Egunotan lau t´erdiko txapelketako final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldia jokatzen ari da. Partida bat Altsasuko ferietan jokatuko da, gaur, ostiralean, 22:00etan, Burunda pilotalekuan (ETB1). Hain zuzen ere, kaiolako txapelketan dugun ordezkari bakarrak, Joseba Ezkurdia arbizuarrak, Iñaki Artola izango du arerio. Material aukeraketa astearte arratsaldean egin zuten, Martin Alustiza material hautatzailea bertan zela, inolako arazorik gabe.
Txapelketako final zortzirenetako kanporaketan Ezkurdiak Mendizabal III.a menpean hartu zuen, 11 eta 22. Artolak, ordea, gehiago sufritu behar izan zuen Unai Laso menpean hartzeko. Bi pilotariak konfiantzarekin daude eta kaiolako final laurdenetako ligaxka ongi hastea garrantzitsua dela nabarmendu zuten material aukeraketan
Materialarekin “gustura”
Arbizukoak berehala aukeratu zuen materiala. “Ikusitako materialarekin pozik eta gustura nago. Azkar aukeratu ditut pilotak, ez dut dudarik izan. Hori seinale ona da, alde batetik” azaldu zuen Ezkurdiak. Gaurko partida “zaila” izango dela nabarmendu zuen. “Partida zaila izango da. Iñaki fisikoki oso ongi dago, arerio gogorra da. Eta oso deserosoa. Lasoren kontrako asteleheneko partida gogorra izan zen, eta Iñakik ongi jokatu zuen. Badakit irabaztea nahi baldin badut gauzak oso ongi egin beharko ditudala eta nire jokoa egin beharko dudala, Iñaki erritmoa ezartzera aterako baita hasieratik. Gogoekin nago, ongi nago, eskuetatik ere ongi nabil, fisikoki ongi ikusten naiz eta hori inportantea da. Buruz ere ongi ikusten naiz, animotsu, gauzak egiteko gogoekin, konfiantzarekin... ea lortzen dugun” aitortu zuen Arbizuko aurrelariak.
Ezkurdiak adierazi digunez, irailean hasi zen lau t´erdia prestatzeko entrenamenduekin. Udako partidak erritmoa, konfiantza eta txispa hartzeko ongi etortzen direla aipatu zuen “bestela, asko deskonektatzen bada, gero komeriak”. Etxean jokatzearekin ere pozik azaldu zen. “Altsasuko frontoia ez da beste batzuk bezain noblea, estraño batzuk egiten ditu, baina askotan jokatu dut hemen, gustura, herritik gertu, eta jende ezagun askorekin. Horregatik gustura aterako naiz eta ea partida on bat egiten dugun” gaineratu zuen.
Lau t´erdiko ligaxkako beste partidei dagokienez, atzo Bengoetxea VI.ak eta Olaizola II.ak jokatu zuten Iruñean, Victor eta Elezkano II.aren arteko partida larunbatean erabakiko da Ezkarain eta Urrutikoetxea eta Altuna III.a igandean lehiatuko dira, Lekunberrin.
Altsasuko sarrerak
Gaurko Altsasuko pilota jaialdirako sarrerak erreserbatzeko 661 259 009 telefonora hots egin behar da. Bestela, partidaren egunean bertan erosi ahalko dira Burundako txarteldegian.
Altsasuko pilota jaialdia
Ostiralean, 22:00etan, Burunda pilotalekuan (ETB1)
Retegi Bi-Zabaleta / Jaka-Rezusta
Lau t´erdiko txapelketa: Ezkurdia-Artola