Gobernuak Nafarroako trenbide-ardatzari buruzko informazio-saioa antolatu du

Guaixe 2017ko ira. 27a, 08:14

Altsasun izanen da, gaur, 18:30ean, Iortia kultur gunean. Nafarroako Gobernuak trenbide-ardatzari buruzko gizarte-eztabaida prozesuaren barruko saioa da. Foru administrazioaren informazioa sarean eskuragarri dago: www.corredorferroviario.navarra.es.

Herrialdeko trenbide-ardatzeko herri nagusiek, Altsasu barne, hartuko dute Nafarroako Gobernuak antolatutako informazio-saioak. Horietako lehena herenegun egin zen Iruñean. Saio horietan Foru Gobernuak proiektu horri buruz bildu duen informazio guztia herritarrei eman nahi die. Hitza hartzen lehena Manu Aierdi ekonomia lehendakariordea izanen da. Berak Nafarroako trenbide-korridorearen proiektuari buruzko laburpen exekutiboa eman die. Ondoren, azalpenak emateko txanda izanen da, publikoak informazio gehiago edo argibideak eskatzeko; baita beraien iritzia emateko ere.

Nafarroako Gobernuak trenbide-ardatzari buruzko informaziorako eta gizarte-eztabaidarako web bat www.corredorferroviario.navarra.es sortu du. Han gobernuak trenbide-korridoreari buruz bildu duen informazio guztia (laburpen exekutiboa eta 23 eranskin) kontsultatu eta deskarga daiteke. Horretaz aparte, herritarrek proiektu honi buruzko ekarpenak egiteko aukera ere ematen du, horiek erantzuteko emateko konpromisoarekin. Informaziorako eta gizarte-eztabaidarako lehen fase honetan, lastailaren 16ra arte egin ahal izango dituzte ekarpenak herritarrek.

Erlazionatuak