1. Zer ikasi zenuen?
Bilbon Arte Ederrak ikasten hasi nintzen. Ikusi nuen gehiago zaletasuna zela eta, esan nuen: Iruñera etortzen gara. Gizarte Zientzietan, beti horietan mugitu naiz. Soziologia eta Gizarte Lanaren artean nengoen. Gizarte Lana aukeratu nuen. Azkeneko urtea. Graduatu gara. Gradu Akaberako Lana entregatu dugu eta, orain, memoria, praktikena.
2. Non ari zara ikasten?
Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
3. Zergatik Gizarte Lana?
Egia esan, nire ustez dena dago elkar lotuta Gizarte Zientzietan. Klaro, alor desberdinak daudela. Baina Gizarte Lanan kutsu hori, pixka bat hezitzea eta bizia den bide horretan laguntzea, zerbait polita iruditzen zitzaidan. Eta Gizarte Lanaren barruan desberdinak diren beste alorrak badaude ere. Aukera handi bat zuen eta nire burua horretara egokituago ikusten nuen, ni naizenarengatik gehien bat.
4. Ikasketetan praktikak, ezta?
Graduak lau urtekoak dira eta azkeneko bi urtetan praktikak. 3. mailako praktikak ordu gehiago dira. Orokorrak dira. 360 ordu direla uste dut. Nik aukeratu nuen Altsasu institutuan. Gizarte Lana institutuetan sartzeko proiektu pilotu bat dago eta hor parte hartu nuen. Esperientzia oso ona. Pila bat ikasten duzu. Oraindik bide asko dago egiteko hor.
5. Eta azkenekoan?
4. mailan, pena ematen du, baina praktika ordu gutxiago dira: 200 ordu. Nik daukadan familia bizitzagatik, gertukotasuna beste kulturekin eta horrela, beti oso eroso sentitu naiz. Gainera, oso irekia naiz. Jendearekin harremanak izateko ez daukat arazo handirik normalean. Eta esan nuen: Sakanan, niri gustatzen zaidan arlo bat eta behar bada karreran oso ukituta ez dudana: Sakanako Mankomunitatearen Anitzartean, kulturartekotasun zerbitzua.
Suertea izan dut tutore bikaina izan dudala, ikaragarrizko praktikak egiten utzi dit. Aurtengo 200 orduak ez dakit zenbatetan bilakatu diren; kontua galdu dut.
6. Zertarako dira praktikak?
Teorikoki hau sortuta dago, nire ustez, zuk lan mundua zer den ikusteko. Hori hobe landu beharra dago. Tokatzen zaizun praktika zentro edo zerbitzuaren arabera asko ere ez duzu ikusten. Unibertsitateko ikasle bat izaten segitzen duzu, bigarren maila batean dagoena, pixka bat, ulergarria den moduan. Hemen lan mundua benetan zer den ikusteko aukera izan dut. Antolatu, gauzak zerotik egiten hasi… dena azkenean. Ez dela bulego batean egotea, jendearekin, kalean egon behar da.
7. Zuen lanarekin hori tokatzen zaizu, ezta?
Horixe. Hori da zerbitzutik gehien gustatzen zaidana, ez dela zerbait inpertsonala; zuzeneko kontaktua daukazu; jendearekin erlazionatzen zara, erlazioak sortzen dituzu eta oso aberasgarria eta polita da. Zaila den bezala gero Sakanan dagoen moduko aniztasuna kudeatzea.
8. Aurrena Mank-en atarian jo beharko zenuen?
Egia esan, unibertsitateak metodologia aldatu du. Lehen noten araberakoa zen, orain autohautagaitzaren bitartez; notak bere garrantzia ere bazuen. Nahi zenuen lau zentro desberdinetara autohautagaitzak bidali behar genituen. Pixka bat zure burua saltzen. Nere Gradu Akaberako Lana Sakanako Gizarte Zerbitzuetan dilema etikoen ingurukoa da. Zerbitzuko teknikariei eta hau egitea nahi nuela komentatzen, esan zidaten oso suerte ona izan nuela. Esan nuen: bada, orduan, ni hona buruz heldu naiz. Mank-en ere familiako bat badut lanean, ez da zerbait ezezaguna. Sakanan, badakizu, dena ondoan dugu.
