750 bat traktorek pasa dute Ibilgailuen Azterketa Teknikoa

Guaixe 2017ko urr. 20a, 08:37

Koldo Perkaz, IATko langilea. Urtero bezala, lastailean, ziklomotorren eta nekazaritzarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) egiten da. Zeregin horretan ari da Sakanan aldamenean dugun Koldo Perkaz.

750 bat traktorek pasa dute Ibilgailuen Azterketa Teknikoa
Zein da IATren  helburua?
Parkea errepideetan ongi ibiltzea. Eta ikustea arazorik ez dutela. Segurtasuna, azken batean.

Zeinen ardura da IAT hau antolatzea, Nafarroako Gobernuarena edo estatuarena?
Gu Nafarroako Gobernuko Industriatik bidaltzen gaituzte. Haiek esandakoa egiten dugu. Baina estatuan IAT pasatu beharra dago.

Zergatik egiten da herrietan eta ez IATko estazioetan?
Ibilbideetan ezer ez gertatzeko. Edozein katxarro zaharrarekin errepideetan ez ibiltzeko, pentsatu genuen herriz herri ibiltzea. Jende heldua ere bada, eta ez mugitzeko. IAT ibiltari bat dugunez, bada, herriz-herri ibili eta gutxiena molestatu.  

Sakanan zenbat nekazari ibilgailu ikuskatu dituzue?
Sakanan etortzen direnak 750 inguru izaten dira. Parkea zenbat izanen den ez dakit.

Zer gertatuko litzaioke IAT pasatu ez duen gidari hori harrapatzen badute?
Isuna. Hori ziur. Istripu bat izanez gero arazoak hasten dira; aseguruak direla eta bestelakoak.

Zer ikuskatzen da nekazari ibilgailuetan?
Argi izan ditzala, ezkerreko ispilua, piruloa, direkzioan lasaiera ez dezala izan eta balaztak.

Gurdiari erreparatzen diozue?
Bai, gurdiari gauza bera: argiak izan ditzala, matrikula, eskuko frenoa eta ez badu ziria jarri, iraulkia, balaztak eta gurpilak.

Eta motorretan?
Argiak, trukatuta ez dagoela ikustea, soinu mugako dezibelioak ez dituela pasatzen, balaztak eta lasaiera ez dezala izan.

Denbora asko behar da IAT pasatzeko?
Denbora itxaron behar dute. Normalean traktorea ongi badago, erraz pasatzen da. Baina gauzekin hasten bada, ba ongi azaldu behar da nola konpondu eta hori guztia.

IAT egitera etorri eta pasatzen ez duen ibilgailuen kasuan zer gertatzen da?
Gertatzen da. Konpondu egin behar du. Beste egun apropos batean etortzen gara. Bezperan hots egiten diegu eta ea konpondu duen ikusten dugu. Ez du beste herriren batera joaten ibili beharrik. Etxean ikusten dugu.

Kosturik badu?
Behin ordainduta, bigarren aldia ez da ordaintzen.

Zer nolako nekazari ibilgailu parkea dugu Sakanan?
Denetarik dago. Batzuk baratzean ibiltzen dute. Ez dute urte guztian ukitzen. Nahiko zaharrak, baina ez dute ukitzen. Gero ukuilu handi horiek nahiko berria dute. Eta beste batzuk oso xaharrak, denetarik dago.

Horrek esan nahi du?
Kristoren desberdintasuna dagoela. % 40k edo baratzean ibiltzeko edo egurra ekartzeko izanen du, urtean behin ibiltzen duena. Beste horiek egunero ibiltzen dutenak, edo ukuiluan gelditu gabe.

Ostiralean despeditzen duzue Sakanako lana. Zer moduz?
Urtero bezala. Badago jendea nahiko zaintzen duena. Ez du asko ibiltzen. Orduan zaintzen du eta nahiko erraz pasatzen du. Beste batzuk, berriz, asko ibiltzen dute eta beti presaka ibiltzen direnak dena ongi jartzen, gutxienez, IAT pasatzeko.

2018ko lastailean bueltatuko zarete. Bitartean aholkuren bat gidariei?
Kontuz ibiltzeko. Eta kasu egiteko makinaria.