Ipuin horrekin zerbait egin behar genuela sentitu nuen

Guaixe 2016ko aza. 14a, 11:01

Isaak Martinez (Hondarribia, 1975) eta Liébana Goñiren (Iruñea, 1986) Zerua gris dago album ilustratua argitaratu du Pamiela argitaletxeak. Zerua grisa egon arren, elurrez eta koloreetako etxeez inguraturiko istorioa da. Ipuinaren protagonistak bi haur dira, elurraren isiltasunari eta lasaitasunari bizitza ematen diotenak hain zuzen ere. Isaak Martinez eta Liébana Goñiren lan hau 23 ipuinen artean hautatu zuen epaimahaiak.

Etxepare Saria irabazi duzue, zer esan nahi du zuentzat sari honek, zer garrantzi ematen diozue?
I.M.: Egia esan, ez nintzen sariaren garrantziaz jabetu irabazi genuen arte. Afizioz besterik idazten ez badut ere, ilusio handia egin dit eta bultzada izan daiteke beste proiekturen bat aurrera atera nahi izatekotan. Eta, batez ere, espero dut Liébanaren bidean ateak irekitzeko balio izatea, artista hutsa baita!

L.G.: Berria ilusio handiz jaso nuen. Ez nuen espero. Banekien Isaak eta biok egindako lana ona zela, baina azkenean lehiaketa bat da, eta ipuin eder askok parte hartzen dute. Niretzako sari hau irabazteak garrantzi handia du, emozionala batez ere. Esfortzu eta ilusio askoren ondoren, horrelako sari bat irabazteak indarrez betetzen zaitu. Ilustratzea maite dut eta niretzako arnas egitea bezala da, baina Etxepare Saria irabazteak jarraitzeko eta amore ez emateko ikaragarrizko bultzada eman dit. Orain lanean jarraitzeko garaia da.

    
Bi haurren inguruko ipuina da; neska-mutikoen harremanei buruzkoa, laguntasuna azpimarratzen duena, genero bereizketarik egin gabe. Haur Hezkuntzako irakasle izateak istorioa osatzen lagundu al dizu?  
I.M.: Ez nuen buruan izan nirekin izandako haurrik baina, noski, nire eguneroko lanak haurren mundua ondo ezagutzen laguntzen dit. Hasiera batetik bi elementu erabili nahi nituen istorioa sortzeko: elurra eta haurrak.


Biok elkarrekin lanik egin gabeak zineten, baina emaitza ederra eman du zuen estreinako lanak. Nola bat egin zenuten, nola abiatu zen elkarlan hori?
I.M.: Primeran moldatu ginen. Nik ipuina idatzia nuen eta, inuzentea ni, pentsatzen nuen nire lana egina zegoela. Baina hasiera besterik ez zen izan! Bion artean berridazketa prozesuari ekin genion, bere ilustrazioek testuaren birmoldaketa suposatzen zuelako. Birmoldaketa baino, murrizketa izan zen, irudiek dagoeneko adierazten zutena testutik kendu behar baitzen. Ipuinaren idazketa bera baino luzeagoa izan zen elkarrekin egin genuen bide hau. Ikasketa polita izan zen niretzat.

L.G.: Isaak eta ni eskola berdinean egiten dugu lan. Duela urte eta erdi, nigana hurbildu zen eta ipuinak idaztea gustuko zuela esan zidan. Ni ilustratzaile lanetan nenbilela zekien eta bere ipuin bat irakurtzea proposatu zidan. Aurrerago, Zerua gris dago ipuinaren zirriborroa pasa zidan eta irakurtzerakoan, gorputz osotik kilimak sentitu nituen. Ez dakit intuizioa izan zen edo, baina ipuin horrekin zerbait egin behar genuela sentitu nuen. Berari elkarlanean ibiltzea proposatu nion eta aurrera jarraitzea erabaki genuen. Testua bere esku egon da, baina bion artean aldaketak proposatu genituen, baita ilustrazioak planteatzerako orduan, elkarrekin egin dugu lan hasieratik. Gure arteko komunikazioa ezin bestekoa izan da. Isaakekin lan egitea oso erraza izan da. Bakoitzak bere alorraren espazioa errespetatu dugula esango nuke. Ipuin honi esker, gure artean konexio eta laguntasun ederra sortu da.


Testuari erreparatuz aditz gutxi dago eta, aldiz, onomatopeia esanguratsuak daude, egoerari indarra emateko modua izan da? zergatik aukeratu duzu idazteko era hau?
I.M.: Bai, nire ustez indarra ematen dioten baliabideak dira eta intentzioa, behintzat, hori zen. Iruditzen zait, idazterakoan, musikan eta zineman bezala, sinpletasuna konplexutasuna baino esanguratsuagoa izan daitekeela.


