Bi altsasuarrek eta ziordiar batek osatzen dute Unnamables (aipa-ezina ingelesez): Kikek (gitarra), Markek (baxua, gitarra elektrikoa, gitarra akustikoa, steel gitar) eta Mariok (bateria). Haien kasuan gitarraz, baxuaz eta bateriaz osatutako hiruko klasikoa malgua da. Pieza batean baino gehiagotan Markek gitarren bat hartzen baitu esku artean. Kikek azaldu duenez, “gurea ez dago inolako formari lotuta. Arima, besterik ez da”. Hari segika arnas luzeko kantuak sortzen dituzte, bolumen betean.
Sokazko instrumentuak bai baina bateria oso presente dago hirukoaren musikan. Bateria ohiko sekzio erritmikoaz aparte, nortasun propioa duen instrumentua da taldean. Soken pareko protagonismoa du. Eta Mark-ek aitortu duenez, “Marioren ordez beste pertsona bat balego, ezer ez litzateke berdina izanen”. Kikek bateria-jolearen egokitzapen gaitasuna nabarmendu du. Haien entsegu lokalekoak kontzertuen pare dira, zuzenean jotzeko gogo bizia baitute. Bi emanaldiren bezperan hartu ditugu. Haiena hainbat estiloren “zepelina” dela aurreratu digu Mariok. Marken iritziz, “aipa-ezina”.
Sorrera, eta jarrera
Unnamables joan den urteko azaroan sortu zen. Mark eta Mario lokalean saltseatzen zeuden ordurako. Mariok “betidanik” ezagutzen zuen Kike, “Sakanako musikari handia”. Hirugarren kide baten bila zeuden eta Kikerengana jo zuten. Elkarrekin arituak ziren Gamesa lantegiko itxierakoan protestarako sortu zuten taldean. Mariok esana: “jotzeko gose handiz zegoen”. Hirurak elkartu eta “inolako aurreikuspenik gabe: joko dugu? Bluesa edo edozer gauza joko dugu? Horrela, abiatu ginen”. Marioren ustez hirukoak duen arima “aparta” da.
Eskarmentu handiko hiru musikari elkartu dira. Mario “esperimentuetan”, Bilboko metal taldeetan, Anarco, Etxarriko Burnirekin, Altsasuko Madness izan zen lehen taldea, jendearekin saltseatzen… Altsasun talde egonkorra izatea kostatzen zen. Jendea ilusioz hasten da, baina behera egiten du. Ilusioak norberak duen musika gogorako arimaren araberakoa da”.
Kikek urteak ditu musika egiten; “egia esan, jendaurrean jotzeari utzia nion. Baina jende hau opatu dut eta berriro jaio naiz”. Aurrekoaz “ez dut zer kontatu. Orain ongi nago, benetan. Mariok esan duen moduan, aparta, paregabea da. Bakarrik ateratzen da, ez zaio ezer esan behar. Berez ateratzen denean ez dago ezer kontatu beharrik. Jotzeko gogo handia duten hiru pertsona gara; formak, baita edukiak ere, ez zaigu inporta. Berdin dio. Bizi dugun unea adieraztea da forma. Niretako paregabea da, sekula ez zitzaidan gertatu”.
Jo ta jo
Entsegu lokalera iritsi eta “asko” inprobisatzen dutela ziurtatu du Kikek. “Gure kantuak jotzen ditugu; inoiz ez dira berdinak. Haiek asko joz gero moldatu egiten ditugu, musika unea, oraina dela pentsatzen dugulako. Zuk hori errespetatuz gero, berez sortzen da. Benetan une hori nahi baduzu, une hori atera egiten da”.
Horretarako, eskarmentua beharrezkoa ote den galdetu eta Kikek dioenez, “badirudi badugula”. Ziurtatu duenez, taldean Mark kide garrantzitsua da: “taldeko anglosaxoiar erroa da. Taldea erro horrekin, badirudi etengabeko berritasuna dela; eta, aldi berean, soiltasuna”. Hala ere, ziurtatu duenez, “ez da eskarmentu handirik behar, guztia ematea eta egiten ari den horretan lan egitea besterik ez da behar. Nik uste dut nire bizitzan ez dudala hainbeste jo, ezta lehen jotzen nuenean ere. Jo. Jotzea. Zerbait jotzen duzula sentitzea”.
Mario “jenio” bat dela errepikatu du Kikek: “sinestezina da zein moldakorra den; zein gauza egin ditzakeen. Zeren bateria jotzeaz aparte, gitarra jotzen du, kantatzeko eta beste gauza askotarako gai da: grabatzea, soinuaz daki… Sinestezina. Izan dugun ezaguera laburra, bizia eta emankorra izan da”. Gamesako garaiak gogora ekarri ditu: “kantu zerrenda adostu… nik ez nuen entseatzen. Enpresa batzordean gora eta behera nenbilen. Haiek prestatu eta telefonoz pasatzen zidaten. Sinestezina izan zen. Orduan jabetu nintzen nik estilo bat edo bestea jo Mario beti han zegoela. Aurkikuntza izan zen”.
Kikerekin edonora joan daitekeela dio Mariok: “eskola eta arte guztia du. “Duendea” du. Musiko onak ezagutu ditut, baina Kikek sendotasuna eta bide sinestezina ematen dizu. Honekin edonora. Laguntasun handia sortzen du. Nik esaten dut andregaiak baino okerragoak garela, hirurak andregaiak dirudigulako”. Musikari handia dela dela aitortu du; “kantuen eraikuntza, eskarmentua… sinestezina. Azaltzen den zaila da”.
