Altsasuko Kaixo tabernakoa pintxo-pote burujabe onena

Guaixe 2016ko abe. 1a, 19:20

Sakanako Garapen Agentziak, Belardi tokiko ekoizleen elkarteak eta Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak antolatuta I. Pintxo-pote burujabe lehiaketa antolatu zen azaroaren 19an. Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko 14 tabernek parte hartu zuten ekimenean. Belardik emandako ibarreko produktuekin pintxo bana prestatu behar zuten tabernek. Epaileak haiek dastatzen zituzten bezeroak izan ziren eta saria Altsasuko Kaixo tabernako Sukalki pintxoak eskuratu du. Honako osagaiak zituen: txahal egosia, porru eta kalabaza saltsan, kalabaza krema eta gazta apar hurrupa.

Antolatzaileek esan dutenez, “ikaragarrizko arrakasta” izan du aurreneko esperientziak, “750 boto baino gehiago zenbatu dira”. Haien artean ekoizleen hiru saski zozketatu zituzten eta honakoak izan dira irabazleak: Eli Etxeberria Uranga, Raquel Olaetxea Ibarrola eta Susana Baraibar Telletxea. Ekimenaren helburua ibarrean bertan ekoiztutako produktuen kalitatea sakandarrei erakustea, duten balioa aitortzea eta haiekiko sentikortasuna zabaltzea izan da. Antolatzaileek espero dute lehiaketaren edizio gehiago egotea eta “eskualdeko ekintza gastronomiko garrantzitsuenetarikoa bihurtzea”.

Ekoizle hornitzaileak
Albi, Ibarborda, Balda Artola, Uharte, Sarabe, Utxama, Juananeko gaztak, Jeingenekoa esnekiak, Aralarko txekor haragia, Ubei euskal txerrikia, Legarbe karakolak eta barazkiak eta Ollaondo arrautzak.



Taberna parte-hartzaileak

Irurtzun: Pikuxar Euskal txokoa, Roman eta Plazaola Hotela

Etxarri Aranatz: Derry eta Iturri Eder

Altsasu: Lezea, Urtzi, Xume, Gautxori, Arkangoa, Koxka, Las Vegas, Biltoki eta Kaixo