Sakanako Industrialdeen Inbentarioa indarrean da

Guaixe 2016ko api. 7a, 19:45

Sakanako Industrialdeen Inbentarioko datuak aplikazio informatiko batean jaso dituzte eta hura udalen esku dago. Lan horretarako Nasuinsa enpresa publikoak Nafarroako Ekonomia Jardueraren Katalogorako sarbidea erraztu du.

Sakanako Garapen Agentziak (SGA) Sakanako Plan Estrategikoan jasota dagoen Sakanako Industrialdeen Inbentarioa sortu du. Inbentarioak bi ondorio utzi ditu agerian. Batetik, industrialdeen gabezia nagusiak zein diren identifikatu dira: telekomunikazio sare falta, presio ertaineko gas horniduraren egoera, argindar horniduran arazoak eta kalitatea, argiztatze falta, zoru hondatuak, saneamendu sarean arazoak edo enpresen jarduera lizentzien kontrolari buruzko zailtasunak. Horiek zuzentzeko neurriak hartuko dituzte udalek aurrerantzean.

Bestetik, egindako lanak agerian utzi ditu Sakanan saltzeko edo alokatzeko dauden industria eremuak: hamar herrietako 23 industrialdeetan 27 pabilioi eta 10 partzela, hain zuzen ere. Sakanara enpresa berriak erakartzeko, pablioi eta partzela horien ezaugarriak ere jaso dituzte. Azken horietan interesa dutenek udalekin harremanetan jarri beharko dute. Bestalde, industrialdeen egoera zein den jakinik, inbertsioen planifikazioa lehenetsi eta haiek mantentzeko estrategia zehazteko aukera izanen dute udalek. Inbentarioan hainbat enpresen harremanetarako bidea, jarduera eta fakturazio datuak jaso dira.

Hitzarmena
Sakanako Mankomunitateak eta Nasuinsa enpresa publikoak elkarlan akordioa sinatu zuten joan den urtean. Haren bidez ibarreko industria-zoruari, azpiegiturei eta industria-jarduerei buruzko datuak partekatu dituzte Mank-ek eta Nasuinsak. Akordio horren fruitua izan da Sakanako Industrialdeen Inbentarioa. Bi erakundeek hitzarmena berritu zuen pasa den ostegunean. Jose Mari Aierdiren, Nasuinsako kudeatzailearen, Izaskun Goñiren, Nafarroako Gobernuko ekonomia politikako zuzendari nagusiaren, eta Aitor Karasatorreren, Sakanako Mankomunitateko presidentearen sinadura du akordioak. Sakanakoa etorkizunean Nafarroako beste eskualde batzutara zabalduko den esperientzia pilotua da.


Datuak
%90 enplegua
Sakanako 100 enpresen jarduera eta fakturazioa ibarreko enpleguaren %90 da.

2.075 lanpostu
Horiek galdu ziren Sakanan 2008-2013 aldian. Haietatik %69 metalurgian, metalezko produktuen fabrikazioan, eraikuntzan eta prezisiozko ekipo eta tresnen eraikuntzan galdu ziren.