1. Zer da Errekaleor?
50. hamarkadan Gasteizen sortu zen auzo langilea. Langile klaseko familiendako sortu zen, Espainiako beste tokietatik etortzen hasi ziren familiendako. 196 etxebizitza 16 eraikinetan. Etxe umilak ziren, baina auzo bizia zen. Euren ekimenez hainbat zerbitzu sortu zituzten: zinema, gizarte etxea... baina hiritik nahiko aparte dago eta denborarekin uzten joan zen. 2002an Udalak hiria hedatzeko proiektua onartu zuen, eta asmo berriek, besteak beste, Errekaleorri eragiten zieten. Horrela, marginalizio prozesuan sartu zen auzoa, utzikerian. Udalak, 21 Zabalgunea udal hirigintza agentziaren bidez, Errekaleorreko etxeak hustutzeko plan bat hasi zuen. Hasiera batean ezetz esan zuten auzokideek, ez zutela bertatik mugitu nahi, baina presioa sartzeko auzoa zokoratu eta abandonatzen hasi ziren eta etxeen mantenuan eta halakoetan nabaritzen hasi zen. Horrela, bizilagun batzuk alde egin zuten, baina beste batzuk hor jarraitu zuten. 2008an Udalak errekaleor eraisteko proiektua onartu zuen eta 2010ean bertan gelditzen ziren 49 bizilagunei etzebizitzak desjabetzeko proiektua eskatu zuen.
2.Ikasle talde batek Errekaleorrera jo zuen, ezta?
Bai. Ikasle talde bat, 10 inguru, Errekaleorreko 26. atarian sartu zen. Ikusi zuten auzoak potentziala zuela. Hasieratik, auzokideen artean eta Errekaleor Bizirik proiektuan gaudenon artean harreman ona egon da. Guk egiten dugun apustua da auzoari bizia ematea, berpiztea, bizi ezberdin bat ematea.
3.Zein distantziara dago Gasteiztik?
Zentrotik 20 minutu inguru bizikletan. Hiri garraio zerbitzurik ez du. Lehen bazegoen baina duela urte batzuk kendu zuten, auzoa geroz eta gehiago ahultzeko.
4.Zein da egoera, egun?
Une honetan auzo guztia espropiatuta dago, desjabetuta. 21 Zabalgunea udal hirigintza agentziarena da. Bertan bizi garenok, betiko etxebizitzen jabeak ere, okupak gara. Nire kasuan, kanpoan egon naiz ikasten eta bueltan, urtarrilean hasi nintzen bertan bizitzen. Baina aurretik banekien bertara etorriko nintzela eta auzoko bizitzan parte hartzen nuen.
5. Duela gutxi argindarra kendu dizuete. Zuek auzoa abandonatzeko eta desjabetze prozesua estutzeko da hori?
Esaten dute segurtasunagatik egin dutela argi mozketa, baina inondik inora. Guk gure segurtasuna zaintzen dugu, gure elektrizitateak segurtasun kontrolak gainditzen zituen. Jende aditua dago gurekin lanean. Udaletxea ez da etorri ere zuzenean ikustera. Gure etxebizitzak ez direla seguruak esan dute bertatik pasatu gabe, baina ez da hala. Eta borroka honetan gaude.
6. Nola dira etxeak?
Etxe xumeak dira, ezin da ukatu, urte hauetan mantentze lan batzuk ez dituztenez jaso, oraindik xumeago. Baina garrantzia eman diogu horri, errehabilitatu ditugu, konpondu ditugu eta hor gaude bizitzen. Gure kasuan, gure blokean komunitatean bizi gara, elkarrekin egiten dugu bizitza. Beste batzuk modu pribatuan bizi dira, bakoitza bere etxean.
Horretaz gain, frontoia dugu, Gasteizko bigarren handiena dena; okindegi bat, guk autogestionatua, baina orain ez, argirik gabe gaudelako; gaztetxea, tabernatxoarekin, kontzertuak, ikastaroak eta beste antolatzeko; zinema; gizarte etxe bat, bertan haur eskola dago eta euskara klaseak eta beste eskaintzen ditugu eta baratza ekologiko handi bat.
