Amancio Ortega Fundazioak 500 beka banatu ditu estatuan; bekadunek hurrengo ikasturtean Batxilergoko 1. maila AEBetan egiteko aukera izango dute. Nafarroan 18 banatu dira eta 3 Sakanara etorri dira.
1.Nola izan zenuten beka honen berri?
Maitane (M): Nire amak bekak sortu zituzten lehenengo urtean izan zuen horien berri interneten eta ordutik jarraitzen egon gara, urtero-urtero, nire txanda iritsi arte.
Jasone (J): Ingleseko irakasleak aipatu zuen klase batean eta berehala aurkeztuko nintzela erabaki nuen.
Nerea (N): Iaz interneten bekak bilatzen nengoela ikusi nuen eta aukera ona iruditu zitzaidan.
2.Bekara aurkezteaz aparte, azterketaren bat egin behar izan duzue?
Eskaerarekin batera eskatutako dokumentazioa aurkeztu behar zen, errenta aitorpena barne. Eta azterketak egin ahal izateko aurreko urtean ingelesean gutxienez 8-ko nota izan behar zen eta media 7-tik gorakoa. Asteburu oso bateko azterketa izan zen, Iruñean. Ostiral arratsaldean idatzizko azterketa bat egin genuen, ingeleraz, 100 pertsona inguruk. Hori pasata, bigarren proba ahozkoa zen, Skype bidez egin genuena. Urtarrilaren 27an jakin genuen hautatu gintuztela.
3.Nola jaso zenuten berria?
M: Ni Iñigo Aritza ikastolan nengoen, gelan. Ordubatak arte itxaroten geunden, orduan jartzen baitzituzten hautatuen zerrendak. Hautatua nintzela ikustean eta ikaskide guztiak izugarri poztu ziren. Musika jarri zuten, guztiok zoriondu ninduten… Ikastolatik ni aurkeztu nintzen bakarra.
N: Ni klasean nengoen, Institutuan. Denak zerrenda begiratzeko esaten zidaten, begiratu nuen eta denak garraxika hasi ziren, pasillora atera ziren, Jasoneri begiratzeko esateko...
J: Nik egun horretan ez nuen mugikorra Institutura ekarri, etxean begiratzea pentsatzen nuen. Baina autobusean etxera nioala lagun batekin begiratu nuen. Denak garraxika hasi ziren... Institututik beste bi pertsona ere aurkeztu ziren.
4.Badakizue non ikasiko duzue hurrengo urtean?
N: Ni Kanadako hegoaldera, Ontarion dagoen Kingston deitzen den hiri batera noa, Ontario lakuaren ondoan dagoena.
J: Ni AEBetako iparraldera noa, Minnesotara. Ontario laku horren ondoan dago, baina hegoaldean. Cotagge Grove deitzen den hirira noa, Park High Schoolera.
M: Nik oraindik ez dakit. Utah, Ohio edo Pensilvania, horietara gustatuko litzaidake.
5.Non biziko zarete?
J: Familiekin. AEBetan zure datuak bidaltzen dituzu eta igotzen dituzte agentzia batera, bekatik kanpokoa, eta bertatik zein ikasle hautatu aukeratzen dute familiek. Nik egongo naizen familia ezagutzen dut jada. Bikote bat dira eta 28 eta 26 urteko bi seme dituzte, baina 28 urtekoa bizi da soilik eurekin. Orain italiar bat dute etxean, ikasle bat, ni bezala.
6.Nola espero duzue izango dela hango Batxilergoko lehen urtea? Materiak berdinak dira? Ezberdintasunak zeintzuk dira?
J: Hautazko asignatura gehiago daude.
N: Hemen 10 ikasgai dira eta han uste dut 8. Kanadan, esaterako, sei hilabeteko batean 4 asignatura egin ahal dituzu eta beste seihilabeteko batean beste lau. Zuk nahi dituzunak hautatu ahal dituzu. Guri gomendatu digute 5 ikasgai tronkalak hartzeko, eta hemen egin ezin dituzun 3 ikasgai. Han aukeratuko ditugu ikasgaiak.
7.Noiz joango zarete? Noiz hasiko da ikasturtea?
J: Hemen baino lehenago hasten dira normalean, baina nire kurtsoa uste dut irailaren 5aren inguruan hasten dela.
N: Abuztuaren 30ean edo 31n aterako naiz hemendik. Ikasturte osoa emango dugu han. Ikasturtea noiz bukatuko den? Batzuk maiatzan datoz, beste batzuk ekainean eta beste batzuk uztailean. Ikastetxearen eta ikasketen arabera.
8.Zer espero duzue? Gogotsu zaudete, urduri?
Dena batera. Etxekoak pozik daude. Halako aukera bat izatea handia da. Bestalde, esaten dute hangoak oso itxiak direla, gu baino gehiago.
Dokumentazioari buruz, pasaportea, osasungintzazko paperak… denetatik eskatu digute. Begien kolorea zein dugun esatea ere eskatu digute fundaziotik. Altura, pisua, dena... zapatillen zenbakia da falta zaiena (kar kar).
9.Han kirola egiteko asmoa duzue? Hango institutuetan garrantzia handia ematen zaio kirolari, ezta?
M: Nik bai. Hemen igeriketa eta triatloia egiten dut. Han igeriketa egin nahiko nuke eta hango kirolak probatzea, baseball, cross country...
10.Zein jarrerarekin joango zarete?
M: Aurreritzirik gabe, zabalik. Bestalde, zailtasunen aurrean ez etsitzea, hori da beste asmo bat. Izan ere, halako lekuetara joatean gerta daiteke familia igual ez dagoela zurekin gustura, edo zu eurekin...
J: Inguruan fundazioko pertsona bat izango dugu, edozein arazo badugu berarengana jotzeko eta berarekin harremana izateko.
11.Handik bueltan, non ikasiko duzue?
M: Goierrin, biosanitarioa. Izan ere, Goierrin egingo dut hurrengo urteko matrikula. Goierriko ikaslea izango nintzateke, baina han, AEB-etan. Ikastetxeak harremanetan egongo dira.
J: Nik oraindik ez dakit bueltan non ikasiko dudan baina badakit zer: arte eszenikoetako batxilergoa ikasiko dut.
N: Nik Osasun zientziak egin behar ditut baina ez dakit non. Bueltan erabakiko dut.