Aitzindariak izatea, material didaktiko propio eta berritua sortzea eta etengabe proiektu berritzaileak lantzea, horiek dira ikastolen ezaugarrietako batzuk, beti ere ikaslearen, haurraren hobebeharra eta zoriontasuna ardatz hartuta. Bide horretan Sakanako ikastolek beste aurrerapauso bat eman dute eta ikasturte honetan Ikastolen Haur Hezkuntzako Marko Pedagogiko Berriarekin hasi dira lanean. Marko pedagogiko hori egokitzeko Iñigo Aritzan Kabi proiektua gauzatu dute eta Andra Marin Txaigorri proiektua. Iñigo Aritzako Haur Hezkuntzako koordinatzaile Jone Aretak eta Andra Mariko Haur Hezkuntzako zuzendari Teresa Goikoetxeak eta Josune Arrazubi andereñoak eman dizkigute ibilbide berri honen azalpen guztiak.
Konpetentzietan oinarritutako proiektua, haurrak loratzen lagunduko duena
Zer da ikastolen marko pedagogiko berria? Horrela definitzen dute ikastolek: “Ernetzen ari den hazia da haurra. Berez dakar landare bihurtzeko behar duena; lurrean zabaldu eta berez joango litzateke hazten. Baina hazi horri lur egokia, eskatzen duen ura, behar duen eguzkiaren beroa eta argia eta hobeto hazteko ongarria ematen bazaizkio, landare horrek berak dakarren lorea emango du. Hortaz, hazi bakoitzaren beharrei erne egon behar dugu: berak adieraziko digu noiz behar duen ura eta zenbat ur behar duen ez itotzeko, noiz behar duen berotasun handiagoa edo noiz ari den erretzen, noiz dagoen aseta, bapo, gustura”.
Haurra ulertzeko modua horrela dute ikastolan, eta definizio horretatik abiatuta eta Euskal Herriko Ikastolen marko pedagogiko berria kontuan harturik, Haur Hezkuntzan Kabi eta Txaigorri proiektuak jarri dira martxan Sakanan. Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza proiektuaren aterki dira Kabi eta Txaigorri proiektuak, ikastolen euskal curriculum propioan jasota dauden oinarrizko bost konpetentzia orokorrak –norbera izaten ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi, komunikatzen ikasi, ikasten eta pentsatzen ikasi eta egiten eta ekiten ikasi– kontuan izanda, hauek landu eta garatzeko proiektu pedagogikoak. “Europatik datorren joera pedagogikoa, eta legez ia ezarria dagoena, konpetentzietan oinarritutako programazioa eta ebaluazioa egitearena da. Hala egiten dugu Eki proiektuarekin, Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHko 4. mailaraino. Ikastoletan hezkuntza proiektua beti zentratu izan da haurrarengan, baina marko berri honekin Haur Hezkuntzan protagonismo hori gehiago areagotzen da. Izan ere, haurraren behar, erritmo eta nahien inguruan gauzatzen dugu proiektua. Orain modu askeagoan, autonomoan aritzeko aukera dute haurrek, eta beraien interes, erritmo eta beharren arabera ikasten dute” azaldu du Iñigo Aritzako Haur Hezkuntzako koordinatzaile Jone Aretak.
Haurra protagonista: beraien interes, erritmo eta beharren arabera ikasten dute
“Finean filosofia bat da, haurra ikusteko modu ezberdina. Ikastolen hasieratan irakasleok izan behar ginen haurrak esperientziez eta jakintzez betetzearen ardura genuenak, nolabaiteko protagonistak. Baina daramagun ibilbide luzean jabetu gara haurra dela gaitasunez eta esperientziaz beterik datorrena, gogoz beterik. Eta orain irakasleak euren bidelagunak gara; eurek dakartzaten esperientzia horiek elikatzen ditugu. Euren ondoan gauden pertsona helduak gara irakasleak, baina protagonista haurra da. Haurrak dauka ikasteko gogoa, beti dute, eta bizitzeko gogo hori da sustatu behar duguna. Ingurune aberats bat eman behar diegu beraiek bere ibilbidea egiteko. Ibilbide hori egiten den heinean loratuko baita haurra” zehaztu du Andra Mariko Josune Arrazubi andereñoak.
