Landa artea Aralarren

Guaixe 2016ko ira. 4a, 12:35

Landa artea: naturak emandako materialekin (eroritako adarrak eta enborrak, harriak) naturan bertan egindako arte eskuhartzea da. Horrela laburbildu daiteke landa artea dena. Natura kaltetu dezakeen inolako materialik ezin da erabili. Sokak eta gutxi gehiago erabil daitezke. Cristina eta Marta Diego ahizpa altsasuarrek Landa Arte ikastaroa antolatu zuten joan den astean, astelehenetik ostegunera. Martak esan digunez, “guztiz liluratuta” bukatu du ikastaroa, “denagatik: lana, jendea…” Ikastaroaren antolakuntzak lan handia eskatu die (baimenak, materialak…), “baina, bukatu ondoren, merezi du! Parte-hartzaileek esker ona azaldu digute. Pozgarria da hori ere.”

Orain natura beste begi batzuekin ikusten dutela aitortu digu; “gauzak ikusten hasten zara, lanetarako aukerak. Batzuk dagoeneko hasi dira.” Parte-hartzaile gehienak lore-saltzaileak ziren eta “dekoraziorako joera dugu. Ikastaroak erakutsi digu landa artea ez dela dekorazioa. Desberdina da. Bestelako teknikak ikasi eta bestelako sentipenak jaso dituzte.” Ikasitakoa erakusleihoan aplikatzeko edo ideiak sortzeko balio diela aitortu du Martak, “ez da erraza, baina balio dezake”. Hurrengoa ere buruan dute. Martak: “ikastaroa baino gehiago dakigunon topaketa litzateke, Urbasan edo San Pedron agian.”

Prozesua
Lehenik, parte-hartzaileetako batzuen ostatu zen Irañetako Baltegi landetxean teoria eman zien Jordi Pascualek, lore-arteko irakasleak, landa artea zer den eta nola lantzen den azaldu zuen. Aurreneko eguna horretan eman zuten. Hura bukatu eta praktikan jartzeko irrikitan zeudenez, astelehenen arratsaldean bertan Aralarrera igo ziren. Guardetxearen eta Albi zelaiaren inguruan Pascualek “natura sentitzeko, hartan murgiltzeko, eta horrela naturak esaten ziguna jasotzeko. Horren arabera, bakoitzak betetzen gintuen eta gustatzen zitzaigun espazio bana aukeratu genuen.” Marta Diegoren azalpenak dira, Cristina ahizparekin ikastaroa antolatu duena.

Bakoitzak toki bat aukeratu zuen. Baina izan zen toki bera gogoko zutenak eta elkarrekin lan egitea erabaki zuten. Behin tokia aukeratuta tokiaren eta zuten ideiaren zirriborro bana egin zuten. Martak bere lanaren adibidea jarri digu: “toki batean ildo moduko bat eta zulo bat ikusi nuen. Zuloak ildoak eraman zezakeen ur guztia tragatzen ari zela iruditu zitzaidan.” Gauza bera sentitu zuen Karmele Yeregik. Elkarlanean zirriborroa egin zuten. Lurrak zurrupatuko zuen adarrez eta enborrez egindako espirala egin zuten. “Zulo barrura doan indar hori eman nahian enborrak jarri eta jarri aritu ginen, baina ez genuen nahi genuen sentsazioa lortzen.” Irakaslearen aholkuei jarraituz, “makila gutxiagorekin sentsazioa askoz hobe lortzen zela ikusi genuen.” Horrela sortu zuten Del infinito al infinito obra, “ur korrontea urrutitik heldu da, pareta bat zulo batetik zeharkatu ondoren, zulora doa; baina ez dakigu nora.”

Horrekin batera, Albiko zelaian beste bi lan ikus daitezke. Marga Garraldak botatako plastiko pila ikusi zituen eta horrek sortutako egonezak makila lehorrak lurrean sartzera eraman zuen, erdian harri bat zintzilikatuta. “Horrela segituz gero zuhaitzak horrela bukatuko dute. Heriotza sentsazioa” eman nahi izan zuela azaldu digu Martak. Mad Max izena du obrak. Aralarren asteburuan orientazio proba egin behar zenez, antolakuntzak dominak jartzeko zerbait egitea eskatu zieten. Enbor batzuekin eta domina moduan moztutako enbor zatiekin osatu zuten hura.

Ikastaroan egindako gainontzeko hiru lanak guardetxe inguruan egin ziren. Bi zuhaitzen artean enborrak jarrita Horma lana sortu zuen Eguzki Lopetegi lakuntzarrak, lerro zuzenekin lan egin zuen. Aurreragoko toki batean zuhaitzei zainak falta zitzaiela sentitu zuten Tere Rocak eta Cristina Ruizek eta adarrekin zuhaitzen zainak sortu zituzten “Lurra kendu dutela eta benetako zainak direla dirudi.” Lanak Sustraiak izenburua du.

Guardetxe inguruan dagoen harresia baliatuta ondoan dagoen trikuharriaren mundu magikora sarbidea egin nahi izan zuten. Arku modukoa da Atea obra, Cristina Diegok, Marian Larrayozek eta Arantza Ibañezek osatu zutena. Ondoan dagoen trikuharriaren mundu magikora sarbidea izan nahi du. Obra guztiak behin-behinekoak dira, eguraldiak eta jendeak haiekiko duen errespetuaren arabera gehiago edo gutxiago iraunen baitute.

Parte-hartzaileak
Karmele Yeregi (Iruña), Marga Garralda (Burlata), Cristina eta Marta Diego (Altsasu), Arantza Ibañez (Logroño), Marian Larraioz, Tere Roca eta Cristina Ruiz (Bartzelona) eta Eguzki Lopetegi (Lakuntza). Azken hori lorezaintza eta baso diseinua ikasketak egin ditu. Gainontzekoak lorezaintzan aritzen dira.

Erlazionatuak

Mendia arte bihurtuz

Erkuden Ruiz Barroso 2016 uzt 08 Altsasu