Bego Zestau: “Errefuxiatuei ongi etorria eman eta beste errealitate horiek ezagutzeko aukera izango dugu”

Guaixe 2017ko urr. 26a, 12:00

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuko teknikaria, larunbatean Uharte Arakilen antolatu duten Sakanako Herri Lasterketa-Ongi Etorri errefuxiatuak ekimenari buruz

Zergatik sartu da Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzua Kirol Zerbitzuarekin batera Sakanako Herri Lasterketa antolatzera?
B.Z: Kirol zerbitzuarekin koordinazioa badugulako. Beste ekimen batekin hasi ginen duela urte batzuk, BTT ekimen bat. Eta dugun koordinazio horri esker bagenekien iaz, Lakuntzan burutu zen Sakanako Herri Lasterketarekin batera Osasun Martxa antolatu zela. Aurten oinezko martxak zein gai izan zitekeen hausnartuz, Anitzartean Zerbitzutik beste errealitate batzuen inguruko sentsibilizazioa lantzen denez eta Sakanan errefuxiatuei eta migratuei ongi etorria ematen dien plataforma bat sortu denez, Sakana Harrera Harana, iruditu zitzaigun aukera polita zela Sakanako Herri Lasterketarekin antolatzen den oinezko martxa errefuxiatuen aldeko martxa izatea, “Ongi etorri errefuxiatuak” lelopean, beste errealitate horiek ezagutzeko.

Egitarau osoa antolatu duzue, magia ikuskizuna tartean.
B.Z.: Arratsaldeari toke magiko bat eman nahi genion. Izan dugu esperientzia beste ekimen batzuetan magia ikuskizunak ekartzen, eta errealitate gordina ezagutu behar badugu ere, ilusionismo hori mantendu behar dugula, errealitatea ikuspegi magiko batetik hasiko dugula. Eta arratsaldeko tarte bat ere txikiei eskaini nahi diegulako ere antolatu dugu Maksim magoaren emanaldia.  

Lasterketarekin batera martxa abiatuko da, “Ongi etorri errefuxiatuak” lelopean. Beraiek ere parte hartuko dute?
B.Z.: Martxan ez dakit errefuxiaturen batek euren presentzia konfirmatu duen, baina Uharte Arakilen euren presentzia izango dugu. Martxaren ondotik auzatea izanen da, eta hor errefuxiatuak izango ditugu. Auzate anitza izango da: betiko jakien eskaintzaz gain, Iruñean bizi den Abdul Razak Alyusuf errefuxiatu siriarrak jaki gazia ekarriko du, falafel, garbantzuekin eta beste osagai batzuekin egindakoa, oso goxoa, eta jaki gozoak ere. Eta Uharten bizi den Abderrahim Khlifi marokoarrak Marokoko tea eta haragiz egindako brotxetak ekarriko ditu, guztiok dastatu ditzagun, doan. Iruditzen zaigu bide eraginkor bat dela errealitate ezberdinak aurrez aurre ezagutzeko, protagonisten eskutik, eta beraiekin unetxo bat konpartitzeko.

Eta gero pintxo pote berezia izanen da.
B. Z.: Bai, Mendikoa, Motxalen eta jubilatuetan. Jasotzen den dirua errefuxiatuekin lan egiten duten Sakana Harrera Harana eta HELP-NA suhiltzaileen plataformak laguntzera bideratuko da. Bi plataforma hauek euren postua jarriko dute Uharte Arakilen, eta errefuxiatuen errealitateko argazkiak eta bizipenak ekarriko dituzte, arratsaldean ikusgai izanen direnak. Pintxo potearekin elkartasuna adierazi nahi diegu eta hortik aterako den diru parte bat bi elkarteen artean banatuko da.

Jendea bihar Uharte Arakilera gerturatzea animatuko dugu, ezta?
Bai, jakina! Hurbildu daitezela Uhartera. Ahal duenak korrika egitera, eta ezin duenak oinezko martxa egitera, edo besterik gabe, arratsalde pasa polita egitera. Banaka, bikoteka, familika, lagun artean… guztiak izango dira ongi etorriak! Larunbat arratsaldea giro onean pasako dugu eta, bide batez, errefuxiatuen errealitatea zuzenean ezagutzeko aukera izango dugu.