Etxepare sariko albuma kalean

Guaixe 2016ko aza. 10a, 18:41

Zerua gris dago albuma atzo aurkeztu zuten. Sortzaileak erdian.

11. edizioko deialdia egin berri dute, lanak maiatzaren 19ra arte aurkeztu daitezke.

Haurrendako euskarazko albumak sortzeko helburuz deitzen da urtero Etxepare saria. Nafarroako 19 toki-administrazioetako euskara zerbitzuek, Sakanako Mankomunitatekoak barne, Pamiela argitaletxearekin batera antolatzen dute. 10. edizioa Isaak Martinez Ortizek (idazlea) eta Liebana Goñi Yarnozek (ilustratzailea) irabazi dute, Zerua gris dago albumarekin. Sariketako antolatzaileek atzo aurkeztu zuten obra jendaurrean.

Bi sortzaileek ikastetxe berean lan egiten dute. Isaakek Liébanari ipuina erakutsi ondoren, elkarlanari ekin zioten, Liébanak ilustratu zezan. Bakoitzaren espazioa errespetatu badute ere, albumaren bi alderdi horiek uztartzen asmatu dute: istorioa kontatzeko, ilustrazioen eta hitzen esangurarekin jokatu dute, eta, horretarako, testuak birmoldatu dituzte irudiak ere kontakizunaren parte bihurtzeko.

Martinezek aditz gutxi eta onomatopeia adierazgarriak erabili ditu idazterakoan, testuari indarra emateko asmoz. “Iruditzen zait, idazterakoan, musikan eta zineman bezala, sinpletasuna konplexutasuna baino esanguratsuagoa izan daitekeela”. Goñik, berriz, teknika berriak probatu ditu, eta horrek, besteak beste, elurraren kontrasteak, koloreak eta ehundurak lantzeko aukera  eman dio.

Epaimahaiaren iritzia
Zerua grisa egon arren, elurrez eta koloreetako etxeez inguraturiko istorioa kontatzen du obrak. Ipuinaren protagonistak bi haur dira, elurraren isiltasunari eta lasaitasunari bizitza ematen diotenak hain zuzen ere. Epaimahaiko kide izan ziren Patxi Zubizarretak, Mikel Valverdek eta Yolanda Arrietak eta honakoak aipatu zituzten: “adiskidetasun baten sorrera kontatzen bazaigu ere, generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila eskaintzen zaigu, laguntasunaren aldeko proposamen sotila”; edota, “zeru grisaren azpiko zelai zurian aurki daitekeen bizitzari gorazarre egiten dio, eta hoztasunean lagun bat izateak ekar lezakeen konplizitate koloretsua erakusten digu, berdin dio lagun hori neska ala mutila izan”; nabarmenduz testuaren eta irudien arteko oreka “ematen du isiltasuna entzun egiten dela, elur giroak koloreak indartu egiten dituela”.

Gehiago ere gaineratu zuten epaimahaikideek: “elurretan oinak sartzeko gonbita egiten digu urrats-soinuekin gordeketan jolasteko”; irudiez aritzerakoan, “oso aberatsak dira erabilitako kolore zein testurarengatik eta erakusten dituzten xehetasunengatik. Xehetasun horiek guztiek irakurketa ezberdinak ahalbidetzen dituzte eta erakargarriago bihurtu historia”; azkenik, testuari buruzkoak aipatu zituzten, “hitz solteak, esaldi laburrak, onomatopeia esanguratsuak eskaintzen dizkigu irakurleoi, orriz orri, irudiak lagun eta erritmo pausatuan, ipuineko bi protagonisten jokoan parte hartzeko.”

11. edizioa martxan
Hari narratiboa duen istorio bat kontatzen duen haurrei zuzenduriko lan ilustratuak aurkeztu daitezke Etxepare sarira. Sariketara aurkeztutako lanak euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean aurkeztu daiteke lehiaketara eta  nahi beste lan aurkez daitezke.

Formatua librea da, baina lanak ez dira 20 cm x 21cm baino txikiagoak izanen, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izanen dituzte (bakarrik kontuan hartuko dira barneko orrialdeak). Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko (zuriuneak barne). Sariketara albuma bukatuta aurkeztu behar da, azken bertsioa, bai paperean bai euskarri digitalean. Plika sistema erabiliz aurkeztu beharko dira lanak Leitzako Udaleko Euskara Zerbitzuan maiatzaren 19a baino lehen. Garagarrilaren 30erako irabazlearen berri izanen da. Sarituak 5.000 euro eta albumaren argitalpena irabaziko ditu.