Ehun bat bakaikuar elkartu ziren 2016ko azken egunean. Giza katea egin zuten lehenik eta kontzentrazioa ondoren. Azken horren leloa honakoa izan zen: Altsasukoak aske, bakean bizi nahi dugu. Kontzentrazioaren ondoren azaldu zutenez, auzipetutako gazte altsasuarretatik hiru guraso edo bikote bakaikuarrak dituzte; haietako bat espetxean dago. Giza katearekin herri erdiko iturria eta gazteen familien etxeak lotu eta horrela Bakaikuren elkartasuna azaldu zuten.
Bakaikuarrek ekimen horrekin “kaltetutakoei elkartasuna eta babesa helarazi” nahi zieten. Preso dauden hiru altsasuarren askatasuna eskatu zuten, baita ˝terrorismo akusazioa bertan behera utzi eta prozesua Espainiako Auzitegi Nazionaletik kanpo uztea”. Aldi berean, “gure ibarra eta gazteen aurkako kriminalizazioa gelditzea” exijitu zuten. Azkenik, gaineratu zuten: “Bakaikun eta Sakanan bakean bizi nahi dugu”.