Sakanako Garapen Agentziak (Aitor Karasatorre Mugurutza) eta Sakanako Enpresarien Elkarteak (Francisco Lopez de Alda Arrese) elkarlan akordioa sinatu zuten ostiralean. Bi erakundeak elkarlanean ari dira. Baina akordioak zegoen harremanari itxura eman eta “lanak aurrera ateratzea bermatuko du”. Arbizuko Utzubar industrialdean dagoen Utzugane zentroan daude Sakanako Garapen Agentzia (SGA), Cederna-Garalur eta Sakanako Enpresarien Elkartea (SEE). Hiru erakundeak elkarlanean aritzen dira. SGAko Iker Manterolak azaldu digunez, SEErekin sinatutako hitzarmena “zerbitzu hobea eskaintzeko antolakuntza hobetzeko bidea da” ostiralean bi aldeek sinatutako akordioa. Aurki antzeko akordioa sinatuko du SGAk Garalurrekin.
Manterolak azpimarratu du Utzuganen aterpea duten hiru ekonomia eragileen arteko lanen banaketa oso argia dela euren artean. Baina, “jende askok bakoitzak zein zerbitzu eskaintzen dituen argi ez zuela ikusten genuen”. Horregatik, Utzuganeko web orria prestatzen ari dira. Hartan “eragile bakoitzak eskaintzen dituen zerbitzuak azalduko dira”. Hala, beharren bat duten pertsonek nora jo argi eta garbi izanen dute. Bestelako euskarririk behar izanen den ere aztertuko dute.
Aurrera eramanen direnak
SEE eta SGA hiru arlotan ariko dira elkarlanean. Prestakuntza arloan enpresen kudeaketa hobetzeko bi ikastaro diseinatu, antolatu eta eginen dituzte. Ikastaro horiek 50 langile baino gutxiago dituzten industriako enpresei zuzenduta egonen dira eta 20 bat ordutako iraupena izanen dute.
Enpresen lehiakortasuna hobetzeko bi neurri aurreikusi dituzte. Alde batetik, industriako enpresen teknologia gaitasunari (makineria, prozesua, irismena…), produktuei eta eskaintzen dituzten zerbitzuei buruzko inkesta diseinatzea. Diseinuaren ondoren bi erakundeek behin betiko inkesta adostu eta SEEko kideen artean informazio bilketa pilotua eginen dute elkartekoek. Bestetik, industria enpresek dituzten beharrak atzemateko inkesta diseinatuko dute eta aukeren eta mehatxuen analisia osatuko dute.
Bi erakundeek bat eginen duten azken lan arloa erakunde publikoan eta enpresa ehunaren arteko elkarlana hobetzea eta sinergiak sortzea izanen da. Horretarako bi ekimen sustatuko dituzte. Lehenik, industria enpresekin haien eta Altsasuko Lanbide Heziketa ikastetxearen arteko sinergien analisia eta elkarlan proposamenak egitea. Bigarrenik, ibarreko enpresen eta erakundeen (udalak, mankomunitatea eta Nafarroako Gobernua) arteko arazoak identifikatuko eta azalduko duen agiri zehatza idaztea. Udal esparruan ekonomia sustapena hobetzeko proposamenak ere zerrendatuko dituzte.
Sakanako Plan Estrategikoa (SPE)
Hura diruz hornitzeko akordioa udaberri akaberan sinatu zen, eta ordutik hura garatzeko SGAren lantaldea bi langiletakoa izatetik seikoa izatera pasa da. Udan ez dute atsedenik hartuko. Langile berriak planaren mamia barneratzen ari dira. Manterolak gaztigatu duenez, “horrelakoetan emaitza ikusgarriak oso epe luzera izaten dira. Egunerokotasunean emaitza txikiak lortzen dira. Hau ez da ezer diote batzuek. Baina jarri gaitezen duela lau urteko egoeran… Elkarlanerako zer giro zegoen? Orain SPE puntu komunak adostuta ditugu eta elkarlanerako giro bat sortu da”. Horregatik, “oso balorazio positiboa” egin du Manterolak.