Haizetearen eragin gehiago

Guaixe 2017ko ots. 13a, 16:01
Aralur enpresa zeneko pablioi berriena haizeteak desegina. Argazkia: Foruzaingoa.

Foruzaingoak jakinarazi duenez, gaur goizean haizeteak eragindako makina bat gertaeratan parte hartu behar izan dute foruzainek. Aralur enpresa zeneko pabiloi berriko teiladura joan den urteko elurte batek hondatu zuen. Gaurko boladek eraginda xaflak aireak eraman ditu. Iparraldeko Autobia (A-1), Ziordia parean, kamioiendako trafikora itxi dute foruzainek, kamioiak Etzegaratetik (A-1) eta Leitzarango Autobiatik (A-15) desbideratu dituzte.

Bakaikun eta Altsasuko Ondarria industrialdean teilatu banaren zatiak kendu ditu haizeteak. Altsasun kartelak errepidera erori dira, batzuk metalezkoak, eta trafikoa bideratu behar izan dute, zirkulazioarendako eta oinezkoendako arriskua zelako. Gauez beste hainbat gertakariatan esku hartu dute. Esaterako, Iparraldeko Autobian (A-1), Altsasuko dermioan haizeak botatako bi seinale jaso behar izan dituzte. Sakanako Autobian (A-10), berriz, Uharte Arakilgo dermioan, erori den zuhaitz batek errail bat hartzen zuen eta hura kendu dute. Azkenik, Foruzaingoak jakinarazi du Altsasu inguruko herrietako lantegi eta bulegoetan alarma faltsuak izan direla, haizetearen eraginez ate eta leihoak edota ateak zabaldu direlako. Badaezpada ere ikuskaritza lanak egin dituzte.

Erlazionatuak

Haizetea, eta ondorioak

Guaixe 2017 ots 13 Sakana