7.Errekaleorren zein asmo dauka Udalak? Beste etxebizitza batzuk jasotzea?
Plan ezberdinak egon izan dira. Hasiera batean, 2006an, bertan 332 etxebizitza eraikitzeko proiektua onartu zuen udalak, baina krisiaren ondoren... Gaur egun, Gasteizen famatua den Eraztun Berdearen aitzakia erabiliz, esaten dutena da Errekaleorren baratza ekologikoak egin nahi dituztela, eta horrekin Eraztun Berdea bukatu nahi dutela. Baina guk uste dugu atzean espekulazio mota bat dagoela. Gure etxeak bota hau baratza ekologikoak egiteko.... urte dexente behar dira horretarako, ezin dituzu baratza ekologikoak nahi duzun tokitan jarri. Lurra berria ekarri behar duzu, gastua izugarria izango litzateke... Guk uste dugu bertan etxebizitzak jasotzeko aukera hor egongo dela, Salburuan gertatu den bezala.
Salburua Eraztun Berdearen ondoko auzoa da, Eraztun Berdea berez eragozten zuena, baina beraiek ez dute molestatzen eta guk bai.
8. Argi indar faltaren arazoa konpontzeko zer egingo duzue?
Eguzki plakak jartzeko egitasmo bat martxan dugu. Plan bat egin dugu, gure energia beharrak zeintzuk diren aztertu eta zenbat plaka behar ditugun kalkulatuko dugu. Ondoren, plaka horien erosketa finantzatzeko crowfunding kanpaina bat egingo dugu interneten, diru bilketa egiteko. Helburua auzoa energetikoki guztiz autosufizientea edo subiraua izatea da, Iberdrolaren eta beste multinazionalen menpe ez egoteko.
9. Auzoa hustutzeko asmoarekin aurrera jarraituko du Udalak?
Urtaran alkateak desjabetzearekin mehatxatu gaitu, baina zalantzak ditugu. Guk aurrera jarraituko dugu gure proiektua oso indartsua dela sinisten dugulako, oraindik ere gauzak lortu daitezkeela. Beste bizimodu bat eskaintzen dugu eta energetikoki subirauak izatea lortzen badugu, kristona litzateke. Europa hegoaldean halako proiekturik, energetikoki guztiz subiraua den auzo baten proiekturik, ez da existitzen.
10.Gasteizko udal bilkurako idazkaritzak erabaki du Errekaleorreko argiteri publikoaren hornidura berrezarri behar dela.
Bai. EHBilduk, Podemosek eta Irabazik gure alde egin dute, eta alde horretatik laguntzen ari gaituzte. Izan ere, argiteri publikoa kendu digute, ez bakarrik gure etxeetakoa. Udalak egin duena ilegala da, ezin du hiriko auzo bat argi publikorik gabe utzi. Auzo guztia ilunpetan utzi dute eta gauean segurtasun falta dago, puntu beltz bat bihurtu da Errekaleor. Orain gauean segurtasun txandak egiten ditugu, lapurretak eta beste motako erasoak ekiditeko.
11.Larunbaterako manifestazioa deitu duzue.
Bai. Ez dugu soilik Errekaleorren aldeko manifestazioa izatea nahi, herri mugimendu osoa defendatzeko bilkura bat izatea izan nahi dugu, Errekaleor herri mugimenduaren baitan dagoelako. Lelo nagusia: Guk argi daukagu, Herria bizirik! izango da, eta hortik aurrera kolektibo eta mugimendu bakoitza bere leloarekin eta aldarrikapenekin joango da. Erakutsi nahi duguna da herria elkarturik dagoela, indartsu dagoela. 17:30ean abiatuko da, Andra Mari Zuri plazatik. Zutabe ezberdinak egongo dira eta amaiera Errekaleor auzoan izango da, ekitalditxo batekin.