Otsoportilloko omenaldiak badu antolakuntzarako hitzarmena

1936ko estatu kolpearen ondorengo Sakanako errepresaliatuak Otsoportillon omenduko dira eta omenaldia 14 udalen artean antolatuko dute.

Frankisten estatu kolpearen ondorioz eraildakoen omenezko ekitaldia egin da Otsoportillon irailaren aurreneko igandean 1980tik. Etxarri Aranazko Udalak eta eraildakoen senideak hasi ziren hura antolatzen. Joan den urtea berezia izan zen. Alde batetik, hezurduren exhumazioa egin zuen Aranzadi elkarteak eta, bestetik, erailketen 80. urteurrena zen. Bi arrazoi horiengatik omenaldia 10 udalen eta senideen artean egin zuten.

Joan den urteko omenaldiaren aurkezpenean aurreratu zuten etorkizunekoak elkarlanean eginen zirela. Hori horrela izateko, Sakanako 14 alkatek (Ergoiena salbu) lankidetza-hitzarmena sinatu zuten . Guztiek erabaki dute Otsoportilloko lezea “Sakanako eta inguruetako topagune enblematikotzat jotzea biktimak oroitarazteko, kontuan hartu gabe nongoak diren, zer tokitan hil ziren edo gaur egun gorpuzkinak non dauden, Otsoportillo aurrerantzean ere memoriaren aldeko taldeen erreferente izan dadin”. Otsoportilloko omenaldiaren antolamenduan udalez aparte ibarreko memoriaren aldeko taldeak eta biktimen senideak izanen dira.

Adostutakoa
Otsoportiloko omenaldia herritarren “oroimen kolektiboan ondo gordeta daukate; sakandarrendako eta aldameneko ibarretako herritarrendako topa-egun berezia izan da beti”. Aitortza hori eginda, udalek omenaldia behar bezala egiteko beharrezko diren guztiak “modu koordinatuan” eginen dituzte. Ekitaldia egiteko baimena eskatzea; komunikazio lanak (kartela egin, jarri, sare sozialak, prentsa oharra edo prentsaurrekoa), omenaldia diseinatzea (parte-hartzaileak, lore eskaintza, musika, dantzariak, bertsolariak…), alderdi teknikoak (megafonia, agertokia eta abar), auzatea, erabilitako eremuaren garbiketa eta ekitaldia garatzeko beharrezkoak diren gainerako ekintzak.

Hori guztia prestatzeko udalek maiatzean bilera eginen dute. Bilera horretara senideak eta memoria talderak gonbidatuak izanen dira. Gainera, legegintzaldiaren hasieran gaiaz arduratuko den ordezkari bat izendatuko dute udalek. Ekitaldia antolatzeko udalek euren baliabideak jarri beharko dituzte. Bestalde, udal aurrekontuetan Otsoportilloko ekitaldirako diru-sail bat sortu beharko dute udalek. Ekitaldia egiteko gutxieneko 60 euroko kuota ordaindu beharko dute eta horri biztanle bakoitzeko 0,08 euro gehitu beharko zaio. 2.428,48 euro aurreikusi dira aurtengorako. Hitzarmenak urte beteko iraupena izanen du, automatikoki berrituko dena, alderen batek salatzen ez badu behintzat.

Erlazionatuak

Otsoportilloko aztarnak laborategian

Sakana

Senideei DNA laginak hartu zizkieten hezurretatik atera dezaketenarekin alderatzeko.