Aurreko diskoa aurkezteko biran Kaotikok hiru urteetan ehun bat kontzertu eskaini zituen. “Gogorra izan zen, baina oso-oso elegantea. Oso ongi pasatu dugu”. Taldeko bateria Xabier Aldaz etxarriarraren hitzak dira. Asmo horrekin abiatu dira taldekideak oraingoan ere, Sindicato del crimen diskoa aurkeztera. Kaotikoren bederatzigarren lana (estudioko zazpi eta zuzeneko bi) otsailaren 26an aurkeztu zuten. Madrilen eta Bartzelonan promozio lanean egon ondoren, bateria-jotzaileak azken lanari buruzko argibideak eman dizikigu.
Aldazen arabera Sindicato del crimen diskoak “produkzio aldetik kriston lana dauka. Soinu ikaragarria dauka. Abestiak oso ondo landurik daude”. Taldea ezagutzen dutenek “betiko Kaotikoren ildoko kantuak opatuko ditu. Baina puntu berriak ere badaude. Lehengo diskoekin alderatuta nahiko gogorra da”.
18 kantu prestatu zituzten, haietatik bi euskaraz. “Diskoa luzeegia geldituko zelako lau kantu kanpoan gelditu dira eta euskarazko kantu bakarra du diskoak”. Kantu horren letra Eneko Lazkoz etxarriarrak egin zuen. “Xaikori eta besteri ekarpenak egin dizkie. Guk ere aukera eman nahi genion. Gainera, laguna izanda, gusturago”.
Diskoaz
Mezu zuzenak eta erritmo azkarrak jasotzen ditu lan berriak ere. “Tristea da, baina gauzak ez dira aldatu. Politikoki, sozialki… gauzak dauden bezala daude”. Horregatik, Aldazek azaldu digu letrak “oso antzekoak” direla. Haietan salaketa da nagusi. “Gauza bat bestearekin ez dago haserre” eta festa giroko letrak baditu Kaotikok. “Denetarik. Behintzat, gure inguruko gauzez aritzen gara”.
Musikan aldaketa sumatzen du Aldazek: “Mundo kaotiko aurreneko diskoa jarri eta azken hau jarri eta garapen nahiko handia ikusten da”. Garapen horretan hainbat faktorek eragina dutela esan digu etxarriarrak: “hasieran 20 urte dituzu eta musika jakin bat entzuten duzu. Eragin askotatik tiratzen duzu. Baina konposatzerakoan nortasuna hartzen zoaz eta aldatzen zoaz”. Aldazendako azken bi diskoak SA-ko Jimmy gitarrra-jotzaileak ekoiztu dituela “oso nabarmena da”. Aurreko diskoan egindako lana “asko” gustatu zitzaien; “lanean jartzeko eta gauzak egiteko beharrezko buelta erdi hori ematen digu”.
Talde lana
Taldeko kideren batek lokalera ideia bat eramaten du: “egitura pixka bat, estrofa bat eta koru bat. Denen artean lantzen hasten gara, kantuari buelta emanez”. Taldekideen okupazioak direla eta lokalean gutxiago badaude ere, etxeko lanak eginda dituztela elkartzen dira Kaotikokoak. “Kanta bukatuta dagoenean Jimmyk esku sartzen du, ekoizpenean. Kanpotik guk ikusten ez ditugunak ikusten ditu eta proposamenak egiten ditu. Eskertzen da”.
Maiatzera arte agenda nahikoa beteta du Kaotikok. Udan “lasaiago hartuko dugu” jaialdiren batean jotzeko. Eta irailetik aurrera diskoaren aurkezpen birarekin segituko du. Estatuan kontzertu asko lotuta dituzte. “Euskal Herrian asko jo dugu. Ez dugu jendea gutaz aspertzea nahi. Aurkezpenak diskoa eta taldea bera ezagutzen ez dutenei aurkezteko dira”. Kanpoan “oso ongi” hartzen dituztela esan digu Aldazek.
Kaotikok aurten 16 urte egiten ditu. Orain dela bi urtera arte kide berak izan ditu taldeak. Fontak bere proiektuak sortzeko utzi zuen (Frenetik eta Itxura grabazio estudioa) eta haren ordez Jon Morcillo baxu-jole olaztiarra sartu zen taldean (Stupenda Jones ohia). Aldazen arabera, “berehala moldatu zen”. Diskoa zuzenean defendatzen boskotea ariko da: Jhony (ahotsa), Xabi (bateria), Aguayiko (gitarra eta koroak), Aguayo (gitarra) eta Mortx (baxua eta koroak).