Sakanako Garapen Agentzia (SGA) ibarra zeharkatzen duen Santiagorako bidea, Donejakue bide ofizial bat izatea nahi du. Hala azaldu digu Iker Manterola garapen agenteak. Horretarako aurreproiektua lantzen ari da SGA. Hartan aukerak, kostua, eman beharreko pausoak eta beste zehazten ari dira. “Guztia zehazteko Nafarroako Gobernuarekin ere hizketan ari gara” gaineratu du Manterolak. “Donejakue bide honi guk puntu ezberdin bat eman nahi diogu. Bide guztia bizikletaz ibiltzeko izan dadila nahi genuke”.
Manterolak gogora ekarri digu, Donostia eta Iruña lotuko duen Plazaola ibilbidea Europako bizikleta sarearen barruan izanen dela. “Bizikletaz Europatik heldu den jende horrendako jarraibide bat izan daitekeela. Eta, batez ere, Lizarrako bideari alternatiba. Hori jendez gainezka dagoela entzuten ari gara”. Udal ordezkariek beste onura bat ikusi diote egitasmoari: “bizikletaz herrien arteko lotura seguru bat izatea”.
Turismo produktuak
SGA “turismo arloko oinarriak jartzen, planifikatzen” ari da. Sakanako Turismo Plana egiteko asmoa dute. Aisiari eta mugikortasuna ere lan ildoa da. “Daukaguna zehaztuta izan eta aurrera begira nola landu nahi dugun”. Turismo teknikaria kanpo aholkulariekin ariko da, “gure ikuspegia aberasteko”. Aurretik egindako bidean aurrera ere eginen dute, esaterako Bidelagun elkartearen eskutik. “Aurtengo helburu nagusia produktuak zehaztea izanen da. Garen hori eta dugun horri forma eman kanpotik etortzen denari helarazteko”.
Azken horren inguruan adibidea jarri du Manterolak: “bizikleta eta mendi lasterketen inguruan produktu bat osatzeko lanean ari gara. Lasterketak, bideak dauzkagu. Baina bizikletarekin etortzen den jendeak, edo mendi lasterketak egitera etortzen direnak zer zerbitzu beharko lituzke? Fisioterapeuta behar du? Bizikleta konpontzeko materialak behar ditu landetxean? Bestelako materialak emanen dizkion norbait behar dituzte? Interesa dutenendako hori guztia modu erraz eta antolatu batean jartzea litzateke”.
2010eko egitasmoa
Sakanako Mankomunitateak 2010eko aurrekontuan 358.000 euro aurreikusi zituen Irurtzun eta Ziordia lotuko lukeen bizikletendako ibilbidea egiteko. 2011n Mank-eko presidente kargua utzi zuenean Migel Angel Zubiriak esan zigunez, “dirua ez izatean proiektu batzuk hankaz gora gelditu dira: gobernuak finantzatu behar zuen bizikleta planeko ibilbidea” zen horietako bat.
Bizikleta eguna, historiari keinua
Irailaren 25ean Sakanako bizikleta eguneko tropelak bi geldialdi egin zituen Egiarretako Itxasperri eta Uharte Arakilgo Zamartze eraikin erromanikoetan geldialdi bana egin zuen. Haiei buruzko azalpenak entzun eta eraikinak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten txirrindulariek. Horrela, aurten Bizikleta egunak kirol praktikaren sustapenarekin batera “erromanikoaren bi altxorrak” ezagutarazi eta ibilbidea osatu zutenek “milaka urte dituen bide batean doazela” sentiarazi nahi izan zieten. Hurrengo urteetan halako gaiak lantzen segitzeko asmoa dute Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eta Sakanako Garapen Agentziak.