“Ongi dauden enpresen barruan lanpostuak seguruagoak direla kooperatibetan”

Guaixe 2017ko urr. 12a, 18:56

Mikel Gaita, Sakanako Garapen Agentziako industria eta energia arduraduna. SGA gizarte ekonomiari buruzko jardunaldia antolatu zuen Lakuntzan atzo.  Ekonomia mota horren inguruan eta jardunaldiak emandakoaz azalpenak eman dizkigu arduradunetako batek.

Zer da gizarte ekonomia?
Gizarte ekonomia edo ekonomia sozialeko enpresak dira bere baitan printzipio eta ezaugarri batzuk betetzen dituztenak. Ezagunenak kooperatibak dira, baina beste asko daude: elkarteak, fundazioak, lan-enpresak eta abar. Ezaugarri batzuk bete behar dituzte: euren bazkideak zein diren, jasotzen dituzten etekinak nola inbertitzen diren… Baina ezagunena kooperatibismoa da, elkarren arteko kooperazioa eta kolaborazioa.

Sakanan kooperatibak badaude, bestelakoak ere?
Bai. Kooperatibak dira ezagunenak eta Sakanan baditugu garrantzitsuak. Gehien bat industria arloan, handiak eta potenteak. Lan-enpresak edo Lan-sozietate anonimoak badaude, baina haien ezaugarriak ezezagunagoak dira.

Gizarte-ekonomiari buruzko jardunaldiaren helburua zein zen?
Lehenik eta behin, gizarte-ekonomiaren ezagutza zabaltzea zen. Horretarako, ANELek (Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen elkartea) gizarte ekonomia zer den, nondik heldu den, zein ezaugarri dituen eta zein enpresa biltzen dituen azaldu zuen. Esan ziguten duela 10 urte Nafarroan eratzen ziren enpresetatik bakarrik % 3 zirela gizarte-ekonomian aritzen zirela eta, gaur egun, % 10 inguru direla. Geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari dela. Gero, gizarte-ekonomian aritzen diren enpresen adibideak izan genituen. Etxarri Aranazko Esekikoek kontatu ziguten nola haien jaiotzatik  uste zuten kooperatiba bat sortzea ona zela beraiendako, eta zergatik. Azaldu zieten hasiera zaila eta traba ugari izan zituztela, baina jarduera horretan urte batzuk pasa eta gero krisia etorri zenean hura ekiditeko oso lagungarria izan zela. Enpresa bat direnaren ikuspegia galdu gabe, eta enpresa bezala jokatu behar dutela, garrantzitsuena dela haien baloreak eta ideiak mantentzea: nola inbertitzen diren berriz etekinak enpresan, bazkide kopurua mantendu behar dela, ordainketa sistema nola antolatzen den… Eta hori guztia tokiko garapen ikuspegiarekin. Sakanakoak direla eta ibarrean bere eragina hedatu nahi dutela.

Sakanako Plan Estrategikoaren barruan industria sustatzeko gizarte-ekonomia tresna egokia izan daiteke, ezta?
Jakina. Badakigu azken urte hauetan Sakanan industriak nolakoak pasa dituen. Jardunaldian beste esperientziek azaldu zigutena da nahiko egonkorrak diren kooperatibak direla. Argi utzi zuten kooperatiba izateagatik lana ez dagoela seguru inoiz, enpresak ongi egin behar duela. Baina ongi dauden enpresen barruan lanpostuak seguruagoak direla kooperatiben barruan, duten gizarte ikuspegi horregatik. Tokiko garapen ikuspegi horri ere garrantzia eman zioten. Basaburuan Ernezu kooperatibak garatu duen proiektua adibidez: Jauntsarasen tabernarik eta dendarik gabe gelditu ziren. Udalak eraikin bat zuen eta tokiko kooperatiba bat eratu zen taberna eta denda kudeatzeko. Horrek lanpostuak sortzea eta mantentzea ahalbidetu du, jendea herrietan mantentzea eta, azkenean, eskualdeak aurrera egitea.

Jardunaldiaren zer moduzko balorazioa egin duzue?
Uste dugu proiektu eta ideia interesgarriak jorratu zirela. Arlo desberdinetako proiektuak ekartzen saiatu ginen, sektore desberdinak kontuan hartuz. Izan genuen Esekin, industrian ari dena;  Goiener, kooperatibaren ikuspegitik haien energia kudeaketa azaldu zuena; Ernaizu, merkataritza eta zerbitzuetan aritzen dena eta Hiritik-at kooperatiba, lehen sektoreak proiektu kooperatiboak sustatzeko erabiltzen dituzten tresnak azaldu zituena. Pozik gaude sektore guztietara heltzea lortu genuelako. Eta ikusi dugulako sektore guztietan gizarte-ekonomiako proiektua sortu daitezkeela.

SGAn arlo hau eta beste batzuk lantzen segituko duzuela pentsatzekoa da.
Jakina. Ikusten diogun garrantzia dela eta gizarte-ekonomiarekin segituko dugu. Jardunaldiko azkeneko atala talde dinamika bat izan zen zeinetan saiatu ginen identifikatzen herrietan sortu daitezkeen horrelako proiektuak, ikusita zein behar eta zein aukera dituzten. Beraz, ildo horretatik segituko dugu.