“Ikusten dute historia dela bizitutakoa kontatzea”

Ander Leon, Altsasu institutuko historia irakaslea eta Gogoan proiektuko koordinatzailea.

Zer da Gogoan proiektua?
Programa didaktikoa da, ikasleek egiten dituzten elkarrizketetan oinarrituta dago. Guk Sakanan frankismo garaiko eguneroko bizitza gaia planteatzen diegu. Ikasleekin galdetegi bat adosten dugu eta bakoitzak, edo binaka, edadetu bati elkarrizketa egiten diote. Hainbat atal ditu elkarrizketak eta, gutxi gorabehera, ordu batekoa da. Bai grabazioa, bai transkripzioa, bai laburpen bat, bai atxikitutako beste dokumentu batzuekin guri eman behar dizkigute. Bederatzi urte daramagu eta 300 testigantzatik gorako artxibo bat sortu dugu.

Gidoiarekin joaten dira ikasleak, ezta?
Bai. Ikasleek aurretik galdetegia prestatzen egoten dira. Gaika galderak asmatzen dituzte eta gero, denen artean, koordinatu eta adostasunera helduta, galdetegi bakarra daukate. Aiton-amonengana joaten dira horrela. Baina ez da galdetegi itxia. Haiek ideia bat egiteko da. Batzuetan galdera batzuk ez dituzte egiten eta ez dauden batzuk ateratzen dira.

Frankismo garaiko bizimodua jaso.
Atal batzuk ditugu: haurtzaroa, non jaio ziren, etxean, ospitalean, haurtzaroa nolakoa izan zen, anai-arreba kopurua, eskola, irakasleekin zuten harremana… Hortik hasita, gaztaroa, bikote harremanak, aisialdia, kontsumoa, lana, noiz hasi ziren lanean, etxeko lana, kanpoko lanak, neska-mutiko desberdintasunak, elizarekiko harremanak, politikari buruzko atal txiki bat... Gai horiek ardatz hartuta elkarrizketa bide batzuetatik edo besteetatik joaten da. Batzuetan gai bat bestea baino indartsuagoa da.

Ikasleek elkarrizketa zuri aurkeztu behar dizute, ezta?
Txosten bat eman behar dute. Han elkarrizketa duen cd edo usb memoria, transkripzioa, baimenak eta hainbat gauza tekniko daude. Guztia ongi koadernatuta, azal batekin. Horiekin dago osatuta artxiboa.

Zein helbururekin hasi zen Gogoan proiektua, hemen, institutuan?
Lehenik esan beharra dut Altsasuko proiektu bat ez dela, Sakana guztikoa baizik. Testigantzak ez dira bakarrik Altsasukoak. Ibar guztiko ikasleak ditugu. Orduan, herri askotako dokumentuak ditugu. Helburu asko ditu proiektuak. Aurrena, historia geletatik atera. Jakitea historia hemendik kanpo dagoen zerbait dela eta eragina izan duena beraien bizitzan eta beren arbasoen bizitzan. Hau da, frankismoan gerra zibil bat egon zela ikusten badugu, oinarrizko ez dakit zein lege egon zela, edozer gauza, horrek egunerokotasunean zer eragin zuen ohartzea. Orain arte, historia zerbait arrotza balitz bezala ikusten dute, beraiekin zerikusirik ez duena. Honekin ikasten dute ezetz, ikasten dutena gertutasun bat daukala.

Bestalde, ikerketa bat nola egiten den ikasten dute. Hau da, haiek ikertu, informazioa sortu eta gero niri prestatuta eman behar didate. Arlo teknikoa ere oso inportantea da. Horrekin batera, Sakanan garai bateko lekukotasunekin artxibo bat sortzea. Etorkizuneko historialariek, agian, Sakanan nola bizi zen jakin nahiko dute. Egunkariak, legeak, udaleko aktak… dokumentu ofizialak. Baina,, horretaz aparte, sortu dugun artxibo honekin beste iturri mota bat izanen dute, jendea egunero nola bizi zen. Nik uste dut hori ere lagungarria izanen dela.