Espazioak bateratu, hormak bota
Horretarako, bi ikastoletako espazioak berrantolatu dituzte. Espazio aberatsak sortu dituzte, interesguneetan antolatuta, intentzio pedagogiko batekin hornituak. “Orain arte, haur bakoitzak erreferentziazko gela zuen; adinaren arabera antolatzen ziren gelak. Txoko ezberdinak zeuden baina gela bakoitzaren barruan. Txokoetan aritzeko denbora mugatua izaten zen eta haur bakoitza bere gelan aritzen zen. Orain hormak bota egin ditugu, batez ere gure buruko hormak. Txokoak ikastola guztian barna daude eta ikastolako espazio eta txoko guztietatik modu autonomoan mugitu daitezke haurrak. Berdin du bere adinekoekin egoten badira edo beste adinekoekin. Zirkulazio librean, nahi duten txokoan edo gunean egotea aukeratzen dute” gaineratu du Jone Aretak.
Beti gune bera aukeratuko duten kezka omen zuten gurasoek hasieran, baina espazio guztietatik pasatzen direla nabarmendu dute ikastoletako andereñoek, interesaren arabera batzuetan gehiago. “Koltxonetetan ez dira bakarrik txiribueltak egiten. Nabarmentzekoa da txoko guztietan lantzen direla ikastolen curriculumean jasotako oinarrizko 5 konpetentzia horiek. Eurek aukeratzen dutenez, nahi dutena egiten ari direnez, ikasten ari dira. Oinarri emozionala lortua dugu; beraiek joaten diren tokira doaz interes bat dutelako. Berdin dio natura gunean, arte gunean, motrizitatean, imaginariumera lasaitzera edo dena den tokira doazela. Haurrak askoz ere lasaiago daude eta interesaren arabera gustuko duten gunetan denbora gehiago egoten direnez, egiten dituzten lanak lehen egiten zituztenak baino askoz ere garatuagoak dira. Orain adibidez, eraikuntza gunean eraikuntza handiagoak eta garatuagoak egiten dituzte, denbora gehiago dutelako bertan egoteko eta, guk orain arte Haur Hezkuntzan proposatuko ez genituzkeen kontzeptuak lantzen dituzte: kontrapisua, oreka, proportzionaltasuna… Kontzeptu konplexuak. Eta berdin motrizitate gunean edo arte gunean” nabarmendu du Aretak. “Espazio guztietan oinarrizko gaitasun guztiak lantzen dira: arlo kognitiboa, arlo emozionala, arlo motorra, arlo soziala eta autonomia edo identitatea” zehaztu du Arrazubik.
Haur bakoitzaren erritmoan oinarritzen da
Haur bakoitzaren erritmoan oinarritutako proiektuak dira Kabi eta Txaigorri. “Haurrak lasaiago daude; giro oso lasaia dago, batzutan badirudi ez dagoela haurrik. Harremantzen, beraien buruan ziurtasuna hartzen dabiltza… Izan ere, haurrak bere ibilbidea berdin berdin egiten du zu gainean egon ala ez. Beraiek ikusten dute gauzak ikastearen eta hainbat gaietan trebatzearen beharra. Irakurtzearen beharra, letrak ikastearen beharra… norberaren beharren arabera abiatuta egiten dute prozesua. Eta hori oso positiboa da. Guk Arbizuko ikastolan ikusten genuen hau guztia, eta orain Etxarrikoan ere lantzen dugu eta askoz aberatsagoa da” zehaztu du Arrazubik.
