Herri galdeketak garagarrilaren 18an

Gure Esku Dagok parte hartzeko deia egin du

Guaixe 2017ko eka. 18a, 16:38

Gure Esku Dagok (GED) eguerdian Altsasun egin duen ekitaldian “parte hartzeko eta botoa emateko” deia egin dute, “erabakitzeko eskubidea dugulako eta herritarron garaia delako”. Aldi berean, Nafarroako beste eskualdeak animatu nahi izan dituzte “erabakiaren bidean murgiltzeko”. GEDeko kideendako galdeketek “demokrazian sakontzen eta burujabeago izaten laguntzen dute. Azken batean, etorkizuna erabakitzea denoi dagokigu, denon artean egin behar dugu”.

GEDtik adierazi dute galdeketen olatu nafarra esanahi “berezia” duela nafarrendako: “Nafarroa Garaian estatus politikoa zehaztu zenean, herritarrok ezin izan genuen zuzenean erabaki. Ukatu egin zitzaigun Foru Hobekuntza botatzeko aukera. Gaur, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera pasako gara, sinistuz herritarron hitza aintzat hartzea eta hautestontziak kalera ateratzea dela bidea, herri baten etorkizun politikoa erabakitzeko”.

Prozesuaz
Herritarrek estatus politikoari buruzko iritzia botoaren bidez adierazteko aukera herritarrek “ireki” dutela eta herritarrak “ahaldundu” egin direla nabarmendu dute. Azaldu dute nola galdeketa egunera iristeko “maila guztietan bateratzailea izan den parte hartze prozesua” egin duten. Botoa emanez herritarrak “erabakitzen” ari direla eta “ilusio handiz, Nafarroan ere erabakiaren aroa zabaltzeko gogoz” daudela gaineratu dute GEDtik.

Galdeketa ekarri duen prozesua “aberatsa” izan dela nabarmendu dute eta horren adierazle “herrietan adostutako galdera desberdinak” jarri dituzte. “Olatu nafar honetako galderekin galdeketen prozesu orokorra aberastu” dutela uste dute. Galdera desberdinak izanda ere guztietan bi kontzeptu nagusi daudela gaztigatu dute: “nafartasuna eta burujabetasuna. Nafarroa osorako balio tuten zutabeak dira, Nafarroako eremu guztietan erabaki ahal izateko eta burujabe izateko borondatearekin bat egiten dutenak”.

GEDek eguerdian Altsasun antolatutako ekitaldian Zelai Nikolasekin batera, taldeko hainbat kide eta begirale moduan etorri diren Mungiako bi ordezkari, Kataluniako ANCko ordezkariak, Gerard Gomez Junts pel Siko diputatua eta Joan Coma Vic-eko CUPeko zinegotzia izan dira. Olatzagutian ziren bazkaltzekoak. Herri bazkari horretan 115 pertsona elkartu dira, Urdiainen 180 eta Ziordian 80. Ohiko hedabideez aparte, Feroe uharteko kazetari bat ari da Nafarroako herri galdeketen jarraipena egiten.

Datuak
166, gaurkoekin egindako galdeketak.
24, galdeketa egiten ari diren herri nafarrak.
26, herri horietan zabaldutako hautestontziak.
27.000, gaur boto eskubidea duten nafarrek.