Iturriak sortzen jarri dituzu, materia gabeko ondarea biltzen.
Hori da. Berain aiton-amonek historia bat dute. Gure lana historia hori ateraraztea izan da. Aterarazi eta gero, jaso eta gorde. Hau da, pertsona horiek daukaten historia, beraiek, ikasleek ez badute jasotzen eta gordetzen, inork ez du eginen. Eta laster, edo beranduago, pertsona horiek, denok bezala, hilko dira eta haiekin batera haien testigantzak. Baina, zorionez, Sakanako 300 pertsonen testigantza hemen gordeta dauzkagu. Betirako egonen dira, beraiek egon edo ez. Eta hori da ikasleen meritua, ezer ez dagoen tokitik artxibo bat sortzea.

Zein mailatako ikasleak dira?
DBHko 4. mailakoak. XIX. eta XX. mendeak lantzen dira. Ikasleek, jada, halakoak egiteko gaitasuna eta heldutasuna dute. Kalitatezko produktu bat egiteko gai dira.

Elkarrizketatuetako batzuk hemen bizita ere kanpoan jaiotakoak dira, ezta?
Extremaduran, Galizian, hainbat tokitan, baita Argentinan. Aurten bat Kuban jaiotakoa da. Kasu horretan galdetegia nolabait moldatzen da. Euren sorterriko haurtzaroa kontatzen dute eta gero aldaketa kontatzen dute. Hau da, Sakanara etortzean zer nolako aldaketa sumatu zuten, nolako giroa zegoen hemen. Gehienak oso gazte etorri ziren eta, orduan, gazteriatik aurrea baliagarria zaigu testigantza, beste ikuspuntu batetik bada ere. Aldatzen dena haurtzaroa eta bizitzan aldaketa hori emateko zergatiak aldatzen du, euren herria utzi eta 800 km-tara dagoen herri batera etortzea.

Elkarrizketatu guztiak adin jakin batetik gorakoak izanen dira, ezta?
Bai, baina hori ere orientagarria da. Gu saiatzen gara gehienez 1940an jaioak izatea. Baina horretan ez gara oso zehatzak.

Adinduek elkarrizketa eske joaten zaizkien ikasleei harrera ona egiten diete?
Denetarik dugu. Batzuk kontatzeko desiratzen ari dira. Beste batzuk hasieran ez dute nahi baina gero amore ematen dute. Beste batzuk gogoz kontra, baina egiten dute. Badugu batzuk hasieratik ezetz esaten dutenak eta ez dutenak egiten. Orduan beste bat bilatu beharko dute.

Ikasleak lana eginda, zer moduz?
Pozik eta harro. Harro batez ere. 100 orriko lan bat ikusten dute. Grabazioa. Zenbat ordu pasa dituzten. Lanaren fruitu fisikoa ikusten dute. Ematen dutenean poz-pozik daude. Gainera, notaren zati inportantea da. Ikusten dute, gainera, lan honek gizarte onarpena duela. Ez dela gelarako lan bat, beste batzuk bezala. Gurasoak inplikatuta daude, aiton-amonak; osaba-izebak ere askotan etortzen dira zertan ari diren ikustera; lehengusuak eta abar. Bada beste gai bat familian tratatzekoa. Askotan belaunaldien arteko lotura faltaz kexatzen gara. Hau belaunaldien arteko zubi bat da. Hori ere baloratzen dute.

Familiak jasoko du?
Bai, nik beti denei esaten diet familiari kopia bat eman behar diotela. Hori funtsezkoa da. Askotan aiton-amonek etxean kopia bat izaten dute eta etxera etortzen den edonori erakusten diete. Baloratzen produktu bat da.

Lan honen ondoren ikasleek historia nola ikusten dute?
Nik esan nahiko nuke historia beste ikuspuntu batetik ikusten dutela. Kasu gehienetan hala dela uste dut. Hau da, ikusten dute historia ez dela liburu batetik gauzak buruz ikastea. Historia dela bizitutakoa kontatzea. Badauzkagu, zorionez, hemen bukatu eta historia ikastera joan diren ikasleak. Ikerketak egiten ibiltzen dira. Orain artxiboa osatuta egonda eta leku finko batean egonda, agian, zer edo zer gehiago egitera animatu daitezke.

Artxiboa katalogatzen ari zarete, ezta?
Bai. Aurten kurtsoa lehenago bukatuko da, iraileko azterketarik ez dagoelako. Ezohikoak garagarrilaren akaberan eginen dira. Hor 15 bat eguneko tarte bat daukagu eta errematea eman nahi diogu. Betiko itxi eta artxibo guztia katalogatu. Katalogo horren kopia bana Sakanako udal guztiei emanen diegu.

