arbizuko aurrelariak. “Aimarren eta Urrutikoetxearen partida oso zaila izango zela bagenekien, eta gure aukera gehienak azkeneko jardunaldian, Altsasuko partidan erabakiko zirela. Eskuz justu zegoen Abel eta aurreko astean atseden hartzea erabaki zuen, azken partidara ongi ailegatzeko. Erabaki zuzena. Asteazkenean Altsasun entrenatu genuen, entrenamendu serioa eta fuertea, ez zuen molestiarik izan eta uste dut igandean ez duela arazorik izango”.
Oinatzen eta Untoriaren kontrako partida zaila izango dela onartu du Ezkurdiak. “Pareja sendoa da. Joaneko partidan, Labriten, 22 eta 21 galdu genuen euren kontra. Partida ona izan zen, bizia eta gogorra. Zaila daukagu. Defentsa handia dute eta Oinatzek asmatzen duen egunean oso arriskutsua da. Ea nola hasten den partida. Gu abiadura ematen eta mina egiten saiatuko gara, partida serioa egiten, eta aurrean Oinatzi abiadurarekin jokatzen saiatuko gara. Ea nola hasten garen eta partidan barna sentsazioak nolakoak dira… partidan zehar ikusiko da hori” nabarmendu du Arbizuko aurrelariak.
Zaleen babesa, garrantzitsua
Etxean jokatzearekin kontentu dago arbizuarra. “Espero dugu zaleak gure alde egongo direla. Hori gure aldeko baza inportantea izango da. Babes eta indar horrekin gehiago motibatzen zara, gehiago ematen duzu, %100 baino gehiago. Batzuk ez dute etxean jokatu nahi izaten, baina ni gustura aritzen naiz. Beste motibazio bat da. Bultzatu bezala egiten dizu jendeak” azpimarratu du Ezkurdiak.
Finalerdiak eskura izanda, bertan egon nahi dute Ezkurdiak eta Barriolak. “Gure asmoa txapelketako azken uneraino bizirik ailegatzea zen, pelean egotea. Finalerdietara sailkatzea zaila zela bagenekien, oso bikote fuerteak daudelako. Hiruzpalau partidatan ez gara egindakoarekin gustura geratu, baina, bestalde, nahiko erregularrak ari gara izaten txapelketan. Finalerdietarkao partida bakarra dugu aurretik eta aukera hau aprobetxatu beharra dago. Gogo ikaragarriekin gaude, eta ea igandean gauzak ongi egiten ditugun eta partida aurrera ateratzen dugun” dio arbizuarrak. Zorte hori bera opa diogu.