Hizketan

“Aurreikuspen onak ditugu eta 6.718 boluntario lortzeko moduan egonen gara”

Alfredo Alvaro Igoa 2017ko eka. 30a, 11:00

Xochitl Karasatorre eta Aitor Agirrezabal XX. Hatortxu Rock-eko bozeramaileak.

1. Boluntarioak antolatutako bi musika jailadi besterik ez ditut ezagutzen: Iparraldeko Euskal Herria Zuzenean eta Hatortxu Rock. Zuek?
Xochitl. Ez.
Aitor. Nik ezta ere. Euskal Herrian musika jaialdi txiki asko antolatu izan dira, baina tamaina honetakoak, behintzat ez.

2. Zergatik horrela, boluntarioekin?
X. Hasteko, kontutan izan beharko da gure herrian auzolana izan dela gure altxorra. Aspaldidanik izan dugun gure altxorra. Eta mantendu beharrekoa, nahiz eta orain, agian, beherantz egin, mantentzen dugu eta hau da horren adibide oso potolo bat. Gainera, jaialdiaren helburua kontutan hartu beharko dugu: senideei dispertsioaren zama arintzea. Jendeak helburu horen atzean dauden nahiak lagundu nahi izaten du. Horregatik, auzolanaren bidez egiten dugu. Denak boluntarioak gara.

3. Boluntarioekin antolatzen 19 aldiko esperientzia duzue, ezta?
A. Bai. Hau Berriozarko frontoi batean izandako kontzertu txiki hasi zen 1999an. Lau lagun elkartu zirelako hau antolatzeko. Ikusi dugu nola auzolanaren bitartez eta urteen poderioz hazten joan den. Azkenean iritsi gara 20. edizio honetara auzolan horri esker. Urte hauetan guztietan milaka eta milaka lagunek egindako lanari esker. Azkenean, Hatortxu Rock, ziurrenik, Euskal Herriko jaialdi handienetako batean bihurtu da. Hori nabarmendu behar da. Dena auzolanari esker. Gutxika-gutxika jende askok egin duen lanari esker. Nik uste horrek erakusten duela herri honetan elkartzen garenean eta norbanako asko elkartzen garenean gauza handiak lortu ahal ditugula.

4. Zenbat jende behar da 4 eguneko jaialdi bat antolatzeko?
X. Asko. Duela gutxi atera genuen zenbakia: 6.718. Hori jende asko da. Orain arte, egun bakarrekoa denean, 600 inguru behar dira. Hori lortzen dugu. Orain erronka handia dugu aurretik, baina lortuko dugu.

5. 6.718. Erraz esaten da, ez?
A. Bai. Azkenean, gu hau antolatzen hasi ginetik zerbait errepikatu badugu da Euskal Herriak sekula ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena izanen dela. Normalean antolatzen dugun Hatortxu erronka handi bat bada; azkenean, 600 pertsona martxan, lanean jartzea, erronka handia baldin bada, 6.718 jada kristoren erronka da. Horregatik, deialdia askoz ere anitzagoa, zabalagoa izaten ari da. Hatortxu normal batean lan egiten dugun gehienak nafarrak gara. Oraingo honetan deialdia nazio mailakoa izaten ari da. Txandak Euskal Herri guztitik etorriko dira. Horrela bakarrik lortuko dugu zifra hori.

6. Auzolan erraldoia. Zein lanetan?
X. Lan handia dugu. Bihar muntaiarekin hasiko gara. Beraz, animatzeko deialdia egiten dugu. Horretaz aparte, egonen dira sukaldea, barra, kontzertuan bertan, garbiketa, segurtasuna, desmuntaia…

7. 6.718 pertsona. Momentuz ez dituzue, ezta?
A. Ez. Lan horretan ari gara. Egia esan, guk ere zenbaki hori ikusi genuenean izan zen: ostia! Ea nola iristen garen zenbaki horretara. Egia esan hasiera-hasieratik jendearen erantzuna oso ona izan da. Jendea izena ematen eta harremanetan jartzen ari da. Bai web orriaren, bai sare sozialen, bai ingurukoren baten bidez. Zenbaki hori lortzeko bidean gaudela uste dugu. Erronka handia da, baina hari gara. Aurreikuspen onak ditugu eta zenbaki hori lortzeko moduan egonen gara.

8. Boluntario etorri nahi duenak zehaztu dezake eguna eta ordua?
X. Uztailean muntaiarekin hasiko gara. Dugun eskaintza da gosaria, bazkari-afariak eta lo egiteko tokia. Etorri zaitezke egun bat, aste bat, koadrilarekin, familiarekin… nahi duzuna. Bihartik aurrera hasiko gara.

