Etxarri Aranatzen independentziari buruzko herri-galdeketa egin zela bi urte bete ziren atzo. Eta aurten herri-galdeketa sustatu duten herrietako taldeetako ordezkariak, bakaikuarrak barne, egun hori eta Etxarri Aranatz aukeratu zituzten elkartzeko eta mezua zabaltzeko: “dei egiten diegu gure herritarrei parte hartu dezaten ekainean egingo ditugun galdeketetan, baita ordura arteko prozesuan ere”.
Gure Esku Dagok Etxarrin bildu zituenak esan zutenez: “erabakitzeko eskubidearen trena Euskal Herrira iritsi da. Indarrak batu behar ditugu gure etorkizuna erabakitzeko. Horregatik, gainerako herriei ere dei egiten diegu erabakiaren bidean lanean jarrai dezaten”. Bidea hasi besterik ez dela egin gaztigatu zuten eta aurtengo galdeketen eredua Euskal Herri osora zabaltzeko gonbidapena egin zuten: “abian da erabakiaren aroa. Eta gu pausoa ematera goaz”.
Saltoa
“Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da”. Hiru oinarri horiek kontuan izanik, “inoiz baino indar handiagoarekin erabakitzeko nahia eta borondatea azaleratzen ari da Euskal Herrian”. Gure Esku Dagok Eskura hausnarketa prozesua azaroan aurkeztu zuen, “aldarrikapenetatik ekintzetara, bidea irudikatzetik, bidea egitera” salto bat izan zena. “Erabakiaren aroa” hasi dela diote Gure Esku Dagon eta 2018 bitarteko bide orrian hiru urrats aurreikusi ditu: ehundu, adostu eta erabaki.
Etxarri Aranatz eta Arrankudiagako herri-galdeketen ondoren “tamaina izugarria hartu du erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak; aniztasuna oinarri, hazten ari da egunetik egunera”. Aurten Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan herri-galdeketak eginen direla nabarmendu du. “Erabakiz askatu nahi ditugu gure herriaren erabakitzeko eskubidearen korapiloak. Erabakitzeko ariketen bidez ahaldundu egin nahi dugu herritarrok. Herritarron erabaki askeak eraikiko du gure herriaren burujabetza”. Galdeketak, “ariketa demokratikoak, batu egiten gaitu; gure arteko hormak eta harresiak behin betiko gainditzen laguntzen digu, elkar hobeto ezagutzen eta gure arteko loturetan sakontzen”. Etxarrin ziurtatu zutenez, “gure herriarendako erabakitzea dela bidea etorkizun zoriontsuago eta justuago bat izateko, guk geuk eta gure ondorengoak. Horregatik, lanean hasiak gara aspalditik herri eta eskualdeetan”.