Aspaldikoa da Nafarroako toki administrazioaren mapa, udal mapa, berrantolatzeko asmoa. Toki Administrazioko Departamentua eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa joan zen urtean gaia lantzen hasi ziren. Honako helburuak dituzte: lurralde- eta gizarte-alorreko kohesioa sortzea, autonomia bermatzea eta tokiko boterea indartzea behar besteko finantza-mailari eutsiz, bai eta herritarrentzako zerbitzuen prestazioan efizientzia lortzea ere.
Urte beteko lanaren ondoren sortutako zirriborroan Nafarroa udalez gaindiko 65 mankomunitateren ordez 13 eskualdetan banatzen da. Haietako bat Sakana da. Garagarrila bitartean zirriborro horren gainean lanean ariko dira gobernua, federazioa eta toki erakundeak. Eztabaidaren bigarren fasea aste honetan bertan hasi da. Foru geografian barna lau bilkura egin dira. Eta bi aste barru beste zortzi bilera eginen dira. Gobernuak 2018rako legea onartzea nahi luke.
Onartutako zirriborroan jasotzen denez, udal bakoitza eskualde bakarreko kide izanen da, eta horrela ez da hainbat mankomunitateko kide izanen. Udalez gaindi kudeaketa hobea izan ditzaketen hiru zerbitzu bateratzea proposatzen da zirriborroan: ura, hondakinak eta gizarte zerbitzuak. Hortik aurrera eskainitako zerbitzuak nahi beste zabaldu litzake eskualde bakoitzak, esaterako, kale garbiketarako zerbitzu komuna ezarri. Bestalde, finantzazioari dagokionez, Nafarroako aurrekontuaren %10 udalei zuzenduta izatea nahi dute.
Ibarra
Zirriborroan jasotakoak Sakanan eragin gutxi luke, ibarreko erakundea mankomunitate izena izatetik eskualde izena hartzera pasako litzatekeelako. Izan ere, gaur egun Sakanako Mankomunitateak honako zerbitzuak eskaintzen ditu ibar guztirako: euskara, ura (lau udal kanpo daude), hondakinak, kirola, etxebizitzak zaharberritzeko bulegoa eta immigrazioa. Horretaz aparte, Mank-ek sustatutako Sakanako Garapen Agentzia dago.
Zirriborroan jasotzen denaren arabera gizarte zerbitzuak dira gaur egun Sakanan ibar guztirako Mank-etik kudeatzen ez diren bakarrak. Gaur egun arlo horretan Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasu aldeko mankomunitateak daude. Hirurak batzeko ahalegina egin zen Migel Anjel Zubiria Mank-eko presidente izan zen 2007-2011 legegintzaldian. Baina Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten udal batzuen zalantzengatik ez zuen aurrera egin. Mankomunitate hori Arakil, Irurtzun, Irañeta, Uharte Arakil eta Arruazuz aparte, Araitzek, Beteluk, Lekunberrik, Larraunek, Imotzek eta Izak osatzen dute. Sakanakoak ez diren udalak zalantzak zituzten, ez ziren fio, sakandarrek pisu gehiago izanen zutela zioten.
Zirriborroa dagoen eran onartuko balitz Irurtzun aldeko gizarte zerbitzuetako egungo eremua hiru eskualdetan banatuta geldituko litzateke: Mendebaldea (Araitz, Betelu, Lekunberri eta Larraun), Ibarrak ( Imotz eta Iza) eta Sakana (Arakil, Irurtzun, Irañeta, Uharte Arakil eta Arruazu). Hiru mankomunitateak batuko balira, langileriarekin zer gertatuko litzatekeen ongi aztertu beharko litzateke.
Sakanaren datuak
Populazioa 2016an: 20.255
Azalera km2: 306
Sakanako toki erakundeak
Mankomunitateak (4)
Sakanako Mankomunitatea
Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea
Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea
Burunda mendebaldeko aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea
Udalak (15)
Arakil
Irurtzun
Irañeta
Uharte Arakil
Arruazu
Lakuntza
Arbizu
Ergoiena
Etxarri Aranatz
Bakaiku
Iturmendi
Urdiain
Altsasu
Olatzagutia
Ziordia
Kontzejuak(15)
Urritzola
Errotz
Izurdiaga
Etxeberri
Egiarreta
Etxarren
Ekai
Zuhatzu
Satrustegi
Hiriberri
Ihabar
Unanu
Dorrao
Lizarraga
Lizarragabengoa
Administrazio zerbitzuen batasuna (idazkari bera) (2)
Irañetako, Uharte Arakilgo eta Arruazuko udalak
Urdiaingo eta Ziordiko udalak
Elkarte tradizionalak (1)
Aralarko elkartea