Makina bat udal ordezkari eta zenbait eragileren ordezkariak bildu ziren asteazkenean Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan. Sakanako Garapen Agentziak (SGA) deitu zituen, hark Guifinet fundazioarekin batera ibarrerako irrati bidezko Internet sarearen proposamenaren berri emateko. Jakinarazi zutenez, tarteko konponbidea da hiru hilabete barru martxan jarriko dena, azken helburua ibarrean barna herri-zuntz optiko sareak zabaltzea baita. SGAk proposamena telekomunikazioarekin zerikusia duten arloetan (antena-jartzaile, elektrizitatea, informatika…) lanpostua sortu edo finkatzeko aukera gisa ikusten du.
Asteazken goizean bertan, bai SGAko bai Guifineteko ordezkariak Nafarroako Gobernukoeekin sei orduz bilduta egon ziren. Sakanako proposamenak Nafarroako Telekomunikazio Plan berriarekin nola txertatzen diren eta zein finantziazio bide izan ditzakeen argitzen.
Iker Manterola
Sakanako Garapen Agentzia
Sakanan gaur egun nola dago telekomunikazio arloa?
Nafarroa guztian bezala. Nahiko ongi hornituta dauden Iruñea eta Erribera aldea kenduta, nahiko gaizki. Gure proposamena lantzen hasi ginenean, justu Nafarroako Gobernuak herrialderako telekomunikazioen plan estrategikoa abian jarri zuen. Haien diagnosia gurearekin bat dator, bi eskualde horiek kenduta hutsune nabarmenak daude. Gainera, Europatik 2020rako heldu diren telekomunikazio helburuetatik oso urrun gaude.
Bai herri, bai enpresa baita bestelako eragileen aldetik benetako beharrak ikusten ziren. Gaur egun indarrean diren operadore handien aldetik behar horiek asetzeko epe ertainera inolako irtenbiderik ikusten ez zenez, guk proposamena egiteko bidea egin dugu.
Nahiko gaizki. Zer esan nahi du?
Denok ulertzeko moduko adibide bat jartzeagatik: Sakanako enpresa batek esan digu 2 MBko artxiboa (argazki bat, plano txar bat) duen e-posta mezua bidaltzeko arazoak dituela. Etxetik kostatzea, baina enpresa bati ez. Hortik lan egin behar du. Gainera, kontutan hartuta industria 4.0 deitzen zaion hori telekomunikazioan oinarritutako industria bat izanen dela, etorkizun ertainean heldu den horretarako gure enpresek prest egon behar dute. Baldintza horiek jartzeko gaur bertan lanean hasi behar dugu.
Enpresek lehiakortasuna galdu eta sakandarrek, orokorrean, munduarekin lotura, ez?
Bai. Europan zera ari dira esaten: landa eremuek biztanleak bertan finkatzeko izan dezaketen desabantaila bat telekomunikazioen gabezia izan daiteke. Puntu nagusietako bat. Eta ekonomia gero eta gehiago digitalizatzen doa. Landa eremuetan jarduera ekonomikoa sortzeko aukera berriak irekitzen dira. Jakina, digitalizazio horretarako sarbiderik ez badugu, hortik kanpo geratuko ginateke.
Proposamenarekin hori zuzendu nahi duzue.
Mahai gainean proposamen zehatz egingarri bat jarri dugu. (Asteazken goizean) Nafarroako Telekomunikazio Zuzendari Orokorrarekin eta Nasertic enpresa publikoko ordezkariekin bilduta egon gara. Egin nahi duguna, haiek egin nahi dituztenekin kontrastatzeko eta nolabaiteko elkarlan bat abian jartzeko bilera izan da. Plan estrategikoa abian jarri zutenetik haiekin elkarrizketak eta bilerak izaten ari gara. Baina proposamen zehatz hau aurrera nola eraman eta zein finantziazio izan dezakeen aztertzen aritu gara.
Europak ezartzen dituen konexio helburuetarako tresna zuntz optikoa da. Baina horrek ez du kentzen helburu horietara iritsi bitartean, Internet behar denez, irrati-frekuentzia bitartez, wifi bidezko lotura ematea.
Zuntz optikoa iritsi bitartean, irrati bidezko Interneta, beraz.
Behintzat aukera hori ematea gure gutxieneko konexio behar horiek asetzeko. Beti ere, ekonomia eta kalitate baldintza duinekin. Hiriekin konparatuz landa eremuetan gaudenok ez gaitezen izan gehien ordaindu eta baldintzarik txarrenak ditugunak.
Guifinet komun eredu horretan kokatzen diren hiru operadore txiki zein azpiegitura beharko genituzke, epeak, zein kalitate lukeen, prezioa… proposatzen ari dira. Proposatzen duguna da zerbitzu hori hiru hilabetera emateko moduan egotea. Ez dakigu Sakana guztira iritsiko litzatekeen, baina behintzat hiru hilabete barru puntu batzuetan martxan jartzeko moduan izanen litzateke.
