Ehundik gora pertsona elkartu ziren ostiralean Koldo Zuazoren hitzaldian. Altsasuarrak ziren gehien gehienak, bakaikuarren bat eta urdiaindarren bat baldin bazeuden ere. Bataz-besteko adina 20 urte azpitik egonen zen. Eta ordu batez Zuazok esatekoak zituenak adi-adi entzun zituzten. Nondik heldu garen azaldu zuen lehenik, azpimarratuz euskara batua “kriston asmakizuna” izan zela, “ezin da galtzen utzi”.
Baina harekin dena ez dagoela konponduta gaineratu zuen. Edozein egoeratan erabiltzeko modukoa izan behar du hizkuntzak eta hor euskalkiei balioa aitortu zien. Tokiko hitzak eta egiturak erabiltzera animatu zituen gazteak. “hitz guztiak euskara batua dira, baldin eta euskal hitzak badira.” Euskalkiaren berreskurapenean gazteez aparte gainontzeko euskaldunak eta euskaraz lan egiten dutenek parte hartu behar dutela gaztigatu zuen. Zuazok nabarmendu zuenez, “herriko euskarak balio du, gure nortasuna da”. Euskalkiei etorkizunean leku garrantzitsua aitortu zien Zuazok, “hortik aterako da euskara aurrera. Hortik esapideak edo beste atera behar dira. Dugun euskara txarra bada, hobetu egin behar da”. Euskalkia berreskuratzea “ez da zaila, ezta ezinezkoa”.
Prozesua luzea ez dela izan behar gaineratu zuen. “Pentsatu eta egin”. Aldi berean, Zuazok euskalkia irakurtzearen eta ikustearen garrantzia nabarmendu zuen, “begietatik sartzeko”. Hizkera Burundan berreskuratzeko aholkatu zuen, sei herrietan dinamika sortzeko. “Euskal Herriko, eta munduko, euskararik bereziena da Burundakoa. Nafarroako, Gipuzkoako eta Arabako gauzak dituelako. Ezin duzue galtzen utzi”. Bukatu zen hitzaldia eta Zuazok idatzitako Sakanako euskara. Burundako hizkera liburuaren hiru liburu kaxa hutsik gelditu ziren. Oparia eraman zuten etxera. Baita berak idatzitako Nola uztartu Sakanako hizkerak eta euskara batua liburuxka ere (Altsasuko Udalak eta Guaixe Fundazioak argitaratua).