Urbasa-Andia, eguzkiak erreta

Guaixe 2016ko ira. 9a, 08:36

“Badaramagu ia bi hilabete fundamentuzko euririk egin gabe. Eta egunetik egunera dena lehortzen dela nabari da”. Javier Saez de Jauregiren, Artazako artzainaren eta Urbasa-Andiako Larreen Batzordeko presidentearen hitzak dira. Izan ere, mendiko saroietako belarra horituta, erreta, dago. Hainbat pagaditan orbela pilatzen hasi da.

“Dena lehortu da eta, batez ere, lur gutxi dagoen tokietan asko nabarituko da; euria laister egiten badu ere.” Saez de Jauregik joan den urteko adibidea jarri digu: “ez zen guztiz lehortu. Lehortzen ez den bitartean belarra birsortu egiten da. Hiltzean belarra hazitik sortu behar da. Eta nahiz eta hurrengo egunetan eguraldi hobea egin oso belar gutxi izanen dugu.” Argitu digunez, saroietan belarrik ez badago ere, “inguruan dago, pixka bat hezeago dagoen pagoen eta elordien azpian. Itzal pixka bat dagoen tokietan dago belarra, lehorra, baina belarra.”  

Uraz galdetuta, Saez de Jauregik esan digunez, Urbasa-Andian ur puntuen “sare nahiko ona dugu. Zenbait lekutan ez dute urik. Gehienetan, oraindik, ura dago, zorionez.” Gogoratu du Larreen Batzordea “urteak eta urteak daramala administrazioarekin lan egiten”.  



Aziendaz
Mendian belar “oso-oso gutxi” dagoenez, abeltzainak “negurako duten pentsua abereei ematen ari da.” Larreen Batzordeko buruak azaldu digunez, “ernaldu gabe dauden ardi eta behorrak agian eutsiko diote, baina, bestela, zerbait eman behar zaie.”

Abeltzainek “behi gehienak menditik herrietara eta larreetara” jaitsi dituztela jakinarazi digu Saez de Jauregik. Behorrei dagokienez, “ez da berdin hazten ari direnak, pottoekin daudenak, edo antzu gelditu direnak. Zenbat eta potto gazteagoa izan behorrak esne gehiago eman behar du. Beraz, elikagai gehiago behar ditu.” Ardiekin gauza bera gertatzen dela azaldu digu: “goiz, udazkenean erdituko direnak ongi jan behar dute eta ongi egon behar dute. Horiei elikadura osagarria eman behar zaie.”

Abereak menditik jaistea merezi ote duen galdetuta, Saez de Jauregik bi gai aipatu dizkigu: “batetik, oraindik irailean gaude. Aste bat barru euria eginen balu, egoera pixka bat konpondu liteke. Bestetik, fagatxi asko dago. Zenbait lekutan hori ere aurreratzen ari da, pagoak hostoak eta haziak botatzen ari dira. Zerbait galdu bada ere, fagatxia hor dago. Asko egonen da eta hori oso ona da, ardiendako batez ere.”



Nafarroako Gobernuari
Foru administrazioarekiko harremanetan, bi gai aipatu dizkigu Larreen Batzordeko buruak. “Bata, bazka da. Ezin dugu gehiegi egin. Larre azalera handitu daiteke, garbiketak eginez. Dena sasiz betetzen ari da. Gero eta karga gutxiago dago. Suarekin arriskuak handitzen dira.” Bigarrena, uraren gaia da. “Gobernuaren ardura da eta gu, haiekin batera, saiatzen ari gara, baina zenbait lekutan urik gabe gaude eta hori konpondu behar da. Horretan ari gara.” Saez de Jauregik zehaztu digunez, “zenbait tokitan ura dago baina hura gordetzeko tokia oso txikia da, beraz, aurten lehortu da.” Zenbait baltsa handitu edota inpermeabilizatu behar direla nabarmendu digu, “bestela ura bukatzen da”. Urbasa-Andian ur puntuak jartzeko programa bat dute eta “poliki-poliki gauzak egiten ari dira. Gure ustez azkarrago egin beharko litzateke, baina ez dago dirurik”. Larreen Batzordeak eskaera bat baino gehiago egin ditu. Haietako bat da urik ez duten Urbasa-Andiako tokiak legegintzaldi honetan “konpondu” egin behar direla, “horretan ari gara.”