Haurrak konfiantzazko eremuan hazi, zoriontsu izateko
Proiektu berri hauekin lan handia egiten ari dira Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastoletako Haur Hezkuntzako irakasleak, baina oso kontentu daude. “Hau guztia ez da berria. Ibilbide bat egin dugu, gutxinaka datorren prozesu bat da. Garai haietan txokoen bidez lan egiten hasi ginen, modu aitzindarian, eta gutxinaka eremu askea ezartzen joan gara, txipak aldatu ditugu eta guztia pedagogikoki borobildu dugu. Bidea hau dela jakitun gara. Eta, jakina, honek lan gehiago eskatzen digu. Haurren behatzaile eta laguntzaile izan behar dugu. Arlo emozionala asko lantzen da, eta behatu behar duzu haurra nola dagoen, zein premia dauzkan eta dituen gaitasunak potentziatu. Haurra zoriontsu izan dadin. Izan ere, hori da helburu nagusia. Haurrak ez badu beldurrik, bere buruarekin seguru eta trebe sentitzen bada, bere kabuz ikasten du. Eta hori da gure helburua, haurrak konfiantzazko eremu batean haztea, haurra seguro eta trebetasunez beteta dagoela sentitzeko. Konfiantza ematen zaiola sentitu dezan. Horrela izango da zoriontsu” nabarmendu du Arrazubik.
“Lan zama handia izan da. Espazioaren berrantolaketa egin behar izan dugu eta horri arlo teorikoan egin behar den lana gehitu behar zaio: ebaluazioa nola zehaztu, zer behatu, irakasleen artean koordinazio bilera gehiago egitea, haurra espazio desberdinetatik mugitzen baita eta irakasle desberdinekin egoten baita, ez tutorearekin bakarrik… Hau aberatsa da, norberaren iritziaz gain, lankideena ere badugulako. Aldatzeko beharra sentitu genuen, irakaskuntza beste modu batez planteatu ahal zela pentsatu genuen, eta horretan gaude, gure jarduteko modua ebaluatzen eta hobekuntza proposamenak egiten. Hasitako bide berriarekin oso pozik gaude” gaineratu du Aretak.
Marko berria ikastola guztian ezartzea da asmoa
Gurasoak pozik daude. “Orain Haur Hezkuntzan, 3 eta 6 urte artean, marko pedagogiko berriarekin lan egiten ari gara, konpetentzietan oinarrituta. Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHko 4. mailara bitartean Eki proiektua lantzen dute, konpetentzietan oinarrituta hau ere. Eta helburua gutxinaka LH-ko tarte hori, 1. mailatik 6. mailara, konpetentzietan oinarritutakoa izatea da. Lan talde bat sortu dugu gutxinaka erabateko aldaketa hori eman dadin” azaldu du Andra Mariko Teresa Goikoetxeak. Asmo berbera dute Iñigo Aritzan. “Helburua etorkizunean ikastola guztia marko berriarekin funtzionatzea da. Baina aldaketak modu hausnartuan eman behar dira eta proiektu berriaren ezarpena modu egokian egin ahal izateko koordinazio gune bat sortua dugu ikastolan” gaineratu du Iñigo Aritzako Jone Aretak.
Etengabeko formazioa
Trebatzeko formazio etengabekoa jaso dute Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastoleko langileek. “Etengabeko hobekuntzan egon beharra dugu. Ikastolen Elkartetik formazioa eskaini izan zaigu beti. Aurreko bi ikasturtetan konfiantzaren pedagogiaren inguruko mintegia sortu zen, parte hartu genuen eta gero ikastola bakoitzak bere erritmoan ekin dio marko pedagogiko berri honen egokitzapenari. Guk Arrasateko Arizmendi ikastolara jo genuen, 8 urte baitaramatzate konfiantzaren pedagogian lanean eta aitzindariak dira. Eurekin modulu ezberdinak egin ditugu, aurten ere Arrasatera goaz beste modulo bat egitera, bi irakasle aste oso batez bertara goaz. Bagoaz ikustera egunerokoan nola egiten duten, zein kezkak dituzten, zalantza eta arazoei zein irtenbide eman... Katalunian ere izan gara beste esperientzia batzuk ezagutzen eta oso aberatsa izaten ari da” aitortu digu Iñigo Aritzako Jone Aretak.
