Sakanako Mankomunitateak kudeatzen duen Arbizuko hondakindegian konpost pila dago. Auzo-konpostagailuen bidez egindako konposta da. Auzo-konpostagailuak erabiltzen dituzten denek ez dute baratzerik edo loreontzirik eta, horregatik, banatu ez den konposta Arbizuko hondakindegian dago. Materia organikoa atez atekoaren, auzo-konpostaren edo etxe-konpostaren bidez kudeatzen dutenak hondakindegitik pasa eta nahi duten konpost guztia eraman dezakete. Horretarako, poltsa, zaku edo gurditxoak eraman beharko dituzte. Astegunetan, 7:00etatik 14:00etara pasa daitezke interesatuak eta hango langileei konpost bila doazela esan beharko diete.
Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuko Beñat Agirre Bengoetxeak azaldu digunez, “konposta material egokia da, ongarri moduan erabili daiteke baratze eta lore-ontzietan. Lurrari bitamina eta elikagai ekarpena egiteko material oso egokia da”. Erabileraz galdetuta argitu digu baratzetan edo zuhaitzei zuzenean lurrera bota daitekeela, “lurrak berak behar duena pixkanaka-pixkanaka hartuko du”. Lore-ontzien kasuan “kontuz ibili behar dugu. Konpostak lurra dirudi, baina, benetan, askoz ere indartsuagoa da. Beraz, loreontzietan hiru lur zatiko zati bat konpost nahastu behar da, edo pixka bat gutxiago. Gehiago botaz gero posible da landarea erretzea”.
Mank-ek joan den urtean herriz herri konpost zakuak banatu zituen auzo-konposta egiten dutenen artean. “Oso harrera ona izan genuen” azaldu du Agirrek. Herri bakoitzean ordu gutxi batzuk egoten zirenez herritar guztiek ezin izan zuten konposta jasotzera pasa. Baina soberan gelditzen zitzaiena herrian bertan uzten zuten eta hala udaletxeetan jasotzeko aukera zuten. Herriz herriko banaketa lan handia aitortuta ere, Agirrek azaldu digu esperientzia aurten errepikatzea aztertzen ari direla.