Nola eginen litzateke? Horrek azpiegitura eskatzen duelako!
Antena sare bat eskatuko luke. Sare horretatik herri edo erabiltzaile bakoitzak hargailu bat izan beharko luke. Horrekin ere bide egiten joan gaitezke. Laister toki erakundeendako inbertsio legea onartuko du Nafarroako Gobernuak. Han herrien azpiegituretarako finantziazioa ere aurreikusten da. Herriren baten aukera izan daiteke: zuntz optikoa horrela heldu daiteke, baina bitartean irrati bidez bide egiten joan gaitezke.
Beti ere, kontuan izanda epe motzeko konponbide bat dela. Epe luzera, nahita ez, zuntz optikoa. Azkenean, mantenu lan txikiagoak ditu, askoz hobea da, gaitasun gehiago izan dezakeelako…
Kostu bat izanen du. Nafarroako Gobernuak zein jarrera du?
Entzuteko, behintzat, oso jarrera irekia dute. Sei orduko bilera izan da (asteazkenean), hainbat galdera sortu dira. Ideiak, gutxi gorabehera, bat egin arren, hori nola gauzatu. Landu beharreko hainbat elementu daude. Beraiek, gehien bat, azpiegitura orokorrak finantzatzeko diru-laguntzak aurreikusten dituzte. Etxeetara iristeko eta beste elementuetarako ikusi beharko da zein finantzazio lortu dezakegun.
Baina komuneko telekomunikazioak duen gauzetako bat da gastuaren kargu denok eginen garela. Horrek ez du esan nahi garesti aterako zaigunik. 10 MB-erako proposatzen ari diren gastuak 30 euroren azpikoak dira. Hori oraindik lantzeko dago, baina inguru horretan ibiliko da. Azpiegiturak komunak izanen dira, baina erabiltzaileek operadore ezberdinak aukeratzeko parada izanen dute, prezio edo zerbitzu ezberdinekin. Azpiegiturak eginak daudenean informazioa zabalduko dugu eta interesatua dagoen oro aukera izanen du.
Hau nonbaiten probatuta dago?
Bai. Katalunian oso sare zabala dute. Badaude eskualdeak zuntz optikoaren herri-sareak, komunak, zabaldu dutenak. Usonan eta beste hainbat tokitan zuntza dagoeneko zabaldu dute. Jada ez da irrati-frekuentzia bidez. Komuneko zuntz-optiko sare hori denena da: toki erakundeek, enpresek, erabiltzaileek parte hartzen dute. Herri-basoetan bezala, hor ere arauak daude. Ezin da edozein sartu. Ongi funtzionatzeko denek adostutako arauak errespetatu behar da. Jarraipena egiten zaio.
Kataluniako eskarmentuarekin, hemen ere ezarri daiteke?
Bai. Beti esaten duguna: beste egoera batzuk dira, eta horretara ere moldatzen eta ikasten joan beharko gara. Guk Sakanarendako aukera bat dela ikusten dugu: behar bati erantzuten diolako eta aukera bat sortzen duelako. Katalunian eredu hau zabaldu den lekutan tokiko operadore txikien sorrera egon da; 5, 6, 10 langile dituen enpresa bat sortu da.
Kataluniarrek esan digutenez toki batzuetan enpresa ertain batzuk sortu dira, baina biztanle gutxi tokietan herriko informatika dendakoak zerbitzu hori eskaintzea. Bi zerbitzuekin nolabait lanpostua aurrera atera, gertuko, konfiantzazko eta kalitatezko zerbitzu egokia ematea da. Guretako hori oso interesgarria da: lanpostuak sortu edo mantentzeko aukera ematen du.
Gainera, aurrera begira, 4.0 industriaren eta ekonomia digitalaren inguruan lanketa bat planteatzen ari bagara, guri interesatzen zaigu eskualdean jende prestatua izatea; etorriko diren moldaketa eta teknologia berrikuntzetarako irtenbideak edo lan aukera berriak lantzeko.
Hiru eragile aipatu dituzu. Gehiago batzeko aukera izanen da?
Definizioz sare irekia da hau. Edozeinek parte hartu dezake. Hori bai, parte hartzen dutenek baldintza batzuk betetzeko konpromisoa hartzen dute. Denok adostuak. Batez ere, erabilera iraunkorra izan dadin. Komuna.
Honek nolabaiteko telekomunikazio burujabetza ekarriko dio Sakanari?
Bai, neurri handi batean, bai. Zeren telekomunikazio operadore bakarra iristen den tokian hark jartzen ditu baldintzak, bai kalitatea, bai prezioa; ez du inongo lehiarik. Bertako enpresa batzuk esaten ziguten: “kalitate eskasa izateaz aparte, horregatik diru asko pagatzen ari gara. Iruñean zergatik izan dezakete kalitate duin bat prezio onean eta guk hemen asko ordainduta ere kalitate eskasarekin moldatu behar dugu!”