Euren burua euskalduntzeko egindako ahalegina eta euskaldun komunitatea handitzea erabakitzeagatik eskerrak eman nahi izan zizkieten larunbatean. Esker ona azaltzeko propio antolatu zuten eLe festa. Unibertsitateko graduazio baten modura aitortza jaso zuten guztien izen-abizenak zerrendatu zituzten eta jendaurrera atera ziren. Haien aurretik euskaldundu ziren beste sakandar batzuk zain zituzten. Ama- eta aita-pontekoarena egin zuten azken horiek eta haien eskutik opari bana jaso zuten omenduek. Haien artean Altsasuko bi zinegotzi daude: Mari Karmen Otaegi eta Javier Paz. Altsasuko Foru plazan egindako omenaldiak 100 bat pertsona elkartu zituen.
Omenduek euskaldunen komunitatearen beste opari bat ere jaso zuten, mintzodromoaren bidez euskaraz elkar ezagutzeko aukera. 50 bat pertsona izan ziren hizketaldi saioan parte hartu zutenak. Ordu batean lau gairen inguruan hizketatzeko aukera izan zuten, gai bakoitzarekin batera hizketa-lagunak aldatuz. Aitortza ekitaldia auzatearekin despeditu da. Jan edanak euskara gehiago praktikatzeko aitzakia eman zien.
Ikasteko eta praktikatzeko aukerak
Sakanako AEK-k, Sakanako Mintzakide programak, Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuak eta Guaixe fundazioak antolatu zuten ibarreko euskaldun berriei eta mintzakideei aitortza egiteko eLe festa. Bide batez, antolatzaileek gogorarazi nahi dute euskara ikasten dutenek Sakanako Mankomunitatearen diru-laguntza eskatzeko aukera dutela. Eskabideak garagarrilaren 1etik garilaren 29ra aurkeztu behar dira.
Bestalde, larunbatean omendutakoen eredua segitu nahi dutenek badute horretarako aukera. Irailean zabalduko da Sakanako Mintzakide programan izena emateko epea, doakoa da. Informazioa 600 482 024 telefonoan edo Itsasi euskaltegian jaso daiteke. Heldu den ikasturtean Sakanan euskara ikasi nahi duten helduendako aurrematrikulazioa gaur zabalduko du AEKk. Aukera hori baliatzen dutenek %5eko deskontua izanen dute. Sakanako AEKn ohiko matrikulazioa, bestela, irailean izanen da. 948 468 258 telefonoan edo Itsasi euskaltegian jaso daiteke informazioa. Gainera, AEK-k udarako barnetegi eskaintza zabala du.
Omenduak | Ama- edo aita-pontzekoa |
Javi Paz | Juanan Guerrero |
Jose Mª Rodriguez | Antxon Ramirez |
Ines Ormaetxea | Jounes El-Marhoum |
Mari Carmen Otaegi | Idoia Goikoetxea |
Luis Lumbreras | Javi Ziordia |
Juan Manuel Sanchez | Marian Mendoza |
Mari Gwen Davies | Cristina Romero |
Laura La Torre | Cristina Troyano |
Ana Krebs | Felix Altzelai |
Endika Etxeberria | Izaskun Perez |
Lutxi Osinaga | Jokin Huarte |
Maite Miguel | Juanki Orellana |
Fernando Iriarte | Jose Luis Ojer |
Marta Otxoaerrarte | Joxean Marquez |
Mariaje Perez | Naiara Perkaz |
Martin Zelaia | Inaxio Bergara |