Otsaportilloko lezeko hitzordua

Guaixe 2017ko ira. 1a, 09:07

Igandean, 12:30ean, eginen da 1936ko estatu kolpearen ondoren eraildakoen omenezko ekitaldia. Joan den urteaz geroztik ibarreko udal guztiek elkarrekin antolatzen dute omenaldia. Ekitaldian antzezpena, musika, auzatea eta beste izanen dira.

Hitz emandakoari segituz, Sakanako udalak elkartu eta elkarrekin antolatu dute Otsaportilloko omenaldia. Aurten ardura Arruazu eta Lakuntzako udalena izan da. Haien bidez udal guztiek sakandarrak “1936ko altxamendu faxistak eraildakoen omenez” eginen den ekitaldian parte hartzera gonbidatu dituzte, igandean, 12:30ean, Otsaportilloko lezean. Omenaldiak faxismoaren aurka, oroimenaren alde leloa du, aurrekoetan bezala. Aurten ekitaldi berezia izango da, Sakanako Udal gehienek hitzarmen bat sinatu dute ekitaldia antolatzeko.

Otsaportilloko lezetik bederatzi pertsonaren hezurdurak atera zituzten Aranzadi zientzia elkarteko kideek joan den urtean. Haietatik soilik lau identifikatu dira.

Hobien mapa
Memoria elkarteek, ikertzaileek eta informatzaile partikularrek emandako informazioetan oinarrituta Nafarroako Gobernuak 1936an jendea non erail zuten jasotzen zuen mapa bat egin zuen: Nafarroako hobien mapa. Hala, gobernuak Memoria Historikoari buruzko 52/2007 Legeak eta 1936ko estatu-kolpe militarrak eragin zuen errepresioaren ondorioz hildako nafarrak aitortzeko eta haien morala ordaintzeko 33/2013 Foru Legeak esandakoa bete zuen.

Foru administrazioak agorrilean jakinarazi zuenez, hobien mapa eguneratu egin du. Haren arabera, ibarrean bost hobi daude: Oskiako txipudia, Murgindueta, Etxarri Aranazko hilerria eta Aritzako basoa eta Altsasun NA-1000 errepidea (N-1 errepide zaharreko 401 km), Gipuzkoako mugatik gertu. Azken horretan prospekzioa egin dute, gainontzekoetan ez. Horietaz aparte beste bost hobi Urbasan daude: Urbasako saroiko eta Otsaportilloko lezeak (induskatuta) eta Ordotz eta Basauntziturriko lezeak (aztertu gabe). Lau leze horiez gainera Ubaba (balcon de Pilatos) dago hobien mapan. Interneteko tresna horrek toki bakoitzean zein hil zuten, nongoa zen eta zein erakundeko kide zen jakinarazten du.

Loturak:
https://guaixe.eus/sakana/1472567144896-otsoportilloko-omenaldia-elkarlanean-antolatuko-da
https://guaixe.eus/sakana/1472747331436-otsoportillo-elkarlanean
https://guaixe.eus/sakana/1490100453933-otsoportilloko-omenaldiak-badu-antolakuntzarako-hitzarmena
https://guaixe.eus/bereziak/otsoportilloko-lezean-indusketa