Udalek euskalkiari “babesa eta bulkada” emateko erabakia hartu dute

Guaixe 2017ko mai. 12a, 10:27

Burundako euskararen hiztegia izanen da ahaleginaren aurreneko urratsa. Koldo Zuazok hitzak jasoko dituzten herritar taldeak sortzeko deia egin du.

Burundako alkateek, Koldo Zuazo EHUko irakaslea aita-ponteko zutela, euskalkiaren aldeko hitzarmena sinatu zuten astelehenean. Hiru arrazoi eman zituzten Burundako euskarari “babesa eta bulkada” emateko. Batetik, “hizkera hau aztertu dutenek aho batez aitortu dute haren nortasuna”. Inguruan dituen hizkeretatik desberdina dela eta “beharbada, mendebaldean (Araba) eta hegoaldean (Ameskoa) egiten ziren hizkeren antza” zeukala. Bi horiek galduak badaude ere, Burundakoa “betiko gal ez dadin geure ahalegina egin nahi dugu”.

Burundako hizkerak gaur egun duen osasuna ere aitortu dute: Urdiainen bizirik, Bakaikun eta Iturmendin galbidean eta Altsasun, Olatzagutian eta Ziordian galduta. Udalek ikusirik “gazte sail hazi samar batek gure arbasoen euskara ikasteko eta erabiltzeko gogoa agertu” duela, Burundako udalek “gogo horrekin bat egin eta gure esku dagoena egiteko erabakia hartu dugu”.

Zuazok “bertoko kultur ondareari eusteko ahalegin hau egitea ideia ona izan dela” uste du. “Nik dakidala, hau da Euskal Herriko eskualdeko bateko alkateak elkartu eta euskararen alde atera duten lehendabiziko agiria”.

Burundako hiztegia
Ibarreko euskararen hitzak jasoko dituen hiztegia lantzen hasiak dira bi urdindar: Mikel Arregi (Iñigo Aritza ikastolako irakaslea) eta Mikel Galartza. Euren lana azarorako despedituko dute. Hilabete horretan hiztegia lantzeko beste Koldo Zuazok egonaldi bat eginen du Urdiainen. Zuazok laguntzaileak izanen ditu: Urdiaingo Udaleko langile Mariano eta Javier, azken horren aita eta Julian Etxeberria. Zuazok jakinarazi zuenez Bakaikun ere talde bat hasi da hitzak biltzen. “Guri gustatuko litzaiguke beste herrietan horrelako zerbait eginen balute. Guretako laguntza handia litzateke”.

Lana urte bat barru bukatua izatea nahiko lukete. Paperean argitaratuko da, eta Interneten kontsultagai jartzeko asmoa ere badute. Baina Zuazok gaztigatu duenez, “hiztegi bat ez da sekula bukatzen. Guk ere ez ditugu hitz guztiak batuko. Oinarrizkoenak edo eskura ditugunak bilduko ditugu. Bilatuko dugu modu bat jendea aberasten joateko”. Hiztegiko hitzak irakaskuntzan, hedabideetan eta beste arlo batzuetan erabiltzeko aukera izanen dela azaldu du unibertsitateko irakasleak.

Zuazok argi utzi zuenez, “gure helburua ez da euskara batuaren kontra egitea. Alderantziz, gu batuaren alde gaude. Orain arte bezala, hemendik aurrera ere udaletako txosten teknikoak euskara batuan eginen direla, ikastetxeetan euskara batua erabiliko dela, burundarrak beste euskal herritarrekin batuaz hitz eginen dutela”. Burundako euskara zergatik indartu? “Bertoko jarduna delako, haur eta gazteek euren egunerokoan erabiltzeko. Hori da euskalkiari eman nahi zaion lekua”.