ETAk bere jarduna utzi zuela bost urte bete zirenean, euskal presoen eta iheslarien egoerarekin kezka duten 31 langilek Ireki mugimendua sortu zuten. Diotenez, "gatazka armatua izan duten munduko beste tokietan behin betiko su etena izan ondoren, presoak etxera itzuli dira, eta iheslariak euren etxeetara itzuli dira". Munduan barnako makina bat adibidek “erakusten digute giza arrazoietatik haratago, badela bakea finkatzeko eta biolentzia ez itzultzeko nahiko arrazoi kartzelak hustutzeko”. Preso eta iheslariak etxeratzeko modu desberdinak daudela azaldu dute: “guztiak batera, epeka, legediak aldatuz edo aldatu gabe”.
Irekiko kideek “langile munduak historikoki erakutsi duen eragite gaitasunaz baliatu nahi dugu helburu horretan laguntzeko”. Lantokiz lantoki sinadura bilketari ekin zioten. Sakanan dagoeneko 1.000tik gora jaso dituzte. Sakandarrei sinadura emateko dei egitearekin batera, hilaren 17an, 12:30ean, Gasteizen eginen den manifestazioan parte hartzeko eskatu diete. Hara joateko autobusak antolatu dira; izena ohiko tokitan eman daiteke, 5 eurotan.