Azienda mendira igotzeko garaia heldu dela iragartzen dute astelehenean zutituko diren maiatzak, pago enborrak. Lanari ekiten aurrenak bakaikuarrak izanen dira. 9:00etan herriko plazan elkartu eta mendirantz joko dute. Gora 11:00etan iritsi eta maiatza jasotzeko aurre-prestaketei ekinen diote. Baizaren bestaldean, Hartzabalen, etxarriarrak langintza berean ariko dira eguerdian eta pagoa zutitzeko lanari 12:30 aldera helduko diote.
Ziordian bi maiatza zutituko dituzte. Aurrenekoa txipudian jarriko dute. 10:00etan hara joateko deia egin diete herritarrei. Beharrezko prestaketak egin ondoren, 10:30ean jasoko dute herriko maiatza. Hori egin eta gero, mendate zaharrean barna mendira igo eta eguerdian maiatza jasoko dute. Lan guztiak despedituta, elkartasun herri bazkaria izanen da 14:30ean. Bazkaritik ateratzen den dirua
Luisito laguntzeko izanen dira. Olaztiarra gaur egun Ziordian bizi da. Auto istripu larria zuen eta bere osasuna hobetzeko Kuban errehabilitazioa egiten ari da. Jasotakoarekin haren familiari laguntza eman nahi zaio.
Maiatzak jasotzen azkenak iturmendiarrak izanen dira. Astelehenean, 18:00etan, ekinen diote lanari aldameneko herrietako makina bat lekuko dituztela. Kintoak arduratu dira basoan pagoa bilatzeaz, azala kentzeaz, besteak beste. Izan ere, maiatza bota ondoren ateratzen den diru-etekina kintoendako izanen da.