Udaletako ordezkariak euskara ikasteko kanpainarekin bat

Guaixe 2017ko ira. 20a, 18:22
Sakanako hautetsiak euskaltegian izena emateko deia egiten.

Nafarroako Gobernuak eta Sakanako Mankomunitatea eta beste 31 toki erakundek, euskaltegiekin elkarlanean, helduek euskara ikas dezaten bultzatzeko kanpaina bateratua aurkeztu zuten irailaren hasieran. Sakanako udaletako ordezkariek ere kanpainarekin bat egin dute. Disfruta en el euskaltegi, gozatu euskara goiburuarekin, irailean euskaltegietan izena ematera bultzatzen da kanpaina honetan.

Kanpainaren helburua da Nafarroako helduak animatzea euskara ikasten has daitezen edo ikasten segi dezaten, irailean irekitzen den matrikulaldia aprobetxatuz. Eta, gehienbat, bi alderdi azpimarratu nahi dira: batetik, euskarak kulturaz eta harreman sozial eta laboralen esparru osoaz gozatzeko ematen dituen aukerak, eta, bestetik, euskaltegiak eta ingurune sozial euskaldunak pertsonari ikaskuntza arrakastaz bukatzeko ematen dion laguntza.

Eskaintza zabala Sakanan bertan
Sakanatik atera gabe, euskara ikasteko aukera eskaintzen du AEK-ren Itsasi euskaltegiak. Dagoeneko 18 euskara talde daude. Altsasun maila guztietako taldeak daude. Irurtzunen, Arruazun eta Etxarri Aranatzen ere badaude taldeak. Autoikaskuntzaren aukera ere badago. Oraindik ere bada izena emateko aukera. Informazio gehiago: 948 468 258 telefonoan edo sakana@aek.eus helbidean.

Edozein arrazoirengatik Sakanak euskara ikasi ezin dutenek Nafarroan hogeita hamar euskaltegi baino gehiago dituzte, urtetan metatutako esperientzia zabala eta askotariko metodologia dutenak. Halaber, asko dira modalitate eta klase-erritmo presentzialak nola autoikaskuntza programak, helduen beharrei eta ikasteko duten denborei malgutasunez egokituak. Euskaltegiei eta diru-laguntzei buruzko informazio gehiago aurkitu daiteke www.euskaraikasi.nafarroa.eus eta www.aprendeeuskera.navarra.es webguneetan.

Mank-en diru-laguntza: matrikularen % 50
Sakanako Mankomunitateak euskara ikasleendako diru-laguntzak ematen ditu. Bi baldintza nagusi bete behar dira: Sakanako udalerri batean erroldatuta egotea eta % gutxienez 80ko asistentzia ziurtatzea. Diru-laguntza matrikularen % 50 ingurukoa izaten da. Diru-laguntza-eskaerak ikasturte bukaeran aurkeztu behar dira, ekainetik uztailera. Gainera, Sakanako udal batzuek ere diru-laguntzak ematen dizkiete euskara ikasleei.

Kanpainako bideoa hemen ikusgai.

 

Erlazionatuak