Aurreko ostegunean abiatu zen Udako Kalera! Martxa Gernikatik. Ezker Abertzaleko Kalera Kalera dinamikak antolatu duen euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko martxa. Zortzi etapatan Lakuntzara iristea da helburua, gaur hasiko den Hatortxu Rock elkartasun jaialdiarekin bat egiteko.
Udako Kalera! eguerdian iritsi da Altsasura. Sortuko Kontseilu Nazionaleko Maite Sabaltzak adierazi duenez, jarraipen polita izan du martxak. “Martxa honen helburua nahiko jakina da: euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen askatasuna aldarrikatzea. Eta esan behar dugu oso pozik gaudela herriz herri martxa honek jaso duen harrerarekin”. Sabaltzak kartzelak husteko garaia dela nabarmendu du. “Uste dugu kartzelak husteko garaia dela, ez betetzekoa. Herri honek ez du errepresio gehiagorik nahi, kartzelaratze gehiagorik nahi. Herri honek nahi eta merezi duena da bakezko eta justiziazko agertoki bat, eta agertoki hori posible izan dadin ezinbestekoa da preso, iheslari eta deportaturik gabeko gizarte bat”.
Indar armatuei alde egiteko eskaria
Altsasun gertatutakoa ere hizpide izan du Sabaltzak. “Duela 9 hilabete hemen Altsasun gertatutakoak argi uzten du Estatuaren estrategia zein den. Estatuaren estrategia armatua da, eta Estatuak, gainera, garbi utzi du estrategia hori aurrera ateratzeko edozein eskubideren eta mugaren gainetik pasatzeko prest dagoela. ETAk bere armak utzi ditu, baina oraindik herri honetan estrategia armatuarekin jarraitzen duten batzuk badaude, salbuespenezko jokabideekin jarraitzen dutenak, eta azken 6 urteetan herri honetan aldaketarik egon ez balitz bezala jarraitzen dutenak jokatzen. Hori onargaitza iruditzen zaigu. Ez da bidezkoa eta ez da bideragarria eta horregatik eskatzen diegu ere indar armatuei Euskal Herritik alde egiteko” azpimarratu du Sortuko Kontseilu Nazionaleko kideak.
Hatortxu Rockekin bat egingo dute
Sabaltzak aipatu du martxan parte-hartzea polita izan dela. “Oso pozik gaude martxan aritu den jende kopuruarekin eta giroarekin. Etxarri Aranatzen bazkaldu ondoren Lakuntzara abiatuko gara. Gure martxari agur esango diogu baina hasiera emango diogu presoekiko elkartasun jaialdi erraldoiari, Hatortxu Rocki. Bi elkartasun ekimenek bat egingo dugu Lakuntzako ekitaldian eta momentu polita izango dela uste dugu” aitortu du Sabaltzak.
Bestalde, Hatortxu Rock ekitaldiaren barruan igandean “Nahikoa da… Etxera!” lelopean ekitaldi nazionala dago deituta, 13:00etan, eta bertan parte hartzeko deia egin du Ezker Abertzaleak.