Tokiko Maparen berrantolaketa aspaldiko eskaera da Nafarroan. Zergatik?
Bestelako toki egitura bat aspaldi eskatzen zen, udalak, kontzejuak eta udalez gaindiko erakundeak antolatzeko eta berrantolatzeko. Gehiegi direlako. Hor bitartekoen eta diruaren galera bat dago. Gauzak pixka bat hobe antolatuta ziurrenik funtzionamendua askoz hobea izanen litzateke. Hori da gure azken helburua: dena berregin. Teknikoki tokiko planta esaten diogu. Beste tokiko planta bat antolatzea Nafarroa osorako.
Tokiko planta horren oinarrian zer dago?
Guk, lehenbizi, eskumenen birbanaketa egiten dugu. Hau da, eskumenak dira entitate publiko bakoitzak herritarrei begira zein lan egin behar dituen ezartzen dutenak. Esaterako, zeinek zaindu behar duen uraren hornidura, saneamendu sareen mantenua, argiteria, kultur jarduerak, hondakinen bilketa… Horiek guztiak toki erakundeek egiten dituzte. Baina toki erakunde asko dauzkagu Nafarroan. Alde batetik, kontzejuak beren eskumenekin, gero udalak, bere eskumenekin eta batzuetan ez dago argi zein den norena; bestetik, mankomunitateak ditugu. Eta horien artean batzuk dira ur hornidurakoak, beste batzuk hondakinen bilketakoak, beste batzuk gizarte zerbitzuetakoak, beste batzuk euskara, kultura edo kirolekoak… Hau da, guk zehaztu nahi dugu, printzipioz, entitate bakoitzak zein lan egin behar duen. Hori ongi banatuz gero, kontzejuak eta udalak errespetatuko genituzke. Baina mankomunitate denak desagertuko dira. Gaur egun Nafarroan dauden udalez gaindiko 100 egitura horietatik bakarrik 11 utziko ditugu. 11 toki entitate handi horiek eskualdeak izanen lirateke. Kasu honetan Sakana eskualde bat izanen litzateke.
Beraz, kontzejuak eta udalek segituko lukete, baina ibarreko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen hiru mankomunitateak eta Sakanako Mankomunitatea desagertuko litzateke.
Hori da. Baina zerbitzua ez da desagertzen. Egitura desagertzen da, baina dena integratzen da beste egitura bakar eta handiago batean, eskualdea izenekoa. Zerbitzu guztiak handik bideratuko lirateke. Gaur egun mankomunitateetan dauden zerbitzu guztiak gehi beste batzuk eskualdetik emanen lirateke.
Eskualdean bat eginen lukete Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Sakanako Mankomunitatearen zerbitzu guztiak, ezta?
Hala da. Gerentzia bakar batekin eta antolaketa bakar batekin. Horrek jasoko lituzke orain mankomunitateetan dauden langile guztiak eta ondare, aberastasun eta diru guztiak eta eskualdetik berrantolatuko lirateke.
Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean ez dira soilik Sakanarako lanean ari. Banatu egin beharko da?
Gaur egungo egiturak askotan ez du zentzu handirik. Irurtzun aldeko mankomunitatean Imotz aldeko udal batzuk daude, Itza aldeko beste batzuk eta gero Sakanakoak (Irurtzundik Arruazura). Guk nahi dugu Irurtzundik Ziordiraino denak eskualde bakarrean sartzea, eta gizarte zerbitzuak, besteak beste, lurralde horretarako antolatu. Beraz, besteak dagozkien eskualdeetan integratuko lirateke, ez lirateke Sakanakoak izanen. Beraz, mankomunitate horren gaur egungo lurraldea zatituko litzateke.
Proposamenak zein harrera izan du Sakanako eragileen artean?
Legegintzaldia hasi bezain pronto hasi ginen lan honekin. Orduz geroztik parte hartze prozesu luze eta zabal bat egin dugu. Hitz egin dugu Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioarekin. Toki guztietan bilerak egin ditugu, Sakanan ere, noski, azaltzeko zein den gure helburua, nola ikusten duten… Printzipioz Sakanan ikusten dugu nahiko ongi antolatutako tokia dela. Baditu bere mugak, jakina. Alde batetik, geografikoki oso ongi definituta dago, Aralar eta Urbasa-Andia Satrustegi mendiek eta gero Irurtzun alde batetik eta Arabako muga bestaldetik; lurraldea oso ongi markatzen dute. Salbuespen batzuk ditugu: Ergoiena, Arakilgo hainbat herri… Ez dira kasu zailak, eta nire ustez nahiko ongi hartuko lituzkete zerbitzuak komunean jartzea Sakanako beste herriekin batera. Nik uste dut Sakanan ez dela arazo handirik egonen. Arazo batzuk egonen dira toki guztietan. Badakizu mudantza egiten duzunean beti arazoren bat opatzen duzula. Baina epe ertainean onurak askoz ere handiagoak izanen dira, dudarik gabe, zerbitzuari begira, populazioari begira, kalteak baino.
Zertan da tokiko planta horren berritzea?
Bi urteko parte hartze prozesua egin dugu toki entitateekin eta udal hautetsiekin. Orain alderdi politikoekin negoziatzen ari gara. Lege proposamena badugu eta orain adostu behar da, Parlamentura eramaten duzunean onartuko dutela segurtatzeko. Horrek ñabardura asko sartzera behartzen gaitu, zeren politikan alderdi bakoitzak bere ikuspegia du. Hau, printzipioz, alderdi guztiak ez badira, gehienak onartzea nahiko genuke. Uste dugu benetan gauza ona dela guztiondako. Baina, gutxienez, segurtatu gehiengo bat duela Parlamentuan. Horretan gaude, negoziaketa fasean.
Noiz iritsiko da Parlamentura? Noiz gauzatuko da toki planta berria?
Lege proiektua, ni ia ziur naiz, Parlamentuan urtea bukatu aurretik sartuko dela. Parlamentuan bere deliberazio prozedura du. Bi-hiru hilabeteko kontua. Gehienez jota datorren udaberrirako onartuta izanen dugu. Jakina, legea onartuz gero prozesua etorriko zaigu gainera, eskualdeak sortzeko eta orain indarrean dauden entitate horiek desagertzeko edo aldaketa egiteko. Eta hori luze izanen da. Hori luzea eta arazoekin izanen da. Baina, beno.
Toki planta ezarrita, tokiko erakundeak Nafarroako Gobernuaren aurrean eskale sentitzen segituko dute?
Lehen aipatu dizut eskumenen banaketa berri bat etorriko dela; egitura berri baten definizioa. Baina, badago hirugarren ardatz bat: finantziazio berri bat. Orain arte udalak beti sentitu izan dira foru gobernuaren azpiko elementu bezala. Hori ez da horrela. Bi erakunde desberdinak dira, baina bat ez da bestea baino gehiago. Nafarroako Gobernua ez da, nolabait, bestearen gainean dagoen erakunde bat. Ez da bere aita. Ez da bere ama. Ez da deus ere. Besteari askatasuna utzi behar dio. Guk finantzazio eredu horretan askatasun askoz gehiago ematen diegu udalei, beren kaxa erabakitzeko dagokien diruarekin zer egin. Diru banaketa justuago bat proposatzen ari gara. Baina, ziurrenik, hitzaldiren bat emanen dugu Sakanan, tokatzen denean. Guk nahiko genuke kontu hau guztia, zaila eta konplexua izan arren, gutxienez, jendeak, interesa duenak, behintzat, uler dezala, eta informatzeko aukera izan dezala.