Sormenaz
Kantuak jotzen hasiz sortzen dituzte. Horretan, Mariok hiruen berezitasuna aipatzen du: “jotzean ez dugu pentsatzen, sentitu egiten dugu. Sentipen horretatik sortzen dira kantak. Dugun egunaren arabera ere. Dena sentipen batekin hasten da”. Markek argitu du aurretik jo behar dutenaz ez dutela hitz egiten, “unean sortzen dena da”. Kike, laburbilduz: “inprobisazioa sortzen da eta, akaberan, bidea sortzen du eta zerbaitean bihurtzen da, edo ez. Baina bidea egiten badu eta zerbaitean bihurtzen bada, inprobisazio hori Unnamables-tu dugu. Berdin esaten dugu. Eta berdin esaten dugunez, “aipa-ezina” da”. Aitortu duenez, “dagoeneko ez dago ezer originalik, baina zurera erakartzen duzu eta agian ez duzu ezta ezagutzen ere. Picassoren gorria ez da Velazquezen gorria!”
Etxetik doinu edo oinarri batzuk eraman izana eta haien gainean inprobisatzea, “noizean behin” gertatu izan zaie. Hala ere, Kikek berretsi duenez, “guretako garrantzitsua da une bakoitzean sortu beharrekoa sortzea. Egunen batean ez dugu ezer esan beharko. Musika tresna hartu, hasi eta etor dadila etorri beharrekoa. Unea Unnamables-ten dugu”. Mark-ek “gozatzea” aipatu du.
Letrez galdetuta, “sentitzen duten zerbait” izan behar dutela nabarmendu du Markek. Kikek gaineratu dunez, “letrarekin zerbait egiten badugu, definituko gaituen zerbait izanen da”. Eta Mariok errematea: “musika ere kantatzeko eta kontatzeko modua da. Ez du letrarik baina sentimendua du, beraz, zerbait adierazten du. Neurri batean, horregatik dago instrumental asko. Arima asko”. Kantatzen diotenean, hala ere, “bizitzari” kantatzen diote. Gaur egun hamar kanta dituzte.
Kontzertuez
Ziordia, Altsasu, Gasteiz, Villatuerta, Lizarra, Barakaldo, Iruña… Ingalaterrarako aukera sortu zitzaien eta joatekotan izan ziren. Inora joateko arazorik ez dute. Zortzi kontzertu eskaini dituzte eta publiko gutxi izan dutela aitortu dute. “Baina guk ez dugu publiko gutxi edo asko dagoen ikusten. Berdin dio”. Emanaldietan gozatzen ikusten zaie. Kikek dioenez, “nik une hori partekatzeko baliatzen dut. Bakarren batek nahi badu, nik partekatzen dut”. Orain arte tabernetan jo izan zuten, Gasteizko Alde Zaharreko festetan salbu, kalean egin zutela. “Oso esperientzia ona izan zen. Onena. Oso gustura egon ginen”.
Aurreneko kontzertuaz, Ziordikoaz ere oso oroitzapen ona dute. Kikek ziurtatu digunez, emanaldi hartan gorpuztu zen taldea: “ Mark-en “etxean” geunden eta nahi izan genuena egin genuen soinuarekin eta bolumenarekin. Bukatzean, esan genuen: baina zer gertatu da hemen!” Marioren iritziz “kontzertu onena izan ez bada, onenetako bat izan zen”. Kikek zergatia azaldu duenez, “musikari dedikazio handiz” aritu ziren; “oso integratzailea eta, aldi berean, azalpenezkoa. Jabetu ginen halakorik ez zela hemen sekula jo”. Markek gogoan du orduan bost kantu zituztela eta gainontzekoa inprobisazioa izan zela. Haren ondoren lokalean sormen jarioa etengabea izan da, “gozatzea izan da. Segi dezala efektuak”.
Bolumen handian eskaintzen dituzte emanaldiak. “Entseatzean ere horrela da. Bolumen hori kentzen badugu eta beste zerbait egiten badugu, guretako ez da egiten ari garena. Bolumenak jotzen duguna barnebiltzen du”.
Ezer grabatzeko asmorik duten galdetuta, Mariok esan digu kantu batzuk bukatuta dituztela, “erakutsi ahal izateko fintzeko gogoa ematen du”. Baina Markek azpimarratu duen moduan, “garrantzitsuagoa zuzenean jotzea da”. Izan ere, jendeak gauzak eskatzen dizkiete. Grabazioan eta taldearen gainerako martxan ahal duten guztia autogestionatu nahi dute.
Izenaz
Aurreneko kontzertua Ziordiko gaztetxean eman zuten, Santa Luzia egunean. Kartelean izenen abt jarri behar eta ez zuten opatzen, ez zekiten. Mariok: “izenik ez du, izenik ez du… aipa-ezina. Beste ahoskera bat bilatzen genuen eta Mark eta ingelesarekin Unnamables”. Hizkuntzaren zolitasunari aipamena egin dio Kikek: “ez da izenik gabekoak. Aipa-ezinak beste gauza bat da”. Eta Samuel Beckett-en izenburu bereko antzezlana ekarri du gogora: “egileak gu guztiok bizitzako elbarri gisa ikusten gaitu. Guztiok gara elbarriak. Marki aipatu nion hau guztia. Ni nahikoa ezkorra naiz. Hauek ni baino baikorragoak dira. Horrek asko laguntzen nau”.
Audioa: Unnamables taldeak martxoaren 26an Altsasuko Lurrazpi tabernan eman zuen kontzertuaren akaberan jotako inprobisazioa.