Auzolana, Benigno omentzeko

Benigno omendu beharra zegoen!

Alfredo Alvaro Igoa 2016ko api. 15a, 08:10

Aitor Irigoien eta Juan Manuel Galartza, Benignoren lagunak.

1. Udazkenean utzi gintuen Benignok eta zerbait egitea pentsatu zenuten?
Aitor. Benigno beti jendea laguntzeko prest zegoen. Berak omenalditxo bat merezi zuen. Familiarekin hitz egin genuen eta egoki ikusi genuen omenaldi txiki asko egin beharrean dena egun batean zentralizatzea. Horrela egun potolo eta polit bat eginen dugu.
Juan Manuel. Bai. Merezi zuela pentsatu genuen. Eta hala ere ez dugu sekula ahaztuko. Hau egin beharra zegoen.

2. Omenaldi handi bat. Prestaketan herri askotako jendea elkartu zarete, ezta?
A. Gehienbat urdindarrak eta olaztiarrak. Baita altsasuar batzuk ere. Inguru horretan ibili da gehienbat Benigno azken urteetan. Nahiz eta Sakana guztian ibili, lan talde handiena olaztiarrek eta urdindarrek osatu dute.

3. Eta zertan ibiltzen zen urdindar eta olaztiar talde hori?
A. Betikoan, bazkariak prestatzen.
JM. Herri bazkari bat non, han zegoen Benigno. Eta Sakana guztiak Benignoren atzetik segi! Non dago Benigno? Ta hara. Benigno prest denetarako!

4. Hura itzain, aurrean, eta zuek gurdiari bultzaka?
JM. Benignok esaten zuena, guk belarria jaitsi eta kitto. Aurrera!

5. Omenaldia egin daiteke, baina zergatik auzolanean antolatuta?
A. Azken finean, Benignoren lan egiteko modua beti hori zen: auzolanean, ahalik eta herritarrena, jendearekin lan egiteko, ahalik eta zabalena. Bere filosofia segituz, auzolanean egin behar genuela pentsatu genuen.

6. Auzolan horretan zenbat jende egonen zarete parte hartzen?
A. Batzordeak egin ditugu eta astelehenetako bileretan batzorde bakoitzeko bat edo bi elkartzen gara. Lan taldeak handiagoak dira.
JM. Ehun pertsona edo gehiago ariko gara lanean bihar. Sakanako hainbat herritatik etorriko da jendea lanera.

7. Herri batean auzolan bat egitea kostatzen denarekin, eta zuek 100 pertsona elkartu dituzue!
A. Merezi zuelako.
JM. Berak horrenbesteko jenderen lana edo gehiago egiten zuen!

8. Auzolan hori bihar izanen da. Zer prestatu duzue?
A. Auzolan bat izatea nahi dugu, baina festa egun bat ere. Festa guztiak bezala, etxajuarekin hasiko gara. Txistlariak dianan arituko dira (10:00etan). Ardoa eta banatuko da, festetan bezala. Plazan ere hamaiketakoa eskainiko dugu (11:00etan). Txirrindularien ohorezko buelta izanen da (11:30). Kontuan izanda Benigno gaztetan txirrindularia izan zela, Burunda Txirrindulari Taldeak parte hartu nahi izan du. Plazan, Benignok asko estimatzen zuen txokoan, plaka txiki bat jarriko da (12:00etan). Musika egonen da egun guztian. 
JM. 600 pertsonarendako bazkari erraldoi hori izanen da gero frontoian (13:30ean haurrak eta 14:30ean helduak). Bazkaldu ondoren Urdiain Kantaitan izanen da. Haurrendako puzgarriak. Benignok beti kantu paperak zituen eta kantu liburu batzuk prestatu ditugu horregatik. Kalejiran plazara joanen gara (18:00etan). Omenaldia frontoian izanen da (20:30ean). Bokata-jatea (22:00etan) eta Dentera, Garabatos eta Txino kudeiro taldeen kontzertuak plazan. Dena nahiko lotuta dago. Etorriko den jendea, hitza emana du. Guk ere ospatuko dugu.
A. Bueltarako Jaibusa egonen da: 3:00etan eta 6:00etan.

9. Hasiera batean bostenehunendako bazkaria zen, baina seiehun esan berri duzue. Pozik?
JM. Bai, eta toki gehiago ez dugulako, bestela, berak esaten zuen moduan: mila! Mila pertsonarendako. Milarendako makina bat bazkari egin zituen!

10. Omenaldian ikus-entzunezko bat izanen da, ezta?
A. Sekretua da, pixka bat. Sorpresa izatea nahi dugu. Eta, bai, montajea egitea kosta zaigu.
JM. Gauza nahiko polita atera behar da.

11. Benigno, hitz gutxitan, nola gogoratzen duzue?
JM. Nik zer esan behar dut. Makina bat juerga utzi ditugu. Nibelaz aparte. Hori hemendik aurrera bukatu da: berarekin eguna eta tarte onak pasatzea.
A. Auzolanean. Gora herria! Mexikarrak entzuten. Berak askotan esaten zuen: ez gara onenak izanen, baina txarrenak ezta ere.