Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Babestutako Gizarte Enplegu proiektua da Iturraskarri. Haren bidez trebatzen diren pertsonak komunitatearendako onuragarriak diren lanak egiten dituzte, esaterako: bideak, askak, garbitokiak eta bertako ondarearen adierazle direnak zaharberritzen edo txukuntzen dituzte. Bertako ondareari balioa eman eta turismoa sustatzeko balio du haien lanak.
Egindako lan guztia ezagutarazteko mankomunitateak, besteak beste, lan horiek hartzen dituzten bost mendi ibilbide antolatu zituen. Aurreneko biak Arruazu eta Egiarreta eta Egiarreta Errotz artekoak izan ziren. Larraun aldean beste bi irteera egin ondoren, Irurtzunen hasi eta bukatzen den mendi irteera batekin despedituko da Iturraskarri ibilaldien egutegia. Latasa, Eraso, Zarrantz, Aginaga, Aizkorbe eta Irurtzun lotuko ditu 09:00etan, Irurtzungo plazatik abiatuko den martxak. Bidean ibiltariek egindako lanari buruzko azalpenak jasoko dituzte eta, akaberan, auzatea izanen dute. Orain arteko ibilaldiak giro onean egin dira. Parte hartzeari dagokionez, batzuk besteak baino jendetsuagoak izan dira. Eguraldiak irteera bakar batean ez zuen lagundu. Baina askok errepikatzeko gogoz gelditu dira.
Bide babesleak Iturraskarriko arduradunek 170 km-ko bide sarea egoera onean mantendu nahi dute. Horretarako, konpromiso erraz bat hartuko duten 35 babesle lortu nahi dituzte. Haien egitekoa aukeratutako bide zatian urtean behin buelta bat ematea eta hura zein egoeratan dagoen jakinaraztea da. Hau da, margo-markak berritu behar diren, zuhaitzen bat erori den, lurra erori den edota sasiak kendu behar diren esatea.