A. Jaialdiaren egunetako txandak markatuagoak daude. 6 ordutakoak izanen dira. Jendeak idazten digu eta esaten digu, esaterako, ostiral arratsaldean egin dezakegu eta 10 lagun gara. Aukera horiek  koadratzen dugu, puzzle handi bat eginez.  

9. Opor garaian antolatzean, aukera edo traba da?
X. Bai, guretako ere, lan pila bat dugu. Eta, aparte, beste gauza batzuk ditugu, baina, tira. Denen artean, azkenean, moldatu gaitezke, tartetxoren bat atera eta…

A. Horretaz aparte, oporretarako plana izan daiteke. Ez duzu zergatik oporretara ez dakit nora joan beharrik. Hatotxu Rock 20, horrelako formatuan, horrelako tamainarekin bat izanen da. Beraz, oporretarako plan ona izan daitekeela uste dugu.

10. Jaialdirako 4 aste falta dira. Zer moduz antolakuntza?
X. Ongi. Pixka bat urduri. Geroz eta lan gehiago dago. Baina gogotsu eta ilusio handiarekin.

11. Sanferminak antolakuntzan kalte eginen dizuete. Etena izanen dira, edo ez?
A. Nire kasuan aurten kasik sanferminik ez da egonen. Badakigu erronka berezia dela, behin eginen duguna eta, berriz, horrelako tamainan behintzat, errepikatu nahi ez duguna, eta, beno, aurten sanferminak sakrifikatu behar badira, sakrifikatuko dira. Baina, bai, arrazoi duzu; badakigu non bizi  garen, Nafarroan, sanfermin garaian, badirudi mundua gelditu egiten dela. Ulertzen dugu gauza batzuetarako zailtasunak sortuko dizkigula. Baina, horregatik, hasiko gara bihartik lanean. Muntaian garaiz ibiltzeko. Egun horietan ulertzen dugulako erritmoa moteldu daitekeela. Baina uztailaren 15etik aurrera, jendea, berriz ere, topera egon dadila, sanfermin guztietako ajeak hemen pasatzeko.

12. Musika jaialdia, baina igandekoa, publiko guztiari zuzenduta, ezta?
X. Kontzertuak ere hala dira. Gainera, adinez nagusi direnak lagundutako 12 urtetik beherakoak  doan sartzeko aukera izanen dute. Eta, igandean, bai, familia guztiarendako zabaldu nahi dugu formatua. Ekitaldi nazionala izanen da. Baina, horretaz aparte, egonen dira, esaterako: Porrotx, Huntza… halakoak. Deialdia egiten dugu denak etorri eta egun handi eta polit bat egiteko.

13. Ikastetxeek antolatzen duten festen antza du igandeko horrek, ezta?
A. Bai, formatua horren antzekoa izan daiteke. Ostegunetik larunbatera musika jaialdia izanen da eta, bai, igandean, formatu desberdin batean izanen da. Zer lortu nahi dugu horrekin? Igandean dispertsioaren kontrako ekitaldi nazionala izanen da eta jendetsua izatea nahi dugu. Mahai gainean benetako kolpe bat izatea nahi dugu. Eta, horretarako deialdia askoz ere zabalagoa izan behar zuela ulertzen genuen. Hori da nahi duguna: familiak haur txikiekin etortzea, jende heldua… Askotan jendeak Hatortxu Rock gazteekin lotzen du, parrandarekin, bakarrik zarata eta musikarekin. Igande horretan, garilaren 30 horretan, jende guztiarendako deialdi zabalagoa eta anitzagoa egin nahi dugu. Jende guztia animatu Euskal Herri guztitik dispertsioaren kontra benetako pauso bat eta benetako orroa egitea hemen, Lakuntzan.

14. Zein da Hatortxu Rocken erronka?
X. Dispertsioarekin bukatzea da gure helburu nagusia. Azkenean, beti ekitaldiak eta halakoak egiten dira, baina guk musikaren bidez pauso bat eman nahi dugu.

A. Dispertsioak bizirik dirauen bitartean horrek suposatzen dituen gastuak arintzea, neurri batean, eta horrekin segituko dugu dispertsioa bukatu arte. Hatortxu Rock 20 hau berezia da, handiagoa da, benetan uste dugulako badela garaia Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuaren ondorio horiek gainditu eta, benetan, dispertsioarekin bukatzeko eta euskal preso politiko, iheslariak eta errefuxiatuak, behingoz eta betiko, etxean bizirik eta aske izateko.

15. Hasi zarete eguraldi iragarpenak begiratzen?
A. Egia esan, ni bai. Astelehenean, esaterako, whatsapp taldean batek garileko azken asteburu horretan azken 10 urteetan izandako eguraldiaren datuak bidali zituen. Denetarik dago. Azkenean lan asko egiten dugu eta kontrolatu ezin dugun bakarra hori da, eta oso gauza garrantzitsua izanen da, seguru.