Andra Mariko Txaigorri proiektuko berezitasunak
Txaigorri Andra Marik Etxarri Aranatzen eta Arbizun dituen ikastoletan gauzatzen da, 3-6 urte bitartean, Haur Hezkuntzan. “Haurrak ikastolara sartu eta harrera gela bat dute konfiantzazko ingurunean sartzeko. Gurasoekin barruraino sartzen dira, proiektu honetan oso garrantzitsuak direlako familiak. Txoko berezi bat dago familiako kideak egoteko” azaldu du Josune Arrazubi andereñoak. Andra Mariko espazioa antolatuta dago haurrak nahi dutenean eta nahi duten bezala kudeatzeko.
“Erreferentzia adinaka dute. Hasieran, sarrerako erritual bezalako bat egiten dugu, erreferentzia gelan, adinka, eta ondoren bakoitzak bere espazioa aukeratzen du. Ditugun txokoak edo guneak txikien gela, sinbolikoa, sormen tailerra, ikerkuntza gela, eraikuntza gela, liburutegia eta psikomotrizitate gela dira. Pisu berean daude eta zabalik” gaineratu du andereñoak.
Haurrek aukeratzen dute, nabarmen, haiek egiten dutena. “%80 beraien interesekoa da eta %20 irakasleek proposatutakoa. Azken honetan, oinarrizko gaitasunak lantzeko proiektuak –Optimist–, hizkuntza lantzekoak –olerkiak, ipuinak, ingelera…– eta beraien interesetik sortutako proiektuak ere lantzen dira” .
Kanpoko eremuan frontoia, belardi handia, porlanezko pista eta elementu ez egituratuez osatutako eremua dago, are tokia, trabiesaz osatutako bidea eta beste.
Iñigo Aritzako berezitasunak
Kabi Iñigo Aritzak herrian duen Txioka ikastetxean gauzatzen da, Haur Hezkuntzako 3-6 urte bitartean. Dituzten guneak edo txokoak ondokoak dira: arte gunea, natura gunea, eraikuntza gunea, komunikazio eta jolas sinbolikorako gunea, motrizitate gunea, imaginariuma (lasaitzeko gela) eta jolas arautuen gunea. Horretaz gain gurasoen txokoa eta baratza daude.
Kanpoko espazioari buelta bat eman behar diotela kontatu digu Jone Aretak. “Orain baratza, frontoi txikia eta are tokia ditugu. Horretaz gain, kanpoan jolas sinbolikorako elementuak, rokodromo txiki bat, horma musikal bat, enborrekin egindako egitura bat eta elementu ez egituratuak –harriak, enborrak eta beste– jarri nahi ditugu, kanpoko espazioa ikasgelen luzapen bat izateko” zehaztu du Aretak.
Iñigo Aritzan erreferentzia talde mantendu dute, adinka, eta zenbait gai lantzeko erreferentzia taldetan biltzen dira haurrak: oinarrizko gaitasunak lantzeko Optimist programa, ipuinak, musika, asanblada… Ikastolara iritsitakoan haurrak bere erreferentzia taldera doaz, eta sintonia eta asanblada egin ondoren, jorratzen ari diren ipuina, hiztegia, eta abar lantzen dute eta segidan aukeratzen dute lehenengo interes gunea. Zirkulazio librean dabiltza 11:30ak arte, gosaldu arte. Ondoren jolastokira doaz, eta 12:30ean eguneko ekintza zehatza egiten dute, ipuina, musika, Pentazitateko maitasungrama… egunean tokatzen dena. Bazkaldu ondoren, gauza bera, hasieran erreferentziazko taldean biltzen dira eta gero zirkulazio librean dabiltza. “Ingelera saio zuzenak astean bitan erreferentzi taldean egiten dira, baina ingelerako irakasleak zirkulazio librean ordu batzuk ematen ditu eta tarte horretan ingeleraz hitz egiten die” gaineratu du Aretak.