Satorrak espeleologia taldeko kideak 1979an lezera jaitsi zirenean 10 metro egin zuten behera eta 14 gorpu opatu zituzten (13 gizonezko eta emakumezko bat). Aranzadi zientzia elkartekoak joan den urteko garagarrilaren aurreneko bi larunbatetan lezera sartu zirenean 7,8 metro egin zuten behera eta metalezko kutxan gordeak zeuden hezur guztiak jaso zituzten, zortzi pertsonarenak.
Bitartean zer gertatu zen lezeak sakonera galtzeko eta hezurdurak ez egoteko? Batetik, 1979an Jimeno Juriok eraildakoen inguruan hainbat albiste argitaratu ondoren, lezea profanatu egin zuten. 1982an senideek metalezko kutxa batean sartu zituzten hezurrak, tartean zortzi buruhezur. Bestetik, propio kaskailu pila handi bat bota zuten, arrastoak ezabatzeko.
Pilareko zubian Aranzadi zientzia elkarteko kideak bi metroko altuera eta kono itxura zuen kaskailu pila lezetik atera zuen. Lezearen zoruraino jaitsi nahi zuten kaskailuaren azpian edo artean hezurdura gehiago ote zegoen jakiteko. Lanak emaitza eman du: bi hezurdura eta hezur pila berreskuratu dituzte Aranzadikoek, kaskailu pilaren 0,4 eta 2 metroko sakoneran zeudenak. Beraz, Otsaportilloko lezean gutxienez 11 pertsona erail zituztela ziurtatu dute zientzialariek. Pistola bat eta zenbait bala ere berreskuratu dituzte.
Opatutako hezurrak zeinenak ziren identifikatzeko DNA probak egiten ari dira. Haiek Nafarroako Gobernuak sortutako DNA bankukoekin parekatuko dituzte identifikazioren bat lortu asmoz. Aranzadikoek, gainera, analisi antropologikoa eta patologikoa eginen dute. Ikerketak despeditu ondoren identifikatutako pertsonen hezurrak euren familiei bueltatuko dizkiete.
Egitekoak
Joan den urteko ikerketak bederatzi pertsonaren hezurrak opatzea ekarri zuen. DNA proben bidez haietako lau Francisco San Roman Galbete (Urdiain), Meliton Agirre Lezea (Olatzagutia) eta Domingo eta Francisco San Roman Otxoa anaiak (Ziordia) zirela jakin zen. Saroiko lezean 2015ean egindako azterketaren ondoren Narciso Artola Razkin, Clemente Araña Migel, Paulo Garziandia Arin, Andres Gonzalez eta Antonio Maiza Miranda etxarriarrak identifikatu zituzten. Gerrakoan eraildako senideak dituztenak eta haiek non dauden ez dakitenek Aranzadirekin harremanetan jartzeko eskatu dute zientzia elkartetik. Izan ere, Otsaportilloko lezetik 2016an ateratako bost hezurdura eta Urbasako saroitik 2015ean ateratako bat identifikazio zain daude.