Ersisi proiektua bidea egiten

Guaixe 2017ko ots. 2a, 18:41
Proiektuko kide guztiek agorrilean agerraldia egin zuten Europako Batasunaren laguntza jaso zutela iragartzeko. Burunda mendebaldko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Javier Paz eta Erkuden Imaz han izan ziren (eskubitik 3. ta 2.)

Europako Batasuneko diru laguntza jaso du eta La Caixa eta Caja Navarra fundazioen laguntza ere.

Gizarteratzeko eskubidea indartzea, zerbitzuen integrazioaren bitartez  proiektua (Ersisi ingelesez) Nafarroako Gobernuaren gizarteratze-proiektua da, Tuteran eta Altsasu, Olazti eta Ziordiko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko udalerrietan langabezian dauden 500 lagun gizarteratzen laguntzeko diseinatuta dagoena.
Proiektu esperimental honen helburuak dira langabezian dauden herritar ahulenei erantzuteko eredu berri bat diseinatzea eta frogatzea, oinarrizko gizarte zerbitzuen eta enplegu zerbitzuen baterako esku-hartzean oinarritzen dena; Errenta Bermatuaren erreformak identifikatzea eta testatzea; eta toki-mailan enplegu-politika aktiboak planifikatzeko sistema berria garatzea eta ezartzea, eragile publiko eta pribatuen arteko aliantzen bitartez.

Proiektuak 1.852.284,11 euroko aurrekontua du eta europar funtsekin finantzatuko da % 75a. Izan ere, agorrilean jakin zen Europako Batzordeak, EaSI (Employment and Social Innovation) programaren laguntza-deialdian Nafarroako Gobernuaren proiektu pilotua hautatu zuela. Finantziazioa osatzeko, Miguel Laparrak, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariordeak, lankidetza-hitzarmena sinatu zuen La Caixa eta Caja Navarra fundazioko ordezkariekin ilbeltzaren 24an; hitzarmen horren bitartez, erakunde biek hartzen du ERSISI proiektua finantzatzeko 120.000 euroko ekarpena eginen dute. Proiektuak 36 hilabeteko iraupena izanen duela aurreikusten da, 2016ko irailetik 2019ko irailera. Teknikariak gaur egun barne lana egiten ari dira.