Katalogatzen bakarrik edo lagunduta?
Lagunduta. Nik bakarrik ezin dut. Asko da. Boluntarioak eskatu ditut eta, zorionez, ikasleek lanean aritzeko jarrera ona izan dute. Egun horietan ohean gelditu beharrean etorri eginen dira. Hori eskertzekoa da.

Institutuak eta udalak hitzarmena sinatu dute.
Nolabait zerbait instituzionalizatu egin da. Altsasuko Udalak artxiboan interesa azaldu zuen. Institutuak, hemen itxita ez gelditzeko, irtenbide bat eman nahi zion. Horren fruitua da hitzarmena. Artxiboa fisikoki udaletxean egonen da. Lege jabetza institutuarena eta udalarena izanen dira. Jabetza morala sakandarrena da. Horregatik, ibarreko udalei katalogoaren kopia bana emanen zaie, haiek kontsultatzeko aukera eta euren herrietan zerbait antolatu nahi badute, erraztasun guztiak izanen dituzte.

Beraz, artxiboa bizi eginen da.
Gure kezka hori nola bideratu ere bazen. Bururatu zitzaigun ideia izan zen diru-laguntza txiki bat sortzea, urtero banatuko dena. Aurten ez, berandu gabiltza. Baina heldu den urteko garagarriletik aurrera Altsasuko Udalak beka bat sortuko du eta haren helburua izanen da artxibo horren inguruko lanak egitea. Artxibo bizia izanen da. Gutxienez, urtean behin buelta bat emanen zaio zerbait ateratzeko.

Horrek ez du esan nahi, beste jende batzuk, beste diru-laguntza batzuk edo euren borondatez, nahi dutelako ezer eginen ez denik. Baimena eskatuta edonor joan daiteke artxibora. Baina ziurtatuta dago, gutxienez, urtean behin artxibo horri astindu bat emanen zaiola.

Kontsultarako iturri bilakatuko dira, beraz?
Horretarako dago artxiboa. Altsasuko Udalean baimena eskatu beharko du. Katalogoa ere emanen zaio. Nahi badu Altsasukoa, nahi badu beste herri batekoa… datu basean klikatu eta aterako zaio zenbat lan dauden urte edo herri jakinetakoak. Lan fisikoetara joan, jaso eta irakurri edo entzun. Beste helburu bat, epe ertainera, lan guztien digitalizazioa litzateke. Hori udalaren zeregina litzateke.

300 bat elkarrizketa eginda. Ikasleak bai. Iturriak gelditzen dira?
Gero eta gutxiago. Horregatik, proiektu honekin segitzeko litekeena da gaia aldatu behar izatea. Hasierako frankismoa bizi izan zen jendea oso zahar dago jada, oso gutxi gelditzen dira eta gelditzen diren asko eta asko elkarrizketatu ditugu. Segituz gero, gaia aldatuko genuke. Beste proposamen batzuk daude: garai bateko eta egungo migrazioa; trantsizioa; euskararen inguruko kontuak, baina horrek mugatuko digu…  Ahozko historia oso interesgarria iruditzen zaigu. Segitzen  oso interesatuta gaude. Ziurrenik gaiari buelta bat eman beharko genioke.

Segida izanen duelako?
Hori da asmoa.

Institutuaren ahozkotasun proiektuak sariak eta aipamenak jaso ditu. Horrekin ere uztartzen da.
Ahozkotasunak ikasleen espresioa lantzen du. Proiektu honek espresioen jasotzea lantzen du. Osagarriak dira. Ahozkotasunean murgilduta dauden beste irakasleekin kontaktuan nago. Oso proiektu interesgarria da ahozkotasunarena. Nafarroan sariak jaso ditu. Horrek esan nahi du institutu honetan gauzak mugitzen direla, ez dela soilik lau hormen artean klaseak ematea. Saiatzen gara Sakanarekin eta ingurukoekin loturak sortzen, eta pixka bat integratzen bai institutua ibarraren bizitzan bai Sakanaren bizitza institutuan.

Erlazionatuak

Frankismoari buruzko emari handiko iturria, eskura

Altsasu

Altsasuko institutuko ikasleek ibarreko adinduei egindako elkarrizketak eta sortutako txostenak Altsasuko Udalaren esku utzi ditu. Beka deialdia eg...