Kolaborazio proiektua egin dute Logroño eta Etxarriko ikasleek

Guaixe 2017ko eka. 22a, 18:19
San Donato eskolako LH 5eko ikasleak asteleheneko aurkezpenean.

Haur Hezkuntzako 5. mailako ikasleak hiru urtetarako kolaborazio proiektuko lehen emaitza aurkeztu dute
Hezkuntza Departamentuak Samsumng smart school programan parte hartzeko eskaintzari baiezkoa eman zion San Donato eskola publikoko klaustroak irailean. Eta astelehenean, kultur etxean, ikasturte honetan egindako lana aurkeztu zuten jendaurrean.

Ana Mazkiaran zuzendariak azaldu digunez, "ikasleek garatu beharreko ezagutzak teknologia berrien bidez garatu dituzte". Izan ere, programarekin batera irakasleek trebakuntza, telebista berezi bat eta ikaslek tablet bana jaso baitzuten eta hura izan dute lanabes proiektua egiteko. Oihana Urdangarin ikasketa buruak azaldu digunez, aurreko urtean proiektua ikastetxean bertan egin bazuten, aurten kolaboratiboa izatean beste ikastetxe batekin edo birekin egin behar zela. Logroñoko Gral Espartero aritu dira, antzeko gaia landu behar zutelako. Lanketan etwinning plataforma lagungarri izan zaie.

"Iragana eta oraina elkartu" dituzte proiektuan, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez lan eginez. Lehenik, ni eskoletako ikasleak elkar ezagutu zuten. Ondoren, hezkuntza, kirola, festak gaiak  eta egin beharreko galderak lotu zituzten. Guztia aplikazioen laguntzaz. Tabletekin lau senide elkarrizketatu zituzten eta dokumentala egin zuten. Etxeko adinekoen jolasak, kantak eta beste ere ikasi zituzten. Garai batekoa egungoarekin alderatu eta ondorioak atera behar izan zituzten. Logroñokoek ulertzeko sakandarrek azpidatziak jarri behar izan zituzten dokumentalean. Argazkiak eta musika ere partekatu zuten. Ikasleek elkarrekin lan egiten ikasi dutela nabarmendu dute.