Ostiraletik larunbaterako gauean bakarren batek uztarria eta geziak bitan pintatu zituen. Bata eskulturan eta bestea haren oinean dagoen zizelkatutako harrian. Gainera eskulturan "oraindik gehiagorentzako lekua dago" mezua gaztelaniaz idatzi zuen. Guztia Otsaportilloko lezeko eskulturan. Hara bisitan joandako familia batek Foruzaingoari gertakariaren berri eman zion. Natur parkeko basozainak arduratu ziren eskulturatik pintaketak ezabatzeaz.
Jose Ramon Andaren eskulturak jaso duen antzeko bigarren erasoa izan da. Aurrekoa 2010eko azaroaren 3ko gauean izan zen. Orduko hartan Espainiako banderak eta mehatxuzko hainbat mezu idatzi zituzten: Gora Espainia, sasikume putoak; Zuen erruz negar egin zuten ama guztien partez eta Dagoeneko ezin da bakerik egon, gerra galdu zenutelako, lehertu behar zaituztet.
Baina gezi eta uztarri faxistak beste bitan agertu dira margotuta Sakanan. 2009ko agorrilaren 20an Arbizun egindakoa zegoen. Orduko Arbizuko alkatearen eta hiru zinegotziren izenak eta haien kontrako heriotza mehatxuak (“orain zelatan, bihar hilko zaituztegu”) agertu ziren idatzita Arbizuko udaletxeko fatxadan. Aldamenean Falangeren logotipoa eta “Otsaportillo 1936. Gora Barandalla!” idazkia zeuden. Gerora Falange y Tradición taldeak bere gain hartu zituen Euskal Herrian egindako 25 eraso, baina zerrendatu gabe. Urte hartako lastailaren 23an atxilotu zituzten taldeko bost kideak. Mehatxu delituagatik Jose Ignacio Irustari bi urteko espetxe zigorra eta Javier Lopez Monreali eta Borja Perez Illerari urte eta erdikoa jarri zieten.
Ikur horiek azkenekoz, joan den urteko azaroaren 7ko goizaldean margotu zituzten Altsasun, gazteen eta guadia civilen artean ferietako liskarra gertatu zen tokiaren pareko tabernan hain zuzen ere. Orduan geziak eta uztarriarekin batera honako testua idatzi zuten: “Pikoletokin aise, falangekin kasu” esaldia pintatu zituzten.
Salaketa
Erasoaren berri izan bezain laster Sakanako udalek "tinko"salatu dute "Jose Ramon Andaren eskulturan faxistek egindako erasoa, biktimak eta euren familiak iraintzen dituelako, eta askatasunaren eta elkarbizitzaren alde lanean ari diren eragileak inpunitate osoz mehatxatzen dituelako".
Nafarroako Gobernuak Ana Ollo kontseilariaren bidez "onartezintzat" jo zuen erasoa. Geroa Baik gaineratu du halako erasoek "Frankismoaren errepresioa pairatu zutenen mina eta oinazea areagotzen dutela". EH Bildutik erasogileei "historia-memoriarekiko errespetu falta" egotzi zieten eta memoria horren berreskurapenean segitzeko deia luzatu zuten.
Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak aho batez erakunde-adierazpena onartu du, zeinetan erasoagatik "nahigabea" azaldu eta "guztiz ukatzen" duela esaten den. Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileek Batzordeak gainerau duenez, halako erasoek Nafarroako gizartean tokirik ez dutela gaztigatu dute. "Halako gertaera bandalikoek frankismoko biktimendako iraina dira". Nafarroako Parlamentuak "historia-memoriarekin duen konpromisoa berretsi du.
Bestalde, Falange Vasconavarra delako erakundeak sare sozialen bidez jakinarazi du euren iraileko bilera Altsasun eginen dutela. Ferietako liskarraren ondoren taberna batean egindako pintaketa faxisten argazkia laguntzen du bere mezua.