Oskia, Murgindueta, Lizarrusti, Utzubar, Aritzalko, Sorozarreta, Otsaportilloko, Ordozko, Basauntziturriko eta Saroiko lezeak eta Ubaba Sakanako memoria-tokiak dira, Iberorekin batera. Horietan guztietan sakandarrak hil zituzten 1936ko estatu kolpearen ondoren. Eta haiek guztiak gogoan Otsaportillo Sakanan gerran zehar egon ziren biktima guztien memoriaren eta erreparazioaren topaleku sinboliko eta enblematikotzat hartu da, "bertan dauden guztiak sakandarrak ez diren arren eta Sakanako biktima guztiak bertan ez daudela jakinda".
Orduko hartan eraildako guztien omenez ekitaldi bateratua antolatu zuten Sakanako udalek, ibarreko memoria taldeekin eta biktimen senideekin batera, Otsaportillon igandean. Arruazuko eta Lakuntzako Udalen ardura izan zen aurtengo omenaldiaren aurkezpena. Haien izenean Ainara Martinek, Arruazuko zinegotziak, eta Patxi Xabier Razkinek, Lakuntzako alkateak hartu zuten hitza. Nabarmendu zutenez, "historia-memoria gure herriaren etorkizuna eraikitzeko ezinbestekoa da, hau bizi-bizi mantendu eta gure arbasoen idealak eta askatasun ametsak gure egitea". Historia memoria belaunalditik belaunaldira pasatzeko beharra azpimarratu zuten: "gure gurasoek eta gure aiton-amonek hasierako mugimenduak eman zituzten. Gure seme-alabek ondorengo urratsak emango dituzte, ez dugulako memoria saltzen utziko. Gure arbasoen izatea transmititzea, helaraztea, gure senide maitagarriak presente izatea eta bizia eman zutenen sinesmen eta ideien biziraupena bermatzea gure jomugaren parte dira".
Beraz, urtero Otsaportillora edo edozein egunetan goian aipatutako memoria-tokietara bueltatzeko deia egin zuten, "nork bere erara, bidegabeki eraildako pertsona maiteak betirako bizirik mantenduko ditugu".
Antzeztuz, kantatuz, dantzatuz
Udal ordezkariek aipatutako belaunaldien arteko historia-memoriaren transmisioa antzezpen bidez irudikatu zuten. Trenez herrira bueltan doazen ama-alabaren arteko elkarrizketaren bidez, herrira heltzean amonak aitonaren erailketaren berri eman ondoren.
Lurrak berak, ere hitza hartu zuen, garrak atera ziren lezetik, hitz egiteko garaia zela adieraziz: "egia argitara ateratzeko: apurtutako gorpuak bidali dizkidate, etorkizuna ukatu zitzaiena. Senideak zain daude. Lurrera behartuta, indarkeriaz, agurtu gabe, minez iritsi ziren. Haien nahiak eta aukerak ukatu eta zapuztu zituzten". Lurrak haien memoria mantentzeko bete beharra aldarrikatu zuen. Eta udal ordezkariek esandakoaren ildotik, eraildako hainbatenak izan zitezkeen esanak entzun ziren, bestek beste: "lasai noa, ez dut ezer txarrik egin. Nire hiltzaileek ezin dute gauza bera esan; oroitzen gaituzuen artean bizirik izanen gara; haien ikasketak segitzeko". Aitortza, justizia, egia eta oroimena eskatu eta aldarrikatu zuten eta memoria taldeen lana aitortu ere. Martin Larrazak eta Patxi Xabier Razkinek, gitarrak lagunduta, memoriaren gaitzat duten hiru kantu abestu zituzten ondoren.
Inoiz baino gehiago bildu zen publikoa Otsaportillon dagoen oroigarrian. Haietako asko aulkitik jaso eta krabelin gorriak utzi zituzten lezearen aho ondoan. Dantzariek ere aurreskua dantzatu ondoren lore sorta utzi zuten ere.
Ekitaldian izan ziren Sakanako udaletako ordezkariak, Sartagudakoa, Unai Hualde (Geroa Bai) eta David Anaut (EH Bildu) parlamentariak eta Nafarroako Gobernuko Ana Ollo kontseilaria, Alvaro Baraibar (Bake eta Bizikidetza zuzendaria) eta Josemi Gaston (Historia Memoriako zuzendaria) izan ziren.