9. 200 ordu egin behar zenituen…
Egi esan, harrapatu dut momentu batean ekintza pila bat, gauza pila bat egiten ari zirela. Justo sentsibilizazio kanpaina erdian. Eta barruraino sartu nintzen. Esan nuen: hemen nagoenez, ni ere ari naiz proposamenak botatzen, ez dut hau maki utzi behar. Ekainera arte, esan nuen. Galdetu nion nire tutoreari, Bego Zestau Baraibarri, eta gero galdetu nion nire unibertsitateko tutoreari eta, arazorik gabe, esan zidan.
10. Noiz hasi zinen?
Otsailean hasi behar nuen, baina gestioak eta beste, martxoan hasi nintzen.
11. Zer egin duzu Anitzartean, kulturartekotasun zerbitzuan?
Sentsibilizazio kanpainaren barruan, esloganarekin egin diren euritakoak eta 3 urteen ikastetxeetan banatu. Egunen antolaketan, bigarren eskuko azoka Irurtzunen, munduko arrozak, kulturartekotasun astea sortu bitartean… Arte Ederrak ikasi ditudanez, bada, sormen horrek balio izan dit logoak, kartelak eta beste egiteko. Gauza asko ukitu ditut. Egia esan ez naiz aspertu ezta momentu batean ere.
12. Ikasi duzuna zuk praktikatutakoarekin lotura izan du?
Ikasleek esaten duguna da hori. Nire ikaskideekin hitz eginda, aurreko esperientziekin eta… azkenean unibertsitateak marko teoriko bat ematen dizu, garai batean idatzi dena. Gero, ateratzen zarenean, nahiz eta zuk ikastean badakizun errealitatea horrela ez dela… Hor ere egoten dira gero irakasleekin eta errietatxoak. Esaten diezu: baina hau gero errealitatean ez da horrela izan behar; esan egia. Azkenean, dena egokitu egin beharko da. Beste zenbait aspektu, emozionalagoak direnak, erlazioenak, pertsonekin zuzeneko harremanena, landu. Ez gelditu hain teorikoan.
13. Zerbitzuan aritu zaren denboran zer ikasi duzu?
Gauza asko. Denetatik. Gehienbat, ni naizenarekin, nire nerbioak, oso azelerada naiz ni, pixka bat lasaiago egotea. Jende bati hitz egiteko orduan zenbait aspektu hobetzea. Ahozko komunikazioa ez dena gehiago.
14. Sakanako beste errealitate batzuk ezagutzea tokatu zaizu, ezta?
Bai, bai. Herri batera joaten zarenean eta herri barruko dinamikak ikusten dituzunean, elkar nola erlazionatzen diren eta zer-nola dagoen herri bizia, oso kuriosoa da. Ez nekizkien gauza batzuk ikasi ditut. Indar asko dago.
15. Mank-eko zerbitzu txikiena da Anitzartean.
Exakto. Eta bertatik lan asko egiten da. Ez nuen pentsa. Hasten zarenean bere tripak eta barruak ikusten, esaten duzu: zer lan dagoen atzean. Eta zerbitzu txikitxo batek zenbat gauza kudeatzen dituen.
16. Uste dut aurreneko bekaduna zarela, ezta?
Bai. Egia esan aurreneko bekaduna izan naiz bai 3. bai 4. mailetako praktiketan. Kanpotik ezagutzen dudanez, profesionalki ezagutzera orain!
17. Begok eskuzabalik hartuko zuen laguntza, ez?
Egia esan, ikaragarria. Izan dudan tutorerik onenetako bat eta asko ikasi dut. Aukera hori ematea pila bat eskertuko diot.
18. Praktikak eta gero, zer?
Alor honetan trebatzen, behar bada, gizarte hezitzaile bezala, zerbaitetan. Baina zerbait soziala, jendearekin harremanetan egotea, gauzak egiten… Balio soziala izatea.