Sakanako Mankomunitateko Inmigrazio Zerbitzuak joan den urtean martxan jarri zuen migrazio eta migratzaileen inguruko aurreiritzi, estereotipo eta zurrumurruei aurre egiteko. Horretarako lau balio sustatu zituen sakandarren artean: aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminaziorik eza. Kanpainak harrera ona izan zuen eta ibilbidea duela iritzita, Immigrazio Zerbitzuak mezu hori zabaltzen eta osatzen segitzea erabaki du.
Kanpaina festa giroan garatuko da aurten ere, “baikorrago, abegikorrago aurkitzen garenez (kanpotik datozenak onartzeko, gurearengatik desberdina dena onartzeko), une egokitzat jotzen dugu jai giroan hastea kanpaina. Izan ere, denok gozatuko dugu zenbat eta errespetu gehiagoz jokatu, zenbat eta berdintasun gehiago izan, gure portaerek zenbat eta diskriminazio eza gehiago izan eta aniztasunari bihotza zenbat eta gehiago zabaldu orduan eta kabida eta gozamen gehiago denondako.
Joan den urtean bezala, aurten ere txupinazo garaian udaletxeetan zintzilik izanen da Aniztasun kanpainaren logotipoa den bihotza. Suziria botako dutenek ere irudi hori duten kamixetak jantziak izanen dituzte eta herrietako festa egitarauetan ikurra ikusgai izanen da. Horrekin batera, aurtengo berrikuntza da Sakanako hainbat esparru eta jatorri anitzetako pertsona ezagunekin kartelak egin direla. Guztiek ere kanpainako lau baloreen alde egitera deituz. Udan zehar hiru kartel ez berdin eta haietan hainbat aurpegi ezagun ikusteko aukera izanen da. Aldi berean, aurpegi horiek zabaltzen duten mezua pankarta batean ere izanen da, txupinazoz txupinaz. Azkenik, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak kanpainarako bideoa grabatu dute, Mank-en webgunean ikusgai dagoena eta sare sozialenbidez zabalduko dena.
Festetan sakandar guztiek kanpainako lau balioekin bat egiteko aukera izanen dute. Batetik, 5 eurotan kamixeta erosiz edo leloarekin argazkia eginez eta zerbitzura bidaliz. Zestau sakandar guztiak, harrera gizartea eta etorkinak aniztasunaren kudeaketan dugun egitekoari heltzeko deia egin du.
Zergatia
Zerbitzuko teknikari Bego Zestau Baraibarrek adierazi duenez, “gero eta gizarte anitzagoan bizi gara eta etorkizuna ere hala dator, anitza. Etorkizuna modu baikorrean kudeatzeko, maite ditugun lau balore horiek, gureak ditugunak, sakandar guztien bihotzetara iristea nahi dugu.” Kanpainaren helburua migrazio eta etorkinen inguruan jatorri, egoera juridiko-administratibo, sinismen, ohitura, kultura, erlijio, hizkuntza ezberdinetako sakandarrak hausnarketara gonbidatzea da. Barrura begiratzeko eta erabiltzen dugun hizkeraren inguruan hausnartzeko. “Esaterako, beltza hitza negatiboarekin lotzen dugu. Ohartu ondoren, gure jarrera aldatuz, pertsona orori dagokion berezko duintasuna ez mintzeko”.
Logotipoa
Maite ditut aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminaziorik eza. Horixe adierazten du kanpainako irudiak. “Han daramatzagu eta gure bihotzetik, gure barrenetik kanpora ateratzen dira, indarrez. Horregatik daude kolore biziekin; gogo betez, alaia eta baikor, aniztasuna kudeatzeko. Hondoa beltza du Sakanan larruazal beltza eta iluna duten pertsonak ere bizi direlako”.