Hego Euskal Herriko administrazioen eta Sustapen ministerioaren AHTari buruzko bileraren kontura, Sustrai Erakuntza fundazioak gaztigatu du “egungo trenbidearen paralelo litzatekeen beste trenbide bat eraikitzeko asmoa” dutela. “Pertsona eta animalien pasa zailduko lukeen beste hesi bat”. Fundaziotik azaldu dutenez, Ezkioko aukeran 30 km tunel eta guztira 3,2 km-ko luzera luketen 17 zubi aurreikusten dira.
Sustrai Erakuntzakoek nabarmendu dute proposatutako azpiegitura “garestia, premiarik gabekoa eta ingurumenean eragin handikoa” dela. Eta mahai gainean dauden alternatibak 2004koak direla, “beste garai batekoak”. Trenbide berriaren eraikuntza egungoaren mantenuaren eta hobetzearen kaltetan eginen litzatekeela gaineratu dute. Fundaziotik “diru xahutzearen” kontra egin dute.
“Proiektuak iraungiak daude eta ez dute konponbiderik ematen: dagoeneko baditugu Iruñetik Gasteizerako eta Donostiarako tren korridoreak”. Castejon eta Altsasu arteko egungo tren plataforma baliatuz bi trenbide jartzea proposatu du fundazioak (Altsasutik aurrera hala dago). Horrek abiadura 140 km ordutik 160ra pasatzeko aukera emanen lukeela gaineratu du. “Konponbide erraz horrek tren-trafikoa handitzea ahalbidetzen du”. Nazioarteko trenbide zabalerarena hirugarren errailarekin konponduko zela gaineratu dute. Gainera, egun dagoen trenbidea hobetzearen alde egin dute, “Nafarroako eskualdeetako hiritarrei zerbitzua eskainiko dien tren soziala mantentzea beharrezkoa jotzen dugu”.