Preso adina gazte Hego Euskal Herriko eraikin publikoetan kateatu ziren euskal presoen eta iheslarien aldeko ekintza batean abenduaren 30ean. Nafarroan Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzan 37 gazte nafar kateatu ziren, haietatik 10 sakandarrak. Mozal legea aplikatuta protesta egin zutenei 600na euroko isun bana iritsi zaie, 22.000 euro guztira. Gazte sakandarrek 6.000 euro isuna jaso dute.
Gazteek Mozal legea ez dutela onartzen adierazi dute. Horregatik, “ekimen honen aurkako eraso honi aurre egiteko eta etorkizunean egin daitezkeen ekimen desobedienteei babesa emateko dinamika abiaraziko dugu”. Gazteek azaldu dutenez, “edozein ekimen desobediente aurrera eramaten den bakoitzean estatu errepresioaren aldetik erantzuna ematen da. Sakanan herri mugimendua blokeatzeko milaka euroko isunak pilatu dira”. Altsasun soilik azken urteetan 28.000 euro izan direla nabarmendu zuten.
Estatuak “errepresio estrategia mantendu eta findu” duela adierazi zuten eta Mozal legea hor kokatu zuten. “Errepresioa isunen bidez ematen da. Ez da ageriko errepresioa, baina errepresioaren helburuak lortzen ditu, status quoa zalantzan jartzen duen edozein mugimendu jazartzea”. Legeak ezartzen dituen isun horiek “adierazpen askatasuna eta iraultzeko eskubidea dirudunen eskubide bilakatzen ditu”. Gazteek denek “kezkak aldarrikatzeko eskubidea” aldarrikatu zituzten, eta ziurtatu zuten “eskubide sozial eta politikoen urraketa berria” ematen ari dela. “Isun indibidualak badira ere, erasoa kolektiboa da eta erantzuna kolektiboa izan behar du.”
Diru ekarpenak egiteko kontu korrontea
ES67 3008 0014 2133 8075 1119