1.Zenbat urte daramatzazu Bartzelonan? Zein da zure lanbidea?
13 urte egingo ditut. Terapia naturalekin egiten dut lan, osteopatia, naturopatia… Ama tu salut zentroan lan egiten dugu terapeuta ezberdinbatzuek; kooperatiba bezalgisa funtzionatzen dugu. Kontsultan lan egiteaz gain, bi zentrotan kolaboratzen dut, ikastaroak… denetatik. Sustraiak beti mantentzen dira eta euskalduna naiz, baina urte asko daramatzat hemen eta erdi katalana ere sentitzen naiz.
2.Bartzelonako Cor Vivace abesbatzako kidea zara. Noiztik?
Cor Vivacen nagoen laugarren urtea da hau. Lakuntzako musika eskolan akordeoia ikasi nuen eta musikaren munduan sartuta egon izan naiz beti. Abestea beti gustatu izan zait, baina lotsagatik edo... sekulan ez dut abestu. Ordua da, pentsatu nuen. Cor Vivacen zebilen lagun bat ezagutu nuen, eta taldeko kide izatea proposatu zidan. Nik ez nuen abesbatza klasiko batean aritu nahi, beste musika mota bat abestu nahi nuen. Cor Vivacek pop-rocka, musikalak eta halakoak lantzen ditu, ez da koro klasiko tipikoa, eta animatu nintzen.
3. Zuen web orrian – www.corvivace.org– atzematen da abesbatza ezberdina zaretela. Janzkera koloretsua, kantu modernoak, koreografiak… alaitasuna transmititzen duzue.
Urtero errepertorio ezberdina prestatzen dugu eta aurtengoak Happy du izena. Abesteaz gain, koreografiak egiten ditugu eta musikariek zuzenean jotzen dute: pianoa, kitarra, baxua… Ikuskizun dibertigarria da. Jendeari gustatzen zaio, eta esaten digute alaitasun hori transmititzen dugula, “buen rollito” hori. Ez da abesbatza klasikoa; modernoagoa, ezberdina da.
4. Koreografiak prestatzen badituzue lana…
(Kar kar) Hor ibiltzen gara… Garrantzitsuena da guztiok oso ondo pasatzen dugula entseguetan. Astean behin entseatzen dugu, bi orduz, baina horretaz gain entsegu partzialak izaten ditugu, urtean behin entsegu intentsibo bat egiten dugu, Bartzelonatik kanpo, koreografiako entsegu bereziak ditugu… hobbya denez, gustura ibiltzen gara. Egunerokotasunetik deskonektatzeko primeran dator. Benetako terapia da: entsegura zoaz eta beste pertsona bat zarela ateratzen zara.
5. Zenbat zarete Cor Vivacen?
Une honetan, hain justu, 99 gara. Tenore bat falta zaigu. Ni tenorea naiz. Taldean badago ere aita Uharte Arakilgoa duen eta Uharterekin lotura handia duen Ainhoa Andueza ere, Bartzelonan bizi dena. Sopranoa da. Abesbatzako helduenak 60 urte inguru izango ditu eta gazteenak 22 urte inguru. Denetarik gaude, baina oso ongi konpontzen gara.
6. Bartzelonako Gracia auzokoa da zuen abesbatza.
Gracia auzoko D´El Cercle kultur elkartearen barruan gaude. Gure abesbatzaz gain, elkartean beste abesbatza bat ere badago, klasikoagoa. Horretaz gain, elkartean dantza taldeak daude, musikariak...
7. Erreferenteak zarete?
Nahiko ezagunak garela esan daiteke. Liceoan eta Palau de la Musican abesteko zortea izan dugu. Baina Katalunian abesbatza mailan kultura handia dago, eta geroz eta koro moderno gehiago daude. Katalunian kulturarekiko eta abesbatzekiko tradizio handia dago.
8. Igandean Lakuntzara Happy ikuskizuna ekarriko duzue: Lionel Richie, Pharrell Williams, John Lennon, Stevie Wonder… musikarien kantak. Nola sortu zen kontzertua antolatzearen ideia?
Urtero irteera bat egiten dugu. Aurreko urtean Bruselasen egon ginen, duela bi urte Mallorcan, duela hiru urte Valentzian… Familia urtero Bartzelonako emanaldiren bat ikustera etortzen da, gustuko dutelako, eta ingurukoekin hitz egiten eta beste, azkenean Lakuntzan kontzertua antolatzearen ideia sortu zen. Igandean Lakuntzan arituko gara, eta, bidaia aprobetxatzeko, astelehenean Larragan.
9. Zubi guztia pasatuko duzue Nafarroan.
Bai. Larunbatean iritsiko gara Iruñera. Hotela bertan hartu dugu, ia 80 pertsonako espedizioa garelako. Nik Lakuntzako kontzertua, hotelaren gestioa eta beste lotu ditut eta badagko beste batzorde bat egonaldia antolatzen ari dena. Bertan dago Ainhoa. Uste dut larunbatean Iruñea ezagutzeko ginkanaren bat prestatuko dutela, sagardotegi batera ere joango garela… eta beste sorpresaren batzuk egonen direla. Azaroaren 1ean bueltatuko gara Bartzelonara.
10. Igandean Lakuntzako Kultur Etxean izanen da zuen kontzertua, 19:00etan. Zer eskainiko diezue bertara joaten direnei?
Musikarekiko edo abesbatzekiko zaletasuna duena, etorri dadila eta abesbatza ezberdin bat ikusiko du. Egiten dugun ikuskizuna oso ezberdina da. Dibertigarria da, eta jendeak oso ongi pasatuko du. Edozein motatako publikoari zuzendutako emanaldia da Happy, abesti ezagunak dira. Nork ez du ezagutzen Pharrellen Happy?
11.Hortaz, bertara joateko gonbitea egingo diegu gure irakurleei.
Bai, abesbatza ezberdin batekin ongi pasatzera animatu daitezela. Igandean ikusiko dugu elkar!