Irudi koloretsuz jantzitako etxeak irudikatu dituzu, baina kolore horien denen gainetik zuriak hartu du protagonismoa: zaila izan al da elurraren zuri hori ilustratzea?
L.G.: Hasiera batean elurra ilustratzea erronka handia izan zen. Ez nengoen horretara ohitua. Nire erosotasun espaziotik atera behar izan nintzen eta elurra lantzeko nire estiloa aurkitu nuenean, nire begien aurrean mundu berri bat irekin zen. Paper zuriari beldurra galtzeko baliabide ezin hobea da. Elurrak kontrastea, kolore biziak eta ehundura anitzak lantzeko aukera eman dit. Zerua gris dago liburuan landutako teknikak, gaur egun egiten ari naizen proiektuetan erabiltzen eta berritzen jarraitzen dut. Nire proposamenetan ausartago izaten saiatzen ari naiz eta esperimentatzeko grina daukat.

Hainbat ilustrazio lanetan parte hartu duzu Liébana, bakarka zein taldean, eta oraingo emaitza hau, Zerua gris dago, zure hirugarren liburua da; urrats garrantzitsuak dira zure ibilbidean, ezta? Album ilustratuei neurria hartu diozula esan liteke?
L.G.: Zerua gris dago liburua, argitarazten dudan hirugarren liburua da. Baina horren aurretik ekintza artistiko desberdinetan parte hartu dut. Ilustrazio alorrean bakarka hasi nintzen, ia nahi gabe. Arte Ederrak ikasi ondoren eta lan esperientzia batzuen ostean, ilustrazioa maite nuela birgogoratu nuen. Eta poliki, horretan lanean hasi nintzen. Bidean, Clara López eta Aizpea Lasa Villa ilustratzaileekin topatu nintzen eta duela lauzpabost urte Y Peluda izeneko kolektibo artistikoa sortu genuen. Honen izenpean erakusketa desberdinak sortu ditugu, ekintza artistikoetan parte hartu dugu eta auto-edizioarekin zerikusia duten proiektu anitzak sortu edota bultzatu ditugu. Horien artean, Fanzine Pan de Molde ezagunena delarik. Esperientzia guzti hauek nire ibilbidea era bat markatu dute, baita nire kolektiboko lankideek ere. Oso harro nago bizitako esperientzia guztiez, ez nuke koma bat aldatuko. Oraindik ikasteko gauza asko geratzen zaizkit, baina geroz eta erosoago sentitzen naiz alor honetan. Irudien bidez istorioak kontatzea niretzako terapia moduko zerbait da. Nire ideiak antolatzen laguntzen dit eta burutik ateratzen uzten ditudanean aske eta arin sentitzen naiz.

“Gutxitan bezala, testuaren eta irudiaren arteko oreka” nabarmendu du epaimahaiak, zer sentitzen duzue adituen hitz horiek entzundakoan?
I.M.: Oso hitz politak dira eta entzun nituenean hunkitu ninduten. Uste dut zerikusia duela lehen aipatu dudan berridazketa prozesuarekin.

L.G.:Buf... Poza eta bertigoa sentitzen ditut aldi berean. Sinestezina iruditzen zait. Zure lanaren inguruan horrelako balorapenak jasotzea ikaragarria da.

Saria irabazteak aurrera segitzeko kemena ematen al du? Ba al duzue eskuartean aurrera begirako proiektu berririk?
I.M.: Literatura munduan nire burua arrotz samar ikusten dut baina, noski, edozein arlotan bezala, egindako lanaren balorazio positiboak gogoa ematen du ilusioz aurrera begiratzeko. Eta bai, egia esan, badut proiektu berria, baina berria baino zaharra da, izan ere, Zerua gris dago idatzi aurretik, beste ipuintxo bat prest nuen Liébanari erakusteko. Aspaldi egina nuen eta Liébanari gustatu bazitzaion ere, aurreragorako uztea erabaki genuen. Beraz, oso gustura errepikatuko nuke esperientzia berarekin.

L.G.: Bai, zalantzarik gabe. Zuk zure lana gustuko izan arren eta maitatu arren, sari hau irabazteak, zure lana bide onetik doanaren seinale bat da. Indarrak berriztu dizkit eta gaur egun proiektu desberdinetan lanean nabil. Auto-edizioarekin zerikusia duten argitalpen txikiak sortzen ari naiz, baita testurik gabeko serie desberdinak ere. Auto-edizioak eta serieak, istorio desberdin asko kontatzeko aukera ematen didaten euskarriak dira, eta horretan aritzea asko gustatzen zait. Noizbehinka enkargupean proiektu batzuk burutzen ditut eta lantegiak eman izan ditut ere. Datorren urtean beste liburu bat argitaratu nahiko nuke, baina oraindik istorioaren gorputzari bueltatxo bat eman behar diot eta argitaratzeko moduan pentsatu beharko dut ere. Proiektu berriei aurre egiteko ilusioz beterik eta gogotsu nago